Europar Batasunak aginduta, administrazio publikoetan egonkortze-prozesuak egin dira, eta horri esker, % 21era egin du behera Iruñeko Udaleko behin-behinekotasunak. 2021ean Espainiako Gobernuak egonkortze-neurriak martxan jartzeko exijitu zuenetik, lehiaketa- eta oposizio-prozesuen bidez, behin-behinekotasuna erdira murriztu da Iruñean, % 40tik egungo % 21era. Egun, 1.443 langile daude plantillan, 285 kontratudun eta 904 funtzionario. Halaber, beste 254 langile lan-kontratudunak dira, gehienak, finkoak.
Azken hiru urteetan, Udalak hogeita hamar bat hautapen-prozesu deitu ditu egonkortze-prozesuak martxan jartzeko aginduarekin bat egiteko: 270 plaza eskaini dira guztira, 41 oposizio-lehiaketa bidez eta 229 merezimendu-lehiaketa bidez, eta hori gutxi balitz, Haur Eskolen Erakunde Autonomoak beste 75 plaza eskaini zituen. Egun ebatzita daude deialdi horiek guztiak, hiru izan ezik: epaiketa-prozesuan daude deialdi horiek, eta 5 plaza eskaintzen dira guztira.
Egonkortze-prozesutik kanpo, beste hautapen-prozesu batzuk ere deitu egin dira 2025ean, behin-behinekotasunak gora egin ez dezan. Ildo horretan, 2026rako, plantilla organikoaren proposamenak hamaika plaza sortzea aurreikusten du, zerbitzuetan gero eta handiagoa den premia asetzeko. Datorren urterako proposamenaren barruan, gizarte-zerbitzuak eta zerbitzu komunitarioak indartuko dira premia horiek asetze aldera. Hain zuzen, sortzeko bidean diren hamaika plazetatik bost Gizarte Ekintzako Alorrerako dira, eta beste bi, Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako eta Kultur Aniztasuneko Alorrerako; hau da, sortuko diren lanpostu guztien % 63. Halaber, lehenengo aldiz, Administrazio Elektronikoko eta Adimen Artifizialeko teknikari izateko plaza bat deituko da.
Bestalde, Udaltzaingoaren soldatak eta Foruzaingoarenak berdintzeko jarduketak eginen dira, Udaltzaingoaren hitzarmena betetze aldera. Azkenik, plaza batzuen izaera aldatuko da: B2 mailako hizkuntza-eskakizuna ezarriko da plantilla organikoaren hamahiru lanpostutan, herritarrei zuzeneko arreta ematearekin lotutako hainbat alorretan.
Gizarte-zerbitzuak eta ekintza komunitarioa indartuko dira
Gizarte Ekintzako Alorraren barruan, plantilla organikoaren proiektuak auzo-unitateen egitura indartzeko proposatzen du, gizarte-arretako baliabide esanguratsuena izan dadin. Horretarako, bi plaza sortzea proposatu da: bat, Arrotxapeko auzo-unitatean gizarte-hezitzaile izateko, eta bestea, Gizarte-zerbitzuen teknikari arduraduna izateko, auzo-unitateen esku-hartzeen kudeaketa eta haien arteko koordinazioa hobetzeko xedez. Era berean, psikologo plaza bat sortuko Emakumeendako Udal Arreta Zerbitzuan lan egiteko. Azkenik, gizarte-langileen bi plaza sortzea planteatu da: lan-araubideko plaza izanen da, % 60ko lanaldikoa, larunbat, igande eta jaiegunetan; hala, gaur egun zerbitzu hori emateko baliatzen den guardia lokalizatuen araubidea ordeztuko da, Etxez Etxeko Arretarako Udal lantaldearen barruan.
Alor horren barruan plaza berriak sortzeaz gain, proiektuan aurreikusitakoaren arabera, gizarte-langileen bost plazatan euskarazko B2 mailako hizkuntza-eskakizuna txertatuko da; dagoeneko hiru plazak dute hizkuntza-eskakizun hori, 89 langilez osatutako plantillaren barruan. Gainera, beste aldaketa hau aurreikusten da: familia-langileen laneko osagarria % 4,55an areagotuko da, eta horrela erantzuna emanen zaie Berdintasun Batzordearen 2025eko txostenean islatutako eskakizunei.
Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako eta Kultur Aniztasuneko Alorraren barruan, herritarren parte-hartze eta kohesioarekin lotutako ekintzak sendotzeko honako hau proposatu da: euskarazko B2 mailako hizkuntza-eskakizuna duen komunitate-teknikari plaza bat eta Kultura Aniztasuneko teknikari plaza bat sortuko dira. Halaber, B2 mailako hizkuntza-eskakizuna txertatuko da Haurren Komunitate-prebentzioko programan gizarte-integrazioko goi mailako teknikari izateko bost plazatan.
Teknologia berriak eta Etxebizitza Bulegoa indartzea
Teknologia berriekin lotutako premietara egokitzeko, plantilla organikoaren proiektuak plaza hauek sortzea aurreikusten du: A mailako Administrazio Elektronikoko eta Adimen Artifizialeko teknikari izateko plaza bat eta B mailako Kartografiako teknikari izateko beste bat, biak ala biak Alkatetzaren menpekoak. Era berean, informatika-sistemako arduradunaren plazaren ordainsaria aldatzea aurreikusten da: egun huts dago, baina betez gero, esklusibotasun-osagarri bat jasoko luke langileak, bateraezintasun-osagarriaren ordez; hala, lanpostuen osagarriek % 24,88 eginen lukete gora.
Udal Artxiboari dagokionez, A mailako arkeologo-plaza bat sortuko da. Gainera, plaza bat sortzea aurreikusten da, Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako eta 2030 Agendako eta Proiektu Estrategikoetako eta Mugikortasuneko Alorren barruan.