Uda honetan, ‘Txankletak 2020’ programaren kirol jardueren artean ibilbideak zaldi gainean eginen dituzte, jarduerez gozatzeko egun gehiago izanen dira, eta zinema-saioetarako sarrera gehiago banatuko dira

Uda honetan, ‘Txankletak 2020’ programaren kirol jardueren artean ibilbideak zaldi gainean eginen dituzte, jarduerez gozatzeko egun gehiago izanen dira, eta zinema-saioetarako sarrera gehiago banatuko dira
Aurten uztailaren 6an abiatuko da Iruñeko Udalaren gazteendako aisialdi-programa

chancletas 2020

Udalak ‘Txankletak´ proposamenaren laugarren edizioa abiatuko du: udarako kirol-, kultura- eta aisia-jarduerak, gazteei zuzenduak. Abentura-, urpekaritza-, salting- eta piraguismo-jardueretan aritzeko 500 txartel banatzeaz gain, aurten zaldi gainean ibiltzeko 125 txartel eskainiko dituzte Añezcar hipika-zentroan. Halaber, aurten berriz ere euro batean salduko dituzte zinema-sarrerak, baina 1.000 sarrera eskaini beharrean, 1.200 banatuko dituzte. Iruñean erroldatutako 14 eta 30 urte bitarteko gazteek zinema-sarrerak erosi edo kirol-bonuetan izena emateko aukera izanen dute uztailaren 6tik 31ra bitarte. Halaber, abuztuaren 1etik aurrera Iruñean erroldatuta ez daudenek ere izena eman dezakete hutsik geratzen diren tokietan.

Aurten, berriz ere izanen dugu gurekin ‘Hamaika plan’ programa, eta gainera, hainbat berritasunekin. Lehen aldiz, eguneroko doako jarduerak uztaileko bigarren hamabostaldian ere eskainiko dituzte. Eta Gaztediaren Etxea irekita egonen denez uztailaren 6tik 14ra (uztailaren 7an itxiko da Iruñean jaieguna delako), uztailaren 9rako jarduera berezi bat programatu dute: Ecstatic Danceko saio bat, 11:30etik 13:30era, Oskar Estangaren eskutik. Musika-irakasle diplomaduna eta musikaria izateaz gain, Estangak prestakuntza jaso du dantza integralean, “Ibai irekia” sisteman eta “Contact improvisation” teknikan.
 

Fernando Aranguren Gazteriako Zinegotzi Bereziak eta Elena Mozaz Alor bereko udal-teknikariak gaur goizean aurkeztu dituzte hala udako eskaintzaren xehetasunak nola aurtengo edizioko berritasun guztiak. Programazioak hiriaz gozatzeko aisia alternatibo bat hedatu nahi du gazteen artean, eta, hortaz, jarduerak Iruñean edo Iruñerrian eginen dira. Asmoa esperientzia berriak proposatzea da, sor daitezkeen zaletasunak probatu eta harremanak hedatzen laguntzeko.
 

Uda honetarako udal-jarduerak arrazoizko prezioan eskaintzen dira, eta are gehiago, batzuk doakoak dira. ‘Txankletak’ programaren aurreko edizioan zinemarako 1.000 bonuak agortu ziren, eta 483 gaztek parte hartu zuten jardueretan. ‘Hamaika plan’ programaren 2019ko edizioan 411 lagunek parte hartu zuten. Programa osoari dagokionez, 1.894 gaztek hartu zuten parte.

 

Bakoitza bere erritmoan dantzan, Dj baten musikaren laguntzarekin

Ecstatic Danceko saioa uztailaren 9an izanen da, goizez, eta doan. Gaztediaren Etxean lehen aldiz eskainiko den proposamen honek dantza libreko saio bat eskaintzen du, Dj baten zuzeneko musikaren gidaritzapean (Oskar Estanga monitorea Dja ere bada). Saioa hasi aurretik, parte-hartzaileek aurkezpen bat ikusi eta beroketa eginen dute. Xedea da zapatarik gabe dantzatzea, dantzari bakoitzaren barne-erritmoarekin bat, mugimendu, emozio eta sormena askatuz, hitzezko komunikaziorik gabe eta ‘burbuila pertsonala’ mantenduz, betiere gainerako parte-hartzaileena oztopatuko ez duena. Dantza-mota hori ez da teknika batean oinarritzen; alabaina, askatasun- eta kontzientzia-eremu bat bilatu nahi du, musika ardatz hartuta. Dantzaren bereizgarri dira helburu- zein egitura-eza, eta Djaren inprobisazioa baliatzea,  eta horrela sustatzen da hala dantza nola parte-hartzaileen arteko harremanak ere bat-batekoak izatea.
 

Zinema eta jarduera fisikoa, baita zaldiz ibiltzea ere
 

‘Txankletak 2020’ programak 625 saio proposatzen ditu: abentura, urpekaritza, salting-a, piraguismoa eta ibilbideak zaldi gainean (125 bonu jarduera bakoitzeko). Gazteek 5 euro ordaindu beharko dituzte edozein jardueratan izena emateko. Gaztediaren Etxean egin dezakete, eta aurrez NANa aurkeztu beharko dute. Ondoren, jarduerez noiz gozatu erabakiko dute, betiere aurreikusitako tokietan, eta uztailaren 6tik hasita. Aurten, jarduera berria eskainiko dute, ibilbideak zaldi gainean Añezcar hipika-zentroan; horrez gain, bada beste berritasun bat: 15 egun gehiago egonen dira jarduera fisikoak egiteko bonuez gozatzeko; beraz, uda irailaren 30era bitarte luzatuko du “Txankletak” programak.
 

