Udal-antolaketa berriak Iruñeko Udala hamabi kudeaketa-alorretan egituratu du, zazpi zinegotzi ordezkarirekin eta zinegotzi berezi batekin

Udal-antolaketa berriak Iruñeko Udala hamabi kudeaketa-alorretan egituratu du, zazpi zinegotzi ordezkarirekin eta zinegotzi berezi batekin
Iruña marka, administrazioa bizkortzea, adinekoendako politikak eta hiria zaintzea dira Udaleko alor berrien ardatz estrategikoak
Irudia
Irudia
Irudia
foto



Iruñeko Udala legegintzaldi honetan hamabi kudeaketa-alorretan egituratuko da. Horietatik hamaika ordezkaritzak izanen dira, eta bat, alkatetzak egikaritutako eskumenak. Cristina Ibarrola Iruñeko alkateak gaur goizean aurkeztu du gaur, ostiralarekin, onetsitako eta bihar, larunbatarekin, indarrean sartuko den Udal Antolaketari buruzko Dekretua. Zazpi zinegotzi ordezkarik eta zinegotzi berezi batek kudeatuko dituzte alor berriak. Alor berrien xedea da Iruña marka sortzea, udal-izapideen ebazpena bizkortzea eta herritarrendako pentsatutako administrazio eraginkor eta jasangarri baten aldeko apustua egitea.

Alkatetzako Alorrak, komunikazioko eta protokoloko udal-zerbitzuez gain, beste alderdi batzuk ere barne hartzen ditu, hala nola erakundeekiko eta kanpo harremanak, hirirako inbertsioak eta proiektuak erakartzeko, nazioarteko lankidetza sustatzeko eta beste hiri batzuekin loturak eta sareak eratzeko. Udal Gerentzia ere Alkatetzako Alorraren barruan egonen da, administrazio bizkor, hurbil eta digitalarekin lotutako guztia sustatze aldera. Teknologia berriak erabiltzeko ekimenak sustatu nahi dira. Besteak beste, Datu Bulego bat sortu nahi da, datu horietatik abiatuta zerbitzuak eta hiria bera hobetzeko erabakiak hartu ahal izateko.

Alor berrien izendapenean ‘Adinekoak’ espresuki aipatzen dira, udal-politiketan eta Udaleko egituran pisu berezia izanen baitute Iruñeko biztanleen % 22 65 urtetik gorakoa da eta. ‘Hiri Kontserbazioa’ ere aipatzen da, hiria zaintzearen eta mantentzearen garrantziaren erakusgarri. Adibidez, hiri-altzariak eta kalteak konpontzeko brigada bat sortzearen aldeko apustua egin da, hirian gorabeheraren bat gertatuz gero azkar esku-hartzen ahal duena. 

Zinegotzi ordezkariak eta bereziak
Carlos Salvador Armendáriz lehen alkateordea Herritarrekiko Harremanetako, Partaidetzako eta Adinekoendako zinegotzi ordezkari eta Hezkuntza, Berdintasun eta Kultur Aniztasuneko zinegotzi ordezkari izendatu dute. María Caballero Martínez bigarren alkateordea Gobernu Estrategiko eta Hiri Kontserbazioko zinegotzi ordezkaria izanen da. Alor hori Proiektu Estrategikoetako Alorretik banatuko da izaera propioa lortzeko. 

María Echávarri Miñano hirugarren alkateordeak, bestalde, aurreko legegintzaldian kudeatzen zuen Zerbitzu Orokorretako Alorreko eskumenak izaten jarraituko du. Egitura berrian, alor hori bi zinegotzi ordezkariren artean banatuko da, bata Ogasunekoa eta bestea Pertsonen Kudeaketakoa. Izaskun Zozaya Yunta Hirigintza eta Etxebizitzako Alorreko eta Garapen Jasangarriko eta Proiektu Estrategikoetako zinegotzi ordezkaria izanen da. Gainera, Aitor Silgado Goicoechea izanen du Garapen Jasangarriko eta Proiektu Estrategikoetako zinegotzi berezi gisa. 

Clara García-Valiño Abósek ere bi kudeaketa-alor izanen ditu. Alde batetik, Kulturako zinegotzi ordezkaria izanen da, eta, bestetik, Turismo eta Merkataritza Sustapeneko zinegotzi ordezkaria. Gizarte Zerbitzuetako, Kiroleko eta Osasuneko zinegotzi ordezkaria Raúl Armendáriz Lezaun izanen da. Javier Labairu Elizaldek Herritarren Segurtasuneko zinegotzi ordezkaria izaten jarraituko du, aurreko legegintzaldian bezala.

 

UDAL ANTOLAKETARI BURUZKO DEKRETUA

  • Alkatetzako Alorra. Cristina Ibarrola Guillén. Alkatetza, Erakundeekiko eta Kanpoko Harremanak eta Gerentzia
  • Herritarrekiko Harremanetako, Partaidetzako eta Adinekoendako Zinegotzi Ordezkaria: Carlos Salvador Armendáriz
  • Hezkuntza, Berdintasun eta Kultur Aniztasuneko Zinegotzi Ordezkaria: Carlos Salvador Armendáriz 
  • Gobernu Estrategiko eta Hiri Kontserbazioko Zinegotzi Ordezkaria: María Caballero Martínez
  • Ogasuneko Zinegotzi Ordezkaria: María Echávarri Miñano
  • Pertsonen Kudeaketako Zinegotzi Ordezkaria: María Echávarri Miñano
  • Garapen Jasangarriko eta Proiektu Estrategikoetako Zinegotzi Ordezkaria: Izaskun Zozaya Yunta
  • Hirigintza eta Etxebizitzako Zinegotzi Ordezkaria: Izaskun Zozaya Yunta
  • Garapen Jasangarriko eta Proiektu Estrategikoetako Zinegotzi Berezia: Aitor Silgado Goicoechea
  • Gizarte Zerbitzuetako, Kiroleko eta Osasuneko Zinegotzi Ordezkaria: Raúl Armendáriz Lezaun
  • Kulturako Zinegotzi Ordezkaria: Clara García-Valiño Abós 
  • Turismo eta Merkataritza Sustapeneko Zinegotzi Ordezkaria: Clara García-Valiño Abós
  • Herritarren Segurtasuneko Zinegotzi Ordezkaria: Javier Labairu Elizalde
     
¿Te ha sido útil esta página?