Txantreako urbanizazio-lanak eta sareak berritzekoak zehazten ari dira Doneztebe, Lesaka eta Elo kaleetako banaketa berria, oinezkoentzako egokiagoa

Txantreako urbanizazio-lanak eta sareak berritzekoak zehazten ari dira Doneztebe, Lesaka eta Elo kaleetako banaketa berria, oinezkoentzako egokiagoa
1,9 milioi euroko aurrekontuarekin, Udalak, Nafarroako Gobernuak eta Mankomunitateak ordainduko dituzte urte amaieran bukatuko diren lanak

Irudia
Irudia

Berrurbanizatzeko eta eta hornidura- zein saneamendu-sareak berritzeko lanen erdia egina dago jada Txantreako Mendigorria, Doneztebe, Lesaka, Elo eta Etxarri-Aranatz kaleetan, eta aurreikusitako epea bete eta urte amaierarako bukatuko direla uste dute. Iruñeko alkate Enrique Mayak eta Udalbatzako kide batzuek gaur goizean bertan ingurune horretan ekainaz geroztik egiten ari diren obrak bisitatu dituzte, eta jada bideen banaketa berria zehaztuta dago haietan, oinezkoentzako toki gehiagorekin.

Proiektuaren arabera espaloiak zabalduko dira, oinezkoen pasabide goratuak eginen dira, bideak asfaltatuko dira eta orain arte fatxadetatik zihoazen eta begi bistan zeuden zerbitzuak lur azpitik eramateko kanalizazioak eraikiko dira. 1.958.530,20 euroko inbertsioa eginen da guztira, Iruñeko Udalak, Nafarroako Gobernuak –Tokiko Inbertsio Planaren bidez– eta Iruñerriko Mankomunitateak ordainduta. Obrak ekainean hasi ziren Mendigorria kalean, eta uztailean, era mailakatuan, proiektuak ukitzen dituen gainerako bideetako jarduketak egiten hasi ziren. Jarduketak gauzatu bitartean zenbait gorabehera izan dira, nagusiki inguruneko merkataritza-establezimenduetara sartzeko sarbideekin eta zirkulazioa etetearekin zerikusia dutenak, Doneztebe, Lesaka, Elo eta Etxarri Aranatz kaleetakoa eten baita.

Mendigorria kaleko lanak ia amaituta daude, bidea asfaltatzea eta beste xehetasun batzuk besterik ez da falta. Doneztebe kalean espaloiak jada hormigoitu dira. Hortaz, saltokietara eta portaletara heltzeko sarbideak hobetu dira, gainerako esku-hartzeekin jarraitu bitartean. Elo, Lesaka eta Etxarri Aranatz kaleetako obrak ere aurrera doaz, Mankomunitateak egiten dituen lanak –kolektoreak eta hornidura-sareak– eta Udalarenak –espaloiak zabaltzea, galtzada estutzea eta hiri-altzariak paratzea– uztartuta. Halaber, disuasioko aparkaleku gisa gaitu da gertuko ingurune bat, Ezkaba kalean, hartara konpentsatzeko jarduketak egin diren kaleetan kendu diren horiek.

Espaloi zabalagoak oinezkoen segurtasuna handitzeko

Egiten ari diren lanek kaleen sekzioa mantentzen dute, oinezkoentzako eta ibilgailuentzako zirkulazio eskema berarekin, baina aldaketekin dimentsioei dagokienez, oinezkoen mugikortasunaren alde apustu egiten baitute, ibilgailuak zirkulatzeko espazioa murriztuta. Espaloi, zoladura eta zintarri guztiak berrituko dira honako kale hauek mugatutako jarduketa-esparruan: San Kristobal eta Mendigorria kaleen elkargunea, kale horren iparraldeko zatia, Elo kalea, Etxarri Aranatz kaleko hegoaldeko zatia eta Doneztebe kalea.

Doneztebe, Lesaka eta Elo kaleetan –jarduketa-esparru barruko kaleak– galtzada murriztuko da eta espaloiak zabalduko dira. Orain arte galtzadak 7 metro betetzen zituen, alde bietan ibilgailuak aparkatzeko bandekin, eta espaloien zabalera 1,5 – 2 metrokoa zen. Gauzatutako obren ondoren espaloiak bi aldiz handiagoak izanen dira, 3,5 metro izateraino, eta galtzadak 4 metro zabal izanen ditu, alde bietan linean aparkatzeko tokiak mantenduta. Galtzada eta aparkatzeko tokiak zintarriaren behe-aldeko mailan egonen dira, oinezkoen segurtasuna bermatzeko. Horrez gain, Doneztebe eta Lesaka kaleen erdialdean oinezkoen pasabide goratuak eginen dira barruko plazetatik igarotzen diren bideak elkar lotzeko.

Lan horiek baliatuta, hoditeria orokorrak eta saneamendu-harguneak –ur beltzenak zein euri-urenak– berrituko dituzte, baita hornidurak ere. Era berean, kale horietako argiteria publikoko instalazioa, hiri-altzariak, lorategiak eta ureztatze-sistema ere berrituko dituzte. Gainera, egonlekuetarako gune zabalagoak eginen dira, eserlekuz eta elementu naturalez hornituak. Azkenik, irisgarritasunari buruzko eta oztopo arkitektonikoak kentzeko araudia beteko da, beharrezko beheraguneak eginez espaloietan eta bertan paratzen diren hiri-osagaiak beste modu batez antolatuz.

¿Te ha sido útil esta página?