
Iruñeko Udalak dirulaguntzen deialdia egin du, norgehiagokako araubidean, industria kultural, artistiko eta sortzaileei dirulaguntzak emateko 2025ean jarduera kulturalak eta artistikoak egin eta programatu ditzaten. Deialdiak 81.000 euroren aurrekontua du, eta apirilaren 28an amaituko da eskaerak aurkezteko epea. Eskaerak telematikoki aurkezten ahal dira, edo, halakorik aurkezteko betebeharra eduki ezean, agiriak udal-erregistroetan edo legeak aurreikusten dituen beste edozeinetan aurkezten ahalko dira.
Deialdiak kulturaren arloko enpresa edo profesionalei dirulaguntzak emateko araubidea arautzen du: edozein adierazpen motaren bidez interes artistikoa azaleratu eta Iruñean kultura garatzen laguntzen duten ekimenak dira deialdi honen xedea. Halaber, dirulaguntzaren xede diren jarduerek kultur arloan emakumeen eta gizonezkoen aukera-berdintasunaren alde egin behar dute prozesuaren fase guztietan (sorkuntza, gauzatzea eta ebaluazioa). Era berean, kultura-sektorea indartu eta dibertsifikatzea du xede, eta, aldi berean, sektore horrek kultura-errealitatea berritzeko eta eraldatzeko duen gaitasuna bultzatzea. Proiektuak 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte gauzatuko dira osorik, eta Iruñeko udal-mugartean egin beharko dira.
Deialdiak honako hauei egiten die erreferentzia, nagusiki: arte eszenikoen jaialdiak, errezitaldiak, zikloak, topaketak eta lehiaketak; musika-zikloak eta -topaketak; jardunaldiak, lantegiak; jaialdiak eta hitzaldi-zikloak, ikus-entzunezkoen proiekzioak eta zineforumak; hiriko ondare historiko materiala eta ez-materiala zaintzea eta hedatzea sustatzen duten ikerketa, esku-hartze edo hedapen kulturaleko proiektuak; liburuak, irakurketa eta literatura sustatzeko jarduerak, espezialitate eta euskarri guztietan, eta kultura zein arte izaera duen beste edozein jarduera, argitalpena salbu.
Entitate eskatzaile bakoitzak proposamen bakarra aurkezten ahalko du, proiektua eta eginen dituen jarduerak bilduko dituena. Proiektu hori Iruñeko Udalak eskaintzen dituen bi kultura-deialdietatik bakarrera (entitate kulturalak edo industriak) aurkezten ahalko da. Proiektu batean diruz laguntzen ahal den gehieneko ehunekoa onartutako aurrekontuaren % 30 izanen da, eta gehienez 10.000 euro. Deialdi honen inguruko xehetasunak https://www.pamplona.es/eu udal-webgunean eta 62. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 27koan, kontsultatzen ahal dira.
Proiektuek eta parte hartzen duten industriek eta profesionalek bete beharreko baldintzak
Diruz laguntzen ahalko diren proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte: kultura eta/edo artea sustatzeko helburua izan behar dute, herritar guztiei irekita egon behar dute eta Iruñeko udal-mugartean egin beharko dira. Salbuespenez, Iruñean egiten ez diren eta Nafarroatik kanpoko beste toki batzuetan egiten diren jarduerak onartzen ahalko dira, baldin eta Iruña kultura-hiri gisa sustatzen laguntzen badute eta gehienbat Iruñean egiten den proiektu baten parte badira. Kasu horretan, diruz laguntzen ahal den gehieneko ehunekoa aurrekontuaren % 20 izanen da.
Proiektuak aurkeztu nahi dituzten industriak legearekin bat eraturik eta dagokien erregistroan izena emanda egon behar dute, eta estatutuetan edo sorrera-aktan deialdiaren xedeari loturiko jarduerak egiteko helburuak jasota izan behar dituzte. Profesionalen kasuan, autonomoak izan beharko dute, eta JEZen kulturarekin lotura duen epigrafe batean alta emanda egon. Aurkeztu nahi diren entitateek Iruñeko Udalaren eta Gizarte Segurantzaren zerga-betebeharrak egunean izan behar dituzte, eta ezin izanen dituzte Udal honek aurretik eman eta justifikazio-epea amaituta duten dirulaguntzarik izan justifikatu gabe.
Eskaerak baloratzeko irizpideak hauek izanen dira: entitate eskatzailearekin lotutako alderdiak (xedeak eta helburuak, deialdian antzeko entitaterik ez egotea eta helbide fiskala Iruñean izatea); proiektuarekin lotutako alderdiak (kalitatea, interesa, berrikuntza, originaltasuna eta lankidetza); proiektuaren plangintza, komunikazioa eta ebaluazioa; entitatearen eta proiektuaren genero-ikuspegia; integrazioa eta Garapen Jasangarrirako Helburuak. Halaber, proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa eta aurrekontu-koherentzia hartuko dira kontuan.