Txantreako San Migel koloniako etxebizitzak birgaitzeko lanak aurrera doaz, ingurunea berrurbanizatu eta berroneratzeko lanak amaitu eta gero. Iruñeko Udalaren Hirigintza Batzordea eta Gerentzia, Enrique Maya alkatearekin batera, martxoaren 1ean hasi eta abuztuaren 12an bukatutako berrurbanizatze lanak ikusten izan dira; inbertsioa 502.751,97 eurokoa izan da eta Iruñeko Udalak eta Mankomunitateak ordaindu dute.
Hauek dira egindako lanak: Atarrabiako etorbidearen eta Oltza Zendearen kalearen arteko eremua berrurbanizatzea, atarietara sartzeko bi kale oinezkoendako bihurtzea irisgarritasuna hobetzeko, hiri altzariak jartzea –jardinerak, eserlekuak edo bizikletentzako aparkalekuak– eta koloreztatutako asfaltozko zoladura berria jartzea. Hornidura-sareak, ur beltzenak, euri-urenak eta telefonia- eta elektrizitate-sareak berritzeko lanak ere egin dira.
Lan horiek amaituta, 1947an eraiki zen San Miguel kolonia osatzen duten 81 etxebizitzatik 75 eta merkataritzako bost lokal birgaitzeko lanei ekiten ahalko zaie. Eraikinetako jabeen erkidegoek sustatutako esku-hartzeak aurreikusten du, Nasuvinsaren zaintzapean, fatxadetako inguratzaile termikoa, igogailuak eta galdara indibidualen ordez eraginkorragoak diren gas-kondentsaziozko galdarak instalatzea. Koloniako auzokideen hamar erkidegok parte hartuko dute; horietatik lauk energia-inguratzailea hobetzeko lanak soilik eginen dituzte, eta hilabeteko epean bukatuta egonen dira. Beste sei erkidegok, aurrekoez gain irisgarritasuna hobetzeko lanak eginen dituzte, eta urte bukaerarako amaituta egonen dira.
Birgaitzearen kostua 3 milioi eurokoa da, eta horietatik 2.010.000 euro (% 67) laguntza publikoen bidez ordainduko dira, eta gainerako 990.000 euroak familia jabeek jarriko dituzte. Nafarroako Gobernuak (950.000 euro), Iruñeko Udalak (beste 760.000 euro) eta Energia Trantsiziorako Ministerioari atxikitako IDAE – Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (310.000 euro) emanen dituzte dirulaguntzak Europako PREE programaren barruko Next Generation funtsak baliatuz.
Arestian aipatutako udal-laguntzak honako hauek izanen dira: inguratzaile termikoaren kostuaren % 40 ordaintzeko dirulaguntza –gehienez ere 6.000 euro etxebizitza bakoitzeko–, irisgarritasuna hobetzeko kostuaren % 25 –gehienez ere 5.000 euro etxebizitza bakoitzeko– eta eraikinaren egokitzapen funtzionalaren edo egiturazkoaren kostuaren % 25 –gehienez 1.500 euro etxebizitza bakoitzeko–. Udal-laguntza horiek osatzeko Udalak aldamioak lagako ditu eta diru-sarrera urriak dituztenendako mailegu pertsonalak izapidetuko ditu.
Horiez gain, Nafarroako Gobernuak etxe bakoitzeko gehienez ere 6.000 euro emanen ditu inguratzailea jartzeko, etxe bakoitzeko 8.000 euro igogailua jartzeko eta kasu batzuetan banakako laguntzak galdarak aldatzeko. Estatuak, PREE programaren barruan, 6.500 eurora arteko ekarpena eginen du kasuaren arabera.
Nasuvinsaren auzo-bulegoa
Iruñeko Udalak Nasuvinsak Txantrean duen auzo-bulegoari ere laguntzen dio, 77.658ko ekarpena eginez langileria-gastuen zati bat eta kanpoko azpikontratazio, berariazko txosten tekniko eta bulegoaren mantentze-lanen gastuak ordaintzeko. Gainerako ekarpena Nasuvinsak egiten du, urtean 185.000 euro bitarte. Bulego horrek etxebizitzak birgaitzeko (besteak beste San Migel koloniakoak) laguntza eta aholkularitza teknikoa ematen die herritarrei.