Uda honetan Udala Ziudadelan ari da lanean harresi-barrutiko eta Erdi Aroko zubietako kontserbazio-lanen kontratu berri bati esker

Uda honetan Udala Ziudadelan ari da lanean harresi-barrutiko eta Erdi Aroko zubietako kontserbazio-lanen kontratu berri bati esker
Hurrengo lanak Taconera parkeko Gonzaga bastioian eginen dituzte eta segurtasun-arnesez egindako garbiketa bertikala izanen da halabeharrez
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko harresi-barrutia eta Ziudadela mantentzeko eta kontserbatzeko kontratu berriari jarraikiz gotorlekuan gogor ari dira lanean azken asteotan, udazkeneko eguraldi aldakorra iritsi baino lehen. Halaber, urtea amaitu aurretik, harresiaren iparraldeko aldea (Gonzaga bastioia) garbituko dute garbiketa bertikalean espezializatutako langileek.

Ziudadelan, azken asteotan, Construcciones Leache enpresako langileak lubanarroetako landaretza garbitzen ari dira plataforma jasotzaile baten laguntzarekin; aldi berean, beste brigada batzuk barneko aldean ari dira lanean, batez ere kasamatetan grafitiak kentzen, ur eta areazko nahasketa bat zurrustaka jaurtitzen duen sistema baten bidez. Halaber, poternak garbitu dira eta Santa Luzia errabelinean kalkarenita-harrizko gailurrak jartzen ari dira, mortero-akabera duen errabelin bakarra delako, eta hori dela eta iragazkorragoa da eta horrek elementuaren narriadura handitzen du. Gainera, langile espezializatuak errabelin horren eta Santa Klara kontraguardiaren arteko kontraezpondaren junturak birpasatzen ari dira.

5 km-ko gotorlekuak eta lau zubi
Lan horiek Iruñeko Udalaren harresiak mantentzeko lanen kontratuaren barruan daude. Kontratu horrek Monumentu Historiko-Artistiko Nazional eta Multzo Historiko-artistiko izendatutako, eta, XVI. eta XVII. mendeen artean eraikitako hiriko gotorleku-multzoa berrikusi, kontrolatu eta kontserbatzeko sistema bat barne hartzen du. Kontratuak honako hauek barne hartzen ditu: Ziudadelako barrutia eta bertako eraikinak (Goardia gorputza, Labea, bolborategia eta abar), bai eta kanpoko defentsak ere (errabelinak, kontraguardiak, lubanarroak, kontraezpondak, bide estaliak, zehar oholak eta abar). Hiriko harresiak eta haien elementu guztiak ere barne hartzen ditu: bastioiak, barneko ingurabideak, lotura-pasealekuak, portaleak eta gotorleku aurreratuak. Era berean, kontratuaren xede dira, eta horrenbestez lan berdinak egin behar dira toki hauetan ere: Magdalenako, San Pedroko, Santa Engraziako eta Miluzeko Erdi Aroko zubiak. 

Kontratuak izaera mistoa du (asistentzia eta obra) eta 2014tik dago martxan. Indarrean dagoen lau urteetan (badago behin luzatzeko aukera), sistema horrekin programatutako lanak zein une zehatzetan sortzen diren behar espezifikoak estaltzen dira. Sanferminen aurretik, esaterako, landaretza kendu zen San Domingo inguruko horma-ataletan eta Labriten bastioiko merloietan (kanoi-zuloen arteko irtengune bertikal eta trinkoak). Bi gune horiek hiriko entzierroei hertsiki lotuta daude. 

Construcciones Leache enpresak 10 urteko ibilbidea du Udalarendako lan horiek egiten eta honako hauek eginen ditu, besteak beste: landare-ekaiak, zikinkeria eta pintadak garbitzea; hargintza-elementuak edo adreilu-fabrikak konpontzea, eta horiekin lotutako lan osagarriak, hala nola igeltserotza, lorezaintza edo harresien inguruan instalazioak egitea. Lan horietako batzuk konplexuak dira eta, adibidez, elementu bertikalen garbiketa segurtasun arnesez babestuta esekitako langileek egin behar dituzte. Izan ere, Labriteko aldapako aurrealdeetan edo Gonzaga bastioian, horma-atalen inklinazioak ez du uzten aldamioak jartzea.

Azkenik, kontratuak barne hartzen du Udalak zehazten dituen beste udal zerbitzu, enpresa edo Gizarte Zerbitzuei behar duten laguntza teknikoa eta logistikoa ematea, hiriko gotorlekuekin lotutako lanak egiten badituzte. 

¿Te ha sido útil esta página?