
Iruñeko Udalaren Bulego Berdeen Sareak egoitza bat izanen du Txantrean, martxoaren 1etik aurrera. Hala, hiriak hiru bulego berde izanen ditu, herritarrei energiaren inguruko laguntza emateko, birgaitzeari lotutako kontuei buruz aholkatzeko, eta dirulaguntzak eta irtenbