Berdeguneak, lorategiak, ezpondak, zuhaitzak eta parterreak prest jartzeko unea heldu da: gero eta gutxiago falta da sanferminetarako, eta gero eta pertsona gehiago daude bide publikoan. 3 lan-brigada aritu ohi dira lanak egiten, baina aste hauetan 5 aritzeko agindu du Iruñeko Udalak; halaber, lan puntual batzuen kasuan, Udala suhiltzaileekin elkarlanean ari da prebentzio-lanetarako, eta elkarlan horri esker, berdeguneetako segurtasuna bermatzen da.
Gainera, egun hauetan saskidun kamioi bat erabiltzen ari dira hiriko hainbat gunetan: altueran lan egiteko aukera ematen du, eta batez ere adaburuetako adar ustel eta narriatuak kentzeko lagungarria da, fenomeno meteorologikoen eraginez lurrera eror ez daitezen. Halaber, lanei esker, beheko adarrak kenduko dituzte: pasealekua oztopatzen dute adar horiek, eta oinezkoendako arriskutsuak izan daitezke. Zuhaitzak Berrikusteko Plan Bereziari jarraikiz egiten ari dira lanak, maiatzaren hasieratik: txandaka egiten dituzte, Compañía plazan, Sarasate paselaekuan, Gazteluko plazan, Taconeran, Basotxoan, Vistabellan eta Karlos III.a Noblearen etorbidean.
Gainera, harresietako ezpondak garbitzen ari dira, segurtasun-arrazoiak direla-eta hesitu aurretik; hala, gune horietan lanak egin behar badira, larrialdi-zerbitzuak erraz sar daitezen. Taconeraren gisako parke historikoetan datorren hilabeteko erdialdetik aurrera jarriko dituzte hesiak: prebentzio-sistema hori babes-sistema eraginkorra da bide publikoan pertsona ugari pilatzen direnean berdeguneak ahalik eta gutxien hondatzeko.
Horrez gain, hormigoi berezia erabiliko da jaietan pertsona gehien izanen dituzten guneetako zuhaitzak babesteko. Material hori erdiguneko txorkoen gainazaleko geruzaren gainean jarriko dute, txiza eta edarien ondorioz Gazteluko plazako eta erdiguneko beste gune batzuetako zuhaitzen lurra busti ez dadin. Halaber, Ziudadelako kanpo-zelaietan hesiak jarriko dituzte gune horiek jaietan zehar jaurtitzen diren su artifizialengandik babesteko. Gune horren barrualdean ere zuhaitzen adarrak kontrolatu eta kentzeko lanak egin zituzten hilabete hasieran.