Uda honetatik aurrera bi eguzki-instalazio fotovoltaiko gehiago egonen dira Iruñean, Vázquez de Mella eta Iturrama ikastetxe publikoetan

Uda honetatik aurrera bi eguzki-instalazio fotovoltaiko gehiago egonen dira Iruñean, Vázquez de Mella eta Iturrama ikastetxe publikoetan
148.549,40 euroko inbertsioa egin beharko dute horretarako, eta hilabete eta erdi inguru izanen dute lanak egiteko
placa solar colegio

 

Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi du autokontsumorako bi eguzki-instalazio fotovoltaiko jartzea udal-eraikinetan, komunikaziorako eta monitorizaziorako sistema eta guzti. Bi ikastetxe publikotan jarriko dituzte: Iturrama IPn eta Vázquez de Mella HLHIPn. 148.549,40 euroko inbertsioa egin beharko dute horretarako, eta 40 egun inguru izanen dituzte lanak egiteko; hortaz, hurrengo ikasturtea hasi baino lehen amaituko dituzte.

Vázquez de Mella HLHIPko instalazioa egiteko 66.186,32 euro beharko dira, eta Energías Fotovoltaicas de Navarra SL enpresaren esku egonen dira lanak. 185 eguzki-panel jarriko dituzte: 88 kW-eko potentzia izanen dute inbertsoreetan, eta 88,8 kW-ekoa modulu fotovoltaikoetan; modulu horiek orduko 114.953,57 kW sortzeko gai ere izanen dira urtean. Gaur gaurkoz beste funtziorik ez duen estalki bat erabiliko dute. Eguzki-instalazio fotovoltaiko horrek 7 zati izanen ditu, eta bakoitza estalki batean egonen da: bakoitzak bere orientazioa eta inklinazioa izanen ditu. Horietatik lau hego-ekialdera begira egonen dira, eta beste hirurak, hego-mendebaldera begira. Estalki horietako batean instalazio fotovoltaiko txiki bat dago orain.

Iturrama IPko instalazioa, berriz, Spie Energy Systems Ibérica SLU enpresak eginen du, eta 82.363,08 euro izanen dituzte lanak egiteko. 230 eguzki-panel jarriko dituzte: instalazio fotovoltaikoak 115 kW-eko potentzia izanen du, eta inbertsoreek, 110 kW-ekoa. Iturrama ikastetxearen eraikinean 24 panel fotovoltaikoko instalazio txiki bat dute dagoeneko, eta mantendu eginen dute hori ere.

Estalki fotovoltaikoaz gain, autokontsumorako bi instalazio fotovoltaikoek inbertsore trifasikoak ere izanen dituzte, eguzki-panelek sortutako korronte zuzeneko elektrizitatea (DC) korronte alternoko elektrizitate (AC) bihurtzeko; halaber, monitorizaziorako ekipamendua ere izanen dute, eta argindarraren banaketa sarera egokituko dute banatzaileak zehaztutakoaren arabera. Kontrol Administratiborako Erakundea arduratuko da instalazioa ikuskatzeaz eta Industriako departamentuan erregistratzeaz, indarrean den araudiarekin bat.

¿Te ha sido útil esta página?