Iruñeko Udala abenduan zehar garbiketa-kanpaina berezi bat egiten ari da Alde Zaharrean, jende gehien biltzen den eta bisitatuena den hiriko eremuetako baten irudia hobetzeko. Ohiko kale-garbiketa lanak egiteaz gain –programatutako ekorketa-ibilbideak, zakarrontzien garbiketa eta kaleak urez eta lanbasaz garbitzea–, hilabete honetan elementu bertikalen (seinaleak), hiri altzarien eta argiteria publikoaren garbiketa-lanak areagotu dira, pegatinak, kartelak eta pintadak eta grafitiak kenduta.
Kanpaina horren berritasun nagusia da atari, etxabe eta horien itxituren gainean ere jarduten ari direla. Abenduaren hasieran, Iruñeko Udalak bizilagunen komunitateei eskutitz bat bidali zien jarduketa-planak azaldu eta behar den baimena eskatzeko garbiketa bertikaleko lan horiek egin ahal izateko fatxadako beheko solairuaren mailako elementuetan, hala nola, atarietan, arotzerietan, pertsianetan eta abarretan, betiere nabarmen hondatuta daudela atzeman denean.
Orain arte, Udalak harrizko fatxadetan egindako pintadak eta jarritako kartelak kendu izan ditu, baina ez du eskurik sartu, mezu oldarkorrak edo mingarriak egon ezean, atarietan, arotzerian, etxabeen itxituretan eta pertsianetan, elementu horietako bakoitzaren bitxitasuna eta berezitasuna dela eta. Abuztuan garbiketa bertikalaren kontratuan egindako aldaketa batek espazio horietan jardutea ahalbidetzen du, Udalak berak egin behar duen baimena eskatzeko eskaeraren ostean bizilagunen komunitatea aurka azaldu ezean.
Iruñeko Udala kartelak eta pintadak/grafitiak ezabatzeko lanak egiten ari da aste hauetan, eskuz, presio altuko ura gehigarriekin proiektatuz edo dagoenaren antza duen tonu bateko pintura aplikatuz. Kontuan hartu beharra dago egiten diren lanek hobekuntza estetiko ‘zuzentzailea’ besterik ez dakartela, tratatutako elementuak lehengoratu edo konpondu gabe. Garbiketa-kanpaina hori garbiketa bertikaleko kontratako teknikariek (Tasubinsa) egiten dute eta ibilgailu hidrogarbitzaile batekin.
Garbiketa-lanen garapena
Garbiketa bertikalari dagokionez, kanpaina aurpegi-garbiketa estetikoa gehien behar zuten kaleetatik hasi zen: Zapatería, Pozoblanco, Udaletxe plaza, Mercaderes, Estafeta, Nagusia, Comedias edo Chapitela, besteak beste, jada auzoko gainontzeko tokietara hedatuz. Hormetan eta fatxadako elementuetan egindako lan horrekin batera, argiteriako udal-elementuetan jarduten ari da, hala nola aginte-zentroetako argi-puntuetan eta armairuetan, zirkulazioko edo turismoko seinale bertikaletan, edo hiri-altzarietako elementuetan, hala nola eserlekuetan eta paperontzietan.
Jarduketa horren ondoren, Eguberriak pasata, Udalak emaitza ebaluatuko du Alde Zaharreko merkatarien elkartearekin eta interesa duten beste entitate batzuekin. Modu horretan etorkizuneko antzeko jarduketen plangintza egiten ahalko da eskuragarri dauden baliabide eta aurrekontuen arabera. Jarduketa horrek jarraipena ematen dio joan den ekainean kartelak kentzeko egindako lan orokorrari, bai eta azaroaren amaieratik Alde Zaharrean ildo horretan egindako ekintzei ere.