Iruñeko Udala aukera batzuk aztertzen ari da Bosch etxe ohiak Berriobeitin zuen fabrikaren orubearen ondoan gaur egun urbanizatu gabe dagoen lurzatia eta inguruan Iruñearen jabetzakoak diren zenbait eremu urbanizatu daitezen. Iruñeko Udalak abian jarri du Berriobeitiko udal-mugartearen mugakide diren bi lurzati urbanizatzeko proiektuaren espedientea, erabilerarik gabeko eremu batean, Iruñeak bultzatzen duen garapenarekin kontrastean. Gaur egun, gune horretan oinezkoendako pasabide bat eratu da, behin-behinekoz gaitua.
Topaketa Gipuzkoako etorbidearen ondoan dagoen Bosch fabrika zaharraren orube berean egin da, eta bertan izan dira Enrique Maya Iruñeko alkatea, Juan Jose Echeverria Hirigintza, Etxebizitza eta Osasuneko zinegotzia, Raúl Julio Bator Berriobeitiko alkatea eta Hirigintza Gerentziako teknikariak. Aztertu diren aukeren artean, espazio horretako udal-mugarteak aldatzea dago.
Iruñeko jarduketak eragiten die 23C etxadiari – Gipuzkoako etorbidetik hurbilen dagoena eta merkataritza-erabilera duena–, eta 24C etxadiari –Artikako mugan, eta azken aldaketaren ondoren, bizitegi-erabilera duena–. Horrela, lehenengoak merkataritza-gune bat har lezake, jada horrelako eremu bat duen hirigintza-garapen mugakideari jarraipena emanez. Bigarrenak bi etxebizitza-bloke hartuko lituzke, eta horien % 70 babes publikokoak izango lirateke, Artikako inguruarekiko kontsonantzia mantenduz, nahiz eta udalerri horretatik hurbilen dagoen zatia urbanizatuta ez egon eta gaurko bileraren arrazoia izan.
Bide berria egin eta mugakideak behar bezala errematatzea
Hasierako onespena jaso duen urbanizazio-proiektuaren helburu nagusia da 23C eta 24c etxadien arteko bide berria gauzatzea, eta Maiatzaren Plazako Amak eta Santos Ochandátegui kaleen eta Gipuzkoako etorbidearen mugakide den espazio publikoari erremate egokia ematea, bai eta lurzatiei etorkizuneko eraikinetarako beharrezkoak diren instalazio guztiak ematea ere. 26.734,75 m2-ko azalera hartzen du, eta aurrekontu orokorra 1.684.095 eurokoa da (BEZik gabe).
26.734 m2 horietatik, GeslurXXI SL 23.274 m2-ren jabe da, eta Iruñeko Udala 2.590 m2-rena. Proiektua sustatzen ari den kudeaketa-hitzarmenaren testuak jasotzen duenez, emandako lursailei dagokien udal-aprobetxamendua (% 10) eta lagapenaren % 10etik datorrena bizitegi-erabilerako bi lurzati eraikigarritan gauzatuko da, bat babes ofizialeko etxebizitzetarako eta bestea prezio tasatuko etxebizitzetarako. Espazio libreak berdegune batean bilduko dira, oinezkoentzako 4.982 m2-ko espazioekin, eta 700 m2-ko zuzkidura publikorako lurzati batekin. Biak 5.682 m2-koak dira. Espazio publikoa osatzen da 9.703 m2-ko ibilgailuentzako eta oinezkoentzako bideekin.