Aurreko edizioetako jarduera-bonuez gain, aurten ibilbideak zaldi gainean eskainiko dituzte. Bonu bakoitzari esker, 80 minutuko ibilbidea egiteko aukera egonen da. Horretarako, data erreserbatu beharko da Añezcar hipika-zentroan, 948 30 32 96 telefono-zenbakira deituta edo hipica@anezcar.com helbide elektronikora idatzita. Ohiko lau tokiez gain, aurten Añezcarrekoa ere egonen da. Rocópolis, Berriobeitin, Abentura parke handiaren elkargunea da; bonu bakoitzak eskubidea ematen du ibilbideak bi orduz egiteko, eta 14 eta 15 urte bitarteko nerabeek heldu batez lagundurik egon behar dute. Jauzi egiteko, Salting Iruña da erreferentzia, Orikainen, eta bertan ordubeteko saioa eskainiko dute ohe elastikoetan salto librean aritzeko. Ur-kirolei dagokienez, urpekaritza-bataioak bi orduko iraupena izanen du, Arantzadiko igerilekuetan, eta larunbatetan eginen da; argazki-erreportaje txikia ere hartzen du barne. Piraguismo-bonuak, aldiz, eskubidea ematen du bi orduko saioaz gozatzeko piragua autohustugarrietan, Kaparrosoren Errotako Piraguismo Eskolan.
 

Berriz ere Iruñeko udal-mugartean dauden GOLEM zinema aretoekin (Baiona eta Yamaguchi) elkarlanean, ‘Txankletak’ programak zinema-saioetarako 1.200 txartel eskaintzen ditu euro baten truke (gehienez ere 5 sarrera lagun bakoitzeko). Bonuak aretoetako txarteldegietan truka daitezke, asteko edozein saiotarako, betiere programak aurreikusitako datetan (uztailak 6 – irailak 30).


Hamaika plan, baita uztaileko 2. hamabostaldian ere
 

Azken berritasuna uda guztietan Gaztediaren Etxean bertan egiten diren doako jarduerei lotuta dago. Aurten, ‘Hamaika plan’ programa luzatu dute. Uztailaren 16an hasiko da; hori horrela doako 33 jarduera eskainiko ditu uda bukaerara bitarte, uztaileko bigarren hamabostaldian hasi eta abuztura arte.
 

Jarduerak astelehenetik ostiralera (lanegunak) eginen dituzte, 19:30etik 21:00etara. Parte hartzeko interesa dutenek saioa hasi aurretik eman beharko dute izena (izena emateko epea aurreko egunean irekiko dute).
 

Hainbat proposamen eskainiko dituzte, besteak beste, honako hauek egiten ikasteko: mota guztietako eskulanak; hainbat estilotako dantzak, zinema-koreografiak barne; antzerki-inprobisazioa; psikologia-lantegi motzak; teknologia berriekin lotutako jarduerak eta rap- edo jolas-lantegiak.
 

Txankletak 20

IZEN-EMATEA

  • Norentzat: 14 eta 30 urte bitarte dituzten Iruñeko gazteentzat (1990 eta 2006 bitarte jaiotakoentzat).
  • Tokia: Gaztediaren Etxea (Zangoza kalea, 30).
  • Izena emateko epea: 2020/07/06tik 2020/09/30era. Aurrez aurre egin beharko da, NANa aurkeztuta.
  • ‘Hamaika plan’ programako jardueretarako, izena aurrez eman beharko da (aurreko egunetik hasita eta jarduera abiatu bitarte).

JARDUERAK

Ibilbideak zaldi gainean

  • Zaldi gainean 80 minutuko ibilbideak egiteko bonua. Erreserba egin behar da, Añezcar hipika-zentroan (948 30, 32 96, hipica@anezcar.com). 5 euro.

Abentura-parke handia

  • Abentura-parkerako 2 orduko bonua (Rocópolis). 5 euro.

Adingabeak heldu batez lagundurik.

Urpekaritza-bataioa

  • 2 orduko saiorako bonua, urpeko igeriketa autonomoaren oinarrizko printzipioak ikasteko, igerilekuan, erreportaje fotografiko txikia barne (Arantzadiko igerilekuak). 5 euro. Saioak larunbatetan izanen dira beti.

Salting-a

  • Banakako bonua. Ordu bateko saioak, ohe elastikoetan salto librean aritzeko (Salting Iruña). 5 euro.

Piraguismoa

  • 2 orduko jardueretarako bonua, piragua autohustugarrietan, arraunaren oinarrizko alderdiak ikasteko (Caparrosoren Errota Piraguismo Eskola). 5 euro.

Zinema uda

  • 1.200 gonbidapen, Golem Baiona eta Golem Yamaguchi zinema-aretoetarako. 1 € / sarrera (lagun bakoitzeko 5, gehienez).

 

*Jarduera guztiak bonu edo sarreren bidez antolatu dira, eta 2020/07/06tik 2020/09/30era truka daitezke.

 

Hamaika plan Gaztediaren Etxean

Uztaileko bigarren hamabostaldian eta abuztuan, doako 33 plan ezberdin: dantzak, informatika, kultur jarduerak. Izena aurrez eman behar da, aurreko egunetik hasita eta jarduera abiatu bitarte.

¿Te ha sido útil esta página?