Iruñeko Udalak Alde Zaharreko hiri argiteria LED teknologiara aldatzen jarraituko du azken urteotako ildo estrategikoarekin bat, zeinaren bidez hiriko hainbat kale eta etorbidetako luminarien ordez LED lanparak paratzea bultzatzen ari baita, horrek dakarren diru eta energia aurrezpenarekin eta atmosferara CO2-ren isurpenen murrizketarekin. Aurreikusita dago hurrengo lizitazioan osatzea Alde Zaharrean berritzeko lanak.
Hirian 33.000 argi-puntu daude eta lan hauen ostean, horietako % 16 LED teknologiakoak izanen dira. Lanpara berri horiek ekarriko duten urteko energia-aurrezpen 640.500 KWh-an zenbatetsi da, hau da, guztizkoaren % 4,2, eta 100.000 euro inguru. Horri onura ekologikoa gehitu behar zaio, atmosferara CO2-ren 115 tona gutxiago isurtzea ekar dezakeelako.
Berrikuntza horiek ‘Go Green Iruña’ estrategiaren baitan jasota daude, izan ere, hirian klima-aldaketaren aurka egiten ari diren jarduera guztiak eta datozen urteetakoak biltzen baititu.
Berrikuntza Alde Zaharrean: 33.000 euroko aurrezpena eta CO2-ren 32 Tm gutxiago
Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onetsi du ekimen honen jarraipena Alde Zaharreko 19 kaletako 329 luminaria aldatzea adjudikatuz, 163.614 euroko inbertsioarekin. Lizitazio-prezioak 200.00 euro jotzen zuen. Etralux SA enpresak eginen ditu lanak eta Nafarroako Gobernuak % 100ean finantzatuko ditu.
Proiektu honen bidez 56 KWko instalatutako potentziatik 18 KWko beste batera igaroko da. Urtero 207.000 KW orduko gutxiago kontsumituko dira, eta 33.000 euro inguru aurreztu, udal-inbertsioa 5 urteren buruan berreskuratuz. Gainera, CO2-ren 32 Tm inguru gutxiago isuriko dira atmosferara.
Berrikuntza honetan datza: ‘Pescador’ motako luminarien kanpoko egiturari eustea eta deskarga-teknologiako bloke optikoen ordez LED teknologiako bloke optiko berriak jartzea, Nafarroako Gobernuko Kulturako Zuzendaritza Nagusiko – Vianako Printzea Erakundearen jarraibideak kontuan hartuta.
Berrikuntzak hainbat eremutako etorbide eta parkeetan
Alde Zaharraz gain, hiriko beste eremu batzuetan ere egin dira berrikuntzak, hala nola Agustinos poligonoan; Sanduzelaiko, Nafarroako, Zaragozako eta Gipuzkoako etorbideetan; Buztintxurin eta Atarrabian, eta Txantrea, San Kristobal eta Magdalenako beste kale batzuetan, adibidez. Bideetako lanparak aldatu ziren, ez, ordea, oinezkoendako argiztapen puntu baxuetan, puntu egokienetan esku hartzeko eremu eta ibilbideen azterketa egin ostean.
Kasu horietan, aldaketak Etranorte-SICE ABBEari adjudikatutako kontratuan eskainita zeuden, zeinak 2019ko otsailaren 1ean indarra hartu baitzuen.
Ondoren, azken esku-hartzeak Yamaguchi eta Munduko parkeetan egin dira. Lehenengoan bere 98 argi-puntuak berritu ziren, 68.197 euroko inbertsioarekin eta CO2-ren 11,5 Tm-ko isurpenen murriztearekin. Urtean 10.265 euro aurreztu daitekeela kalkulatu da, 5,9 urteko amortizazio-tartearekin. Munduko parkean inbertsioak 61.306 euro jo zuen eta 7.600 euro urteko aurrezpena aurreikusten zen energia-fakturan.
Alde Zaharreko ‘Pescador’ motakoetan eta ‘Villa’, ‘Fernandina’ edo ‘Munich’ motako beste farol klasiko batzuetan retrofit motako ordezpenak egiten diren bezala (lanpara eta ekipoa), hiriko beste toki batzuetan ia luminaria guztia berritu behar da, euskarria izan ezik. Hautatutako LED eredu motek energia- (% 90 baino gehiago) eta argi-errendimendu optimoa bermatzen duten ezaugarriak dituzte, goiko hemisferiorako gutxieneko isurpenarekin (< % 0,1) eta bideen argiztapen-uniformetasuna mantenduz. LED lanpara baten bizitza baliagarria 80.000 ordutik gorakoa da, ordeztutako lanparena baino ia bost bider gehiago. LED motako argiztapenak erreprodukzio kromatikoa (hau da, objektuen benetako kolorea hautematea) hobetzen du eta instalatutako potentzia % 60ean murriztea ahalbidetzen du, eta ondorioz, energia kontsumoa murriztu egiten du.