Udal-kirolguneek ariketa fisikoko erronkak proposatzen dituzte hilero, eta sariak banatuko dituzte

Udal-kirolguneek ariketa fisikoko erronkak proposatzen dituzte hilero, eta sariak banatuko dituzte
Sanduzelaiko Aquavoxaren, Arantzadiren, Mendillorriko trinketearen eta Piraguismoko Udal Eskolaren ekimen horren xedea da kirol-jarduera sustatzea, aztura osasungarri gisa

 

 

Udal-kirolguneek –Sanduzelaiko Aquavoxak, Arantzadik, Mendillorriko Trinketeak eta Caparrosoren Errota Piraguismo Eskolak– hainbat erronka martxan jarri dituzte herritar guztientzat, osasuntsu mantentzeko kirol-jarduera sustatzea xede harturik. Hilabete bakoitzerako proposatutako erronkak honako hauek dira: egunero pauso kopuru jakin bat betetzea edo instalazioetara joatea entrenatzera. Mugikorretarako aplikazioei esker parte-hartzaile bakoitzaren aurrerapena jarraitzen ahalko da, eta proposatutako helburua betetzen dutenek saria jasoko dute.

‘Ariketa fisiko kuantifikatu eta saritua’ estrategiaren xede da, alde batetik, Udalaren kirol-jarduerekiko atxikimendu handiagoa lortzea, eta bestetik, ariketa fisikoa egiteko proposamenak eskaintzea udalaren kirol-instalazioetan zein horietatik kanpo, jarraipena egiteko mugikorretarako berariazko aplikazioen bidez. Sanduzelaiko Aquavox kirolgunearen kasuan, ‘Mootiv’ aplikazioa erabiliko da, eta jarduera horretan erabiltzeko ‘sedena’ kodea sartu beharko da. Bestalde, Arantzadi eta Mendillorriko udal-zentroek ‘ARZ/MEN Sport Challenge’ aplikazioa erabiliko dute. Biak doan deskargatu daitezke IOS eta Androiden denda birtualetan.

Wearable eta ordulari adimentsu batzuen bidez aplikazioarekin konektatuko da, erabiltzaileen jarduera neurtu ahal izateko. Gailu horien loturari esker, erronken aplikazioak sortutako datuak biltzen ditu, erabiltzaile bakoitzaren estatistikak kuantifikatu ahal izateko. Erabilera errazagoa izan dadin, kirol-instalazioek ‘kiosko digital’ bat gaituko dute, eta bertan aplikazioa duen gailu elektroniko bat egonen da egindako ariketa fisikoaren neurketa-datuak sartu ahal izateko, erabiltzaile bakoitzarentzat sortutako profilaren bidez.

Lehen erronkak: eguneroko pausuak eta hileko entrenamendu kopurua zenbatzea

Martxoan dagoeneko Udalaren kirol-instalazioek beren lehen erronkak proposatu dituzte. Udalaren Sanduzelaiko Aquavox kirolguneak ‘zure eguneroko erronka’ martxan jarri du, eta egunero distantzia zehatza ibiltzean datza (parte-hartzailearen adin-tartearen arabera). Helburuaren % 90 gainditzen duten parte-hartzaileek saria jasoko dute, zeina hilabete honetan kirolguneko motxila esklusiboa izanen baita.

Bestalde, Arantzadiko kirolguneak eta Mendillorriko Trinketeak ‘zure errutinari ekin’ erronka proposatu dute martxorako. Helburua da instalazioetan 22 saio egitea hilabete honetan zehar. Saria, kasu honetan, gurpildun kirol-poltsa bat izanen da. Erronkez eta sariez gain, erronka horien parte diren aplikazioen erabiltzaileek entrenamendu eta ariketa fisikoko programa-sistema batez gozatzeko aukera izanen dute, programatutako jarduera-saioek berek erronkak lortzea bultzatzeko, eta, era berean, erronkek entrenamendua indartzeko.

‘Paladak osasunaren alde’, erronka uretan ere piraguismo-zentroan

Caparrosoren errotako Piraguismoko Udal Eskolan abonatuek, gainera, uretan aparteko erronka izanen dute, zeina teknikari arduradun batek gainbegiratuta eginen baita. Hilero eta urte osoan zehar jardueraren eguneroko programazioa ezarriko da, eta sari batzuei lotuta egonen da, parte-hartzaileen adina eta betetako helburuen portzentajearen arabera.

Ekimen horri esker osasun fisikoa eta psikologikoa eta ongizatea sustatzen dira, piraguismoa maiz praktikatzearekiko interesa pizteaz gain. Jarduera horrekin lotutako beste onuretako bat da bizi-kalitateari eustea edo menpekotasunari aurre hartzea, eta aldi berean, parte-hartzaile bakoitzaren autoestimua hobetzea.

¿Te ha sido útil esta página?