
Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak Iruñeko Txistularien Banda Elkartearekin eta Iruñeko Gaiteroak Elkartearekin dituen kontratuen hirugarren luzapena onetsi du. Horrela, bi taldeek hiriko hainbat ekitaldi eta ospakizunetan parte hartuko dute, 2025eko martxoaren 31ra arte. Hirugarren luzapen horren zenbatekoa 62.524,10 eurokoa da txistularien kasuan, eta 47.316,28 eurokoa, gaiteroen bandaren kasuan.
Iruñeko Txistulari Taldearekin sinatutako kontratuak jasotzen duen bezala, txistulariek kontzertuak eta emanaldiak egiteko konpromisoa hartzen dute, bai eta ekitaldi ofizial korporatiboetan edo jaiegunetan Udalaren segizioari laguntzekoa, baldin eta Iruñeko Udalak dei egiten badie. Ildo horretan, Iruñean antolatzen diren Hiri Gorpuztuaren desfileetan parte hartu beharko dute: San Fermin egunean, uztailaren 7an; San Ferminen Zortziurrenean, uztailaren 14an; Batasunaren Pribilegioan, irailaren 8an, eta San Saturnino egunean, azaroaren 29an.
Ekitaldi horiez gain, Udalbatzak parte hartzen ez duen bestelako emanaldiak ere eginen dituzte txistulariek. Zehazki, sanferminetan txupinazoan parte hartuko dute, eta gutxienez hiru kalejira eginen dituzte, Haurraren Egunean eta Nagusiaren Egunean, gutxienez. Gainera, jaietako egun guztietan dantzaldiak eginen dira haien eskutik.
Aldapako San Fermin jaietan bi ekitaldi egiteko konpromisoa hartu dute, eta Aralarko Aingeruaren irudiaren harreran ere egonen dira, udaberrian hirira egin ohi duen bisitan. Horrez gain, 34 diana inguru eginen dituzte azaroa eta ekaina bitartean, eta 19 dantzaldi Gazteluko plazan, ekainetik irailera bitartean.
Gaiteroak
Bestalde, Iruñeko Gaiteroak Taldeak konpromisoa hartu du Iruñeko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren Europako Erregeari hirian zehar egiten dituen irteeretan laguntzeko, bai Iruñeko sanferminetan zein Batasunaren Pribilegioaren egunean, Aldapako sanferminetan eta San Saturnino egunean, besteak beste.
Horrez gain, sanfermin jaietan beste emanaldi batzuk ere eginen ditu elkarteak. Zehazki, une hauetan joko dute: txupinazoaren ondoren, uztailaren 6an; Udaletxe plazan, hiriari eginiko omenaldian, eta uztailaren 14ko erraldoien agurrean; eta dantzaldiak eginen dituzte Gazteluko plazan, uztailaren 6an, 7an eta 14an.
Bi taldeekin hartutako konpromisoak barne hartzen du 34 diana ingurutan parte hartzea, azarotik ekainera bitartean, eta 19 dantzalditan ekainetik irailera bitartean, irailean Aldapako San Fermin eguneko dianetan parte hartzeaz gain.
Bai Iruñeko Txistulari Taldearen kasuan, bai Iruñeko Gaiteroak elkartearen kasuan, Udalak aukera libreko beste hiru alditan deitzen ahalko die, hitzartutako lekuetan parte har dezaten, betiere gutxienez arrazoizko aurrerapenarekin dei eginez gero. Hori alde batera utzita, Udalak kontratuan sartzen ez diren ez-ohiko beste jarduera batzuk kontratatzen ahalko ditu, horien truke dagokien zenbatekoa ordainduta.