Aste honetan hasi dira berrurbanizatzeko eta hornidura- zein saneamendu-sareak berritzeko lanak Txantreako Mendigorria, Doneztebe, Lesaka, Elo eta Etxarri-Aranatz kaleetan. Lanak lau fasetan banatuta daude eta urte amaiera bitartean gauzatuko dituzte; 1.958.530,20 euroko aurrekontua dute, Iruñeko Udalak, Nafarroako Gobernuak –Tokiko Inbertsioen Planaren bidez (TIP)– eta Iruñerriko Mankomunitateak finantzaturik. Espaloiak handitzea, oinezkoen pasabideak goratzea, asfaltatze-lanak eta egun fatxadetan dauden zerbitzuak lurperatzeko kanalizazioak; horra lanek barne hartzen dituzten jarduketak.
Lehenengo faseak Mendigorria kaleari eraginen dio; gorabeherak izanen dira errepideko zirkulazioan, zirkulazioa etenen baita noranzko batean, San Kristobal eta Ezkaba kaleen arteko tartean. Zirkulazioa eten da Burlatarako noranzkoan, eta hortaz, ibilgailuak San Kristobal kaletik desbideratu beharko dira, María Ana Sanz BHIaren atzealdetik, eta Etxarri-Aranatz kalea hartu, Ezkaba kaletik Burlatara segitzeko. Kontrako noranzkoa, ordea, zirkulaziorako zabalik mantendu dute Ezkaba kaletik Mendigorria kalera joan nahi duten ibilgailuentzat. Villavesak ere Etxarri-Aranatz kaletik desbideratuko dira, eta oinezkoei itxiko zaie Doneztebe, Lesaka eta Elo kaleetatik gertuen dagoen espaloia, hori bai, oinezkoen pasabideak mantenduta. Saltokietara sartzeko plataformak paratuko dituzte, egiten ari diren jarduketen gainetik pasatzeko.
2. fasea uztailaren 8an hasiko dute, Doneztebe kalean; 3. faseari astebete geroago helduko diote, uztailaren 15ean, Lesaka kalean, eta 4. eta 5. faseak, hurrenez hurren Elo eta Etxarri-Aranatz kaleei dagozkienak, uztailaren 27an abiatuko dituzte. Guztietan, zein kaletan jardun eta hori itxiko da zirkulaziorako, eta Etxarri-Aranatz kalearen kasuan, Mendigorria kalea proposatu da zirkulaziorako behin-behineko bide gisa, baita villavesentzat ere. Oinezkoek espaloiak erabiltzen ahalko dituzte baldin eta une horretan lanean ez badaude, eta saltokietara sartzeko plataforma erako igarobideak erabiliko dira oraindik ere.
Oinezkoendako toki seguru handiagoak
Gauzatzekoa den proiektuak bere horretan mantentzen du kaleen egungo sekzioa, batetik, oinezkoen zein ibilgailuen zirkulazio-eskema bera mantenduz eta, bestetik, zoladura, espaloi eta zintarri guztiak ordeztuz jarduketa-esparruaren perimetroan, hau da, San Kristobal, Mendigorria eta Etxarri-Aranatz kaleetako hegoaldean.
Barneko kaleetan, hots, Doneztebe, Lesaka eta Elo kaleetan, oinezkoen joan-etorriak eta segurtasuna hobetzeko aldaketak proposatu dituzte. Galtzada 4 metrora murriztuko dute, bi alboetan ilaran aparkatzeko lerro bana jarriko dute eta espaloiaren zabalera 3,5 metrora zabalduko. Galtzada eta aparkatzeko tokiak zintarriaren behe-aldeko mailan aurreikusi dituzte, oinezkoen eremua babesteko. Oinezkoen komunikazio eta segurtasun hori hobetzeko, Doneztebe eta Lesaka kaleen erdian oinezkoen pasabide goratuak jarriko dituzte, espaloiaren maila berean, barneko plazetako ibilbideak eta San Kristobal kalearen ondoko plaza lotuz. Mendigorria eta Etxarri-Aranatz kaleetako bidegurutzeetako oinezkoen pasabideen zabalera ere murriztuko da, espaloien lerrokatze berriekin bat.
Esku hartze horren barruan hornidura- eta zuzkidura-zerbitzuei loturiko jarduketak eginen dituzte, baita berdeguneei loturikoak ere. Eremu berrietan egonlekuak jarriko dituzte, oraingoak baino zabalagoak, Etxarri-Aranatz eta Mendigorria kaleetara joaten diren espaloien eta eraikinen artean. Eremuak krema koloretako galtzada-harrizko zoladuraz, altzari berriez eta zuhaitzez hornituko dituzte.
Halaber, bide batez, hoditeria orokorrak eta saneamendu-harguneak –ur beltzenak zein euri-urenak– berrituko dituzte, baita hornidurak ere. Era berean, argiteria publikoko instalazioa, hiri-altzariak, lorategiak eta ureztatze-sistema ere berrituko dituzte. Azkenik, oztopo arkitektonikoak kentzeko araudia beteko da, beharrezko beheraguneak eginez eta hiri-osagaiak berrantolatuz.