
Astearte honetan, uztailak 9, Sarasate pasealekuan Txistularien Alarde tradizionala eginen da eguerdian, Iruñeko Udalak eta Euskal Herriko Txistulari Elkartea Nafarroak antolatua. Alardeak 65 urte bete ditu, baina bizi-bizirik dago, eta aurten aldarrikatu egiten ditu txistuak instrumentu gisa dituen askotariko alderdiak, hala musika tradizionalerako nola garaikiderako. Horretarako, errepertorioak askotariko musikak bilduko ditu, bai duela zenbait hamarkadatako piezak, bai gaur egungoak.
Berritasunetako bat da aldaketa egonen dela Alardearen zuzendaritzan, aurten Xabier Olazabal izanen baita zuzendaria, Aitor Urquizaren ordez. Txistulariekin batera, honako hauek arituko dira: Danserie Ensemble taldeko dantzariak (aurten zilarrezko ezteiak ospatzen dituzte); Atarrabiako Atarrabia Abesbatza, Iñigo Casalíren zuzendaritzapean; eta Ortzadar Euskal Folklore Elkartea (aurten 50 urte bete dituzte), zeinak dantzatzeaz gain kopla berezi batzuk abestuko baititu. Festarok (aurten 15 urte bete ditu) emanen du zuzenean alardea.
Ospakizun horiek guztiek bat eginen dute alardean, zeinak kalitate-maila handia lortzeaz gain, edizio bakoitzean berritasunak eta sorpresak eskaintzen baititu. 2024ko jaialdia hiru zatitan banatuta dago. Ohikoa den bezala, lehen zatian piezaren bat estreinatzen da, edo ezagunak diren piezen moldaketa berriren bat, konpositore gazteak aintzatesteko modu gisa: kontzertuari hasiera emanen zaio Eneko Azparrenen pieza batekin, zeinetan parte hartuko baitute Ene Pérez de Azpeitiak (Kontserbatorioan titulua eskuratu berri du) eta Joaquín Lecumberrik (konpositorea eta Barañaingo Musika Eskolako zuzendaria).
Alardearen bigarren blokean, 130 urte bete dituen Gamazadari omenaldia eginen zaio, Ortzadarren laguntzarekin: taldeak bost dantza dantzatu eta habanera bat eta Gamazadaren ereserkitzat jotzen den “Gernikako Arbola” abestuko ditu. Hirugarren blokean Danserie Ensemble arituko da, eta batez ere Errenazimentuko musika joko du, garai hartako instrumentu originalen kopia diren instrumentuak baliatuta. Amaitzeko, ohi bezala, Gainzaren “Biribilketa” joko dute, Txupinazoaren ondoren jotzen den lehenbiziko pieza; kasu honetan, Eneko Azparrenek egindako moldaketa bat joko dute.
TXISTULARIEN ALARDEAREN 65. EDIZIOA
- Sarasate pasealekua. 12:00etan. Sarrera librea
- Antolatzaileak: Iruñeko Udala eta Euskal Herriko Txistulari Elkartea Nafarroa