
Iruñeko Udalak biztanleen udal-errolda kudeatzeko sistemen eraldaketa digitalerako eta modernizaziorako proiektu bati ekin behar dio, arau-aurreikuspen berrietara egokitzeko. Une honetan Iruñean 211.498 lagun bizi dira: 111.267 emakume eta 100.231 gizon. Tokiko Gobernu Batzarrak, Nafarroako Gobernua horren buru dela, foru-komunitateko tokiko entitateendako Europako proiektu batera atxikitzea sinatu du. Proiektua Europako funtsekin finantzatuko da oso-osorik, Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bidez.
Proiektuak pertsonen gogobetetasuna hobetu nahi du tramiteetan, eta, horrez gain, kudeaketa erraztu nahi die administrazio guztiei, erroldako informazioa berehala eta modu fidagarrian eskuratzeko. Helburuak bi dira. Lehenengoa, tokiko entitatearen eta Estatistika Institutu Nazionalaren (INE) artean informazioa denbora errealean eta online trukatzeko sistema berri bat ezartzea. Egun, Iruñeak hilabetean behiz jakinarazten dizkio INEri erregistroko altak eta bajak, eta azken entitate horrek herritarraren helmuga den entitateari baieztatu egiten dio. Sistema hori dela eta, pertsona bat bi udalerri ezberdinetan egon daiteke 45 egunez.
Toki Entitateetako Biztanleriaren eta Lurralde Mugaketaren Erregelamendua aldatzen duen otsailaren 6ko 141/2024 Errege Dekretua onetsi zenetik, altak eta bajak denbora errealean kudeatu behar dira. Horrek entitate ezberdinen erroldetan bat ez datozen datuak egotea zailduko du, elkarreragintasun digitalari esker. Era berean, Hautesle Erroldaren Bulegoak Udalei jakinaraziko dizkie Hautesle-erroldan izandako aldaketak, udal-erroldan sar ditzaten, modu horretan udal-erroldako datuak eta hautesle-erroldakoak bat etor daitezen beti. Horretarako 2026ko abuztuaren 31ra arteko epea dute tokiko entitateek.
Proiektuaren bigarren helburua da udal-esparruko lurraldeari buruzko informazioa kudeatzeko sistema berri bat ezartzea. Udalak etxebizitzen datu base bat eduki beharko du, maila nazionalean bateratua, eta bertan etxebizitza bakoitza kode baten bidez identifikatuko da, etxea dagoen ondasun higiezinaren erreferentzia katastralean oinarrituta. Sistemak, gainera, oinarrizko informazioa eguneratzeko tresnak izanen ditu.
Errolda, zerbitzu ugaritarako atea
Espainian bizi den pertsona oro derrigortuta dago bizi ohi den udalerriko erroldan izena ematera. Udal-errolda udalerri batean nor bizi den jasotzen duen administrazio-erregistroa da; datu horiek frogatzen dute hala udalerrian bizi dela nola zein den izena emanda dagoen pertsonaren ohiko bizitokia. Izen-emate hori garrantzitsua da sarritan aurretiazko eta ezinbesteko betekizuna delako berme guztiekin beste zerbitzu publiko batzuk erabili eta gozatzeko, hala nola hezkuntza, osasuna eta udalerriko gizarte-zerbitzuak, eta, bestalde, botoa emateko eskubidea gauzatzeko.
Araudiak zehazten duenez, udal-errolda eratzea, eguneratzea, berrikustea eta zaintzea Udalari dagokio “jasotako datuak errealitatearekin bat etor daitezen”. Halaber, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen legeak hau nabarmentzen du: “Estatuko Administrazio Orokorrak erregelamenduz zehaztutako moduan bidaliko dizkiote udalek Estatistikako Institutu Nazionalari bakoitzak bere erroldako zehaztasunak, udalerri guztien errolden arteko koordinazioa burutu ahal izateko”.
Iruñean biztanleen Udal Errolda Herritarrendako Arreta Bulegoaren bidez kudeatzen da (Kale Nagusia 2, Kondestablearen jauregia). Herritarrek haien datuak ezagutu edo ziurtagiria eskuratzen ahal dute aurrez aurre (aurrez hitzordua eskatuta 010 edo 948 420100 telefonoetan) edo telematikoki, Egoitza Elektronikoaren bidez (www.pamplona.es/eu), betiere Ziurtagiri Digitala edo Cl@ve PIN edo Cl@ve iraunkorra badute.
Bulego horretan bertan Iruñera heltzean alta hartzen ahal da, hiri barruko bizitoki aldaketak jakinarazi, errolda-aldaketak eskatu edo, hauteskunde-legeak markatzen dituen une eta prozeduren bidez, erroldako datuak egiaztatu, eta dagokion hauteslekuari eta hauteskunde-mahaiari buruzko informazioa eskuratu. Errolda da, halaber, Justizia Auzitegietako epaimahaiak hautatzeko edo hauteskunde-egunean hura posible egiteko karguak bete behar dituzten pertsonak hautatzeko oinarri gisa hartzen den dokumentua.