Iruñeko Udalak uda honetarako kultur programa berria antolatu du, zeinetan udal-katalogoan sartutako tokiko 40 talde artistiko ez-profesional baino gehiago parte hartzen ari baitira. Uztailaren 7tik irailaren 30era bitarte beren lanak aurkezten ari dira Iruñeko auzo guztietako kale eta plazetan barnako emanaldietan.
Proposamenen artean, folklore-musika eta musika tradizionaleko kontzertuak, dantza emanaldiak eta antzerki-saioak daude. Ikuskizunak 19:30ean egiten dira beti eta sarrera librea dute, osasun-krisiaren ondorioz egun indarrean dauden segurtasun-neurriak kontuan hartuta.
Programa berri honek hainbat helburu betetzen ditu, hala nola, talde artistikoak babestea ikasturtean egin ohi zituzten emanaldiak egiteko zailtasunak izan dituzten urte honetan; kultura herrikoia ikusaraztea; espazio publikoak girotzea, eta kultura auzo guztietara eta iruindar guztiei hurbiltzea.
Gaurko emanaldia Erreniega gaiteroek eginen dute, Azpilagañako Manuel Turrillas plazan. Ostiral eta larunbatean Ortzadar izanen da talde protagonista: bihar Santa Luzia pasealekuan, haurrendako jolasgunearen ondoan, Buztintxurin, eta hurrengo egunean, Sanduzelaiko Gortari doktorearen plazan. Hurrengo astean Gaztelumendi Mendillorriko Konpartsa arituko da, astelehen eta asteartean; Donibaneko gaiteroak, asteartean; Roberto Urrutia eta Corrientes Navarras, ostiralean, eta Azpilagañako Gartxot, larunbatean.
91 talde, talde artistiko ez-profesionalen udal-katalogoan
Talde artistiko ez-profesionalen udal-katalogoan 91 talde daude une hauetan. Horietatik 15 abesbatzak dira; 14, antzerki-taldeak, gaitero eta txistularien kopuru bera dago, 13 dantza talde, kale-animazioko 10 talde (konpartsak, zezentxoak...), 9 fanfarre eta txaranga, musika klasikoko 3 talde eta instrumentu tradizionaletako 2. Zerrenda osatzen dute ‘beste musika talde batzuk’ epigrafean dauden 11 taldek.
Katalogoan sartu ahal izateko, besteak beste, honako baldintza hauek bete behar dituzte: entitatea legearekin bat eraturik egotea, profesionala ez izatea, beren egoitza nahiz zergetarako helbidea Iruñean izatea eta eguneratuak izatea zergei nahiz Gizarte Segurantzari buruzko betebeharrak.
Iruñeko Udalak elkarte eta entitateen eskura jarri ditu katalogoan dauden taldeen emanaldiak beren kultura-ziklo eta ospakizunetarako. Ordainsaria, talde bakoitzarentzat jarduera motaren arabera ezarrita, Iruñeko Udalak bere gain hartzen du. Talde bakoitzak gehienez ere bi emanaldi egin ditzake urtean.
Udal-katalogoko taldeen udako emanaldi artistikoak. 19:30
- Abuztuak 26. Erreniega gaiteroak. Azpilagaña. Manuel Turrillas plaza
- Abuztuak 27. Ortzadar dantza taldea edo fanfarrea. Buztintxuri. Santa Luzia pasealekua, haurrendako jolasgunearen ondoan
- Abuztuak 28. Ortzadar dantza taldea edo fanfarrea. Sanduzelai. Gortari Doktorearen plaza (Civivoxaren ondoan)
- Abuztuak 30. Gaztelumendi Mendillorriko Konpartsa. Mendillorri (Civivoxaren ondoan)
- Abuztuak 31. Gaztelumendi Mendillorriko Konpartsa. Mendillorri. Olatz Kontzejuaren kalea, 8
- Irailak 1. Donibaneko gaiteroak eta udal-txistulariak. Taconera
- Irailak 3. Roberto Urrutia eta Corrientes Navarras. Txantrea. Sabicas Gitarra-jotzailearen plaza
- Irailak 4. Azpilagañako Gartxot. Milagrosa. Felisa Munárriz plaza
- Irailak 6. Txirdil fanfarrea. Donibane. Irurita Apezpikuaren plaza
- Irailak 7. Armonia errondaila. Arrotxapea. Iturriotzaga plaza
- Irailak 8. Donibaneko gaiteroak eta udal-txistulariak. Txantrea. Federico Soto pasealekua
- Irailak 9. Zabarrete gaiteroak. Azpilagaña. Manuel Turrillas plaza
- Irailak 11. Ilargi Enea. Milagrosa. Alfredo Floristán plaza.
- Irailak 14. Armonia errondaila. Ermitagaña. Planetario parean
- Irailak 16. Iruña taldeko dantzariak edo fanfarrea. Etxabakoitz. Remiro de Goñi kalea, 16
- Irailak 17. La Asunción abesbatza. Donibane. Irurita Apezpikuaren plaza
- Irailak 18. Azpilagañako Gartxot. Azpilagaña. Manuel Turrillas plaza
- Irailak 19. Andre Maria Erreginaren auroroak. Mendillorri. Sarriguren Kontzejuaren kalea (Civivoxaren ondoan)
- Irailak 20. Alai Gaztea. Arrotxapea. Maiteminduen parkea
- Irailak 22. Lauhaize fanfarrea. Erripagaña. Londres kalea
- Irailak 23. Tiriki Trauki fanfarrea. Etxabakoitz. Remiro de Goñi kalea, 16
- Irailak 24. Jesusen Bihotzako abesbatza. Iturrama. Antso Azkarraren etorbidea, Santa Bizenta Maria parrokiaren parean
- Irailak 25. Alde Zaharreko erraldoiak. Santa Ana plaza
- Irailak 26. Alde Zaharreko erraldoiak. Santa Ana plaza
- Irailak 27. Txantreako gaiteroak. Txantrea. Ezkaba plaza
- Irailak 28. Fraile gaiteroak. Azpilagaña. Manuel Turrillas plaza
- Irailak 29. Alai Gaztea. Gortari Doktorearen plaza
- Irailak 30. Jesusen Bihotzako abesbatza. Iturrama. Iturramako bulebarra