Txantreako Ezkaba kalearen inguruak mugikortasun-baldintzak hobetu ditu, oinezkoendako eremuak handituz eta bidegorri tarte berri bat eginez

Txantreako Ezkaba kalearen inguruak mugikortasun-baldintzak hobetu ditu, oinezkoendako eremuak handituz eta bidegorri tarte berri bat eginez
Berritasun horiek osatzeko, eskola-ingurune segurua sortu da Eunate institutuaren sarreran, eta lorategi-eremu berriak
ezcaba

 

Iruñeko Udalak amaitu ditu Txantreako Ezkaba eta Miravalles kaleen inguruko jarduketak, eta mugikortasun- eta ingurumen-baldintzak hobetu ditu. Hala, eremu horretako eraldatze osoa osatu da: oinezkoendako eremuak handitu dira, eskola-ingurune segurua sortu da Eunate institutuaren sarreran eta bi noranzkoko 275 m-ko bidegorri tarte berri bat jarri da abian, Atarrabiako etorbideraino. Horrez gain, lorategi-eremu berriak jarri dira, drainatze-jasangarriko sistemekin.

Txantreako eremu horren eraldaketaren hobekuntzarik esanguratsuenetako bat da eskola-ingurune segurua sortu izana Eunate institutuaren sarreran. Hori lortzeko oinezkoendako eremua handitu egin da 300 m2-tan, eta oinezkoendako pasabide goratu eta aurreratua egin da, 3 metro zabal dituena pasatzeko. Eremu berri hori bi kaleen aurreko galtzadaren gainean eraiki da, zeinetan erreiak estutu egin baitira. Bi estrategia horiek, pasabidea goratzeak eta erreien zabalera murrizteak, zirkulazioa baretzea laguntzen dute, abiadura modu eraginkorrean murriztea lortzen baitute.

Esku-hartzeak, halaber, Miravalles eta Ezkaba kaleen elkarguneko oinezkoendako pasabidea gerturatu du, eta horrek ekarri du eremu horretan oinezkoen ibilbideak hobetzea. Aldi berean, oinezkoen pasabidearen zabalera nabarmen handitu da, horrela pertsona gehiago pasatzen ahal direlarik aldi berean, kontu hori funtsezkoa baita ikastetxera sartu eta ateratzeko uneetan, ikasle gehienak biltzen direnean.

Esku-hartzearen oinarrizko beste puntuetako bat da bi noranzkoko 275 m-ko bidegorri tarte berri bat abian jarri dela, Ezkaba kaleko hegoaldean zegoen bizikleta-espaloia eta Atarrabiako etorbidea lotzen dituena. Zuzkidura berriak 2,5 metro zabalerako neurri estandarrak ditu, eta hura eraikitzeko galtzadaren espazioa murriztu da. Ondorioz, ibilgailuen zirkulaziorako erreiak estutu dira. Halaber, bidegorri berria eraikitzeak berekin ekarri du Ezkaba plazaren ondoan zeuden aparkaleku-plazen atzeraemangunea. Eremu horretan ere galtzadaren neurriak murriztu egin dira. Izan ere, lehengo zabalerak abiadura-arazoak eragiten zituen eta zenbait ibilgailuk ilegalki aparkatzen zuten.

Ziklistendako azpiegitura hori eraikitzea Eunate Institutuaren aspaldiko eskaera bat zen, egunero ikasle ugari joaten baitira bizikletaz ikastetxera, eta orain arte ez baitzuten bertara sartzeko bide segururik. Jarduketak, oro har, aurrerapauso bat suposatzen du ‘Go Green Iruña’ estrategiaren garapenean, zeinak barne hartzen baititu gure hirian CO2 isurpenak zorrozki murriztera bideratutako jarduketa guztiak, mugikortasun jasangarriaren garapena izanik helburu nagusietako bat, isurpen kutsagarri gehien eragiten dituen sektorea baita.

Lau lorategi-eremu sortzea, drainatze jasangarriko hiri-sistemekin

Txantreako eremu honetako jarduketekin batera, 170 metro koadro lorategi-eremu martxan jarri dira, lau tokitan banatuta eta drainatze jasangarriko sistemekin. Iragazpen-biltegiak dira, honela osatuak: lurzoruan bertan 1,5 metro baino gehiagoko sakonera duen ontzi bat zulatu da, haren alboetako hormak iragazgaiztu dira, eta lehen metroa geotestilez babestutako kareharri-legarrez bete da, eta goialdea, landare-lurraz. Hala lortzen da zintarrietatik doazen eta eremu horietan iragazten diren euri-uraklegarren ontzian biltzea euria ari duenean, eta lur-eremu naturalera iragaztea, atertzen duenean. Iragazte-ontzian bio-erretentzio kutxak jarri dira, legarraren atxikitze-ahalmena handitzeko xedez.

Iruñeko Udala, Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako Estrategiaren bidez, hiriko hainbat puntutan euri-uren drainatze jasangarriko hiri-sistemak sortzen ari da. Iruñeak bat egiten du horrela drainatze jasangarriko sistema horren alde apustu egiten duten Europako beste hiri batzuekin, zeina euri-urak biltzetik haratago baitoa, oinarrizko hiru helburu betetzen dituelako. Batetik, euri-urak jatorrian tratatzen dira, eta horrela ur horiek eramaten dituzten substantzia kutsatzaileak ez dira ur-ibilguetara heltzen. Bestalde, euri-jasa handietako ur-fluxuei eusten zaie, eta uholde-arriskua murrizten da. Azkenik, euri-urak lur-eremu naturalean infiltratzea ahalbidetzen da, akuiferoak betez eta hiri-espazioetako iragazgaizteak prozesu natural horretan dituen ondorioak gutxituz.

Txantreako eremu berrian kokatuta dauden lorategi-eremuak sortzea Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako Estrategian jasotzen den beste esku-hartzeetako bat da. Izan ere, lurzorua era horretako lorategien bidez iragazkor bihurtzea klima-aldaketak hiri ekosistemaren eta bertako biztanleen osasunaren gainean dituen ondorioak arintzeko beharrezkoak diren neurrien parte da. Zolatuta zeuden eremuak ‘birnaturalizatzea’ dakar, bioaniztasunari dagozkion onurekin, bero-irlen murrizketarekin eta CO2 atxikipenarekin. Lorategi horiek osatzeko aukeratu diren landare-espezieek Iruñeko eguraldiarekiko egokitasun-maila handia eta ureztatze-eskaera txikia dute.

¿Te ha sido útil esta página?