Iruñeko Udalak dagoeneko ireki ditu Txantreako Ezkaba plazako eta Lezkairuko Maravillas Lanberto plazako haurrendako guneak, azken asteetan bi gune horietan estalkiak jartzeko egindako lanen ondoren. Hala, bizilagunek eta adingabeak dituzten familiek egindako eskakizunei erantzuna eman zaie urteko edozein unetan erabiltzen ahal diren estalitako aisialdi- eta jolas-guneak izateko, meteorologia gorabehera.
Bi jarduketa horietan Iruñeko Udalak 242.000 euro inbertitu ditu eta Txantrean, Lezkairun, Arrotxapean, Sanduzelain, Buztintxurin eta Azpilagañan haurrendako sei jolasgune sei ehun-estalkiz hornitu eta horiek instalatzeko kontratuaren parte dira. Kontratu hori hiru lotetan lizitatu zen, 610.000 euroko zenbatekoarekin. Ezkaba eta Maravillas Lanberto plazetako estalkiak 2. lotearen barruan daude eta 2020an Iturramako bulebarrean (Félix Uharte plaza) eta Mendillorriko Aintziran instalatutako beste biri gehitzen zaizkie.
Otsailean zehar amaituko dira lanak aurreko urtean loteka lizitatu zen kontratuari lotuta dauden haurrendako beste lau jolasguneetan. Obra zibila gauzatzen ari da Sanduzelaiko Sandua, Arrotxapeko Anelier eta Buztintxuriko Santa Luzia pasealekuetako eta Azpilagañako Manuel Turrillas plazako jolasguneetan. Sandua pasealekuko eta Manuel Turrillas plazako kasuetan zehazki, obrek berezitasunak dituzte, zuhaitzak daudelako eta lurrazpiko aparkaleku baten gainean daudelako, hurrenez hurren.
Estalkien irtenbideak
Ezkaba plazan azkenean estalki bakarra jarri da haurrendako jolasguneek hartzen duten espazio guztia hartzeko, zeinak elkarren ondoan dauden bi eremutan banatuta baitaude. Maravillas Lanberto plazaren kasuan, beste irtenbide bat ematea aukeratu da, estetikoagoa, egitura bakarrean bi estalki jarrita eta diseinua egiteko orduan kontuan hartuta jolasguneek zirkulu-itxura dutela.
Estalkiak metalezko egiturez egin dira, eta horiek estaltzeko poliester-ehuneko erresistentzia handiko mintzak erabili dira, PVCz estaliak bi aldeetatik eta kolore zuri zeharrargikoak. Jolasgunearen gaineko edozein gunetan, gutxienez 3 metroko garaiera librea dago, eta jolas baten gainean gutxienez 2 metro daude. Estalkiek ere argia badute.
Hala, segurtasun maila gorenak betetzea da xedea, baita haurrendako jolasguneen balio ludikoa handitzea eta balio estetiko eta erosotasun maila altua lortzea ere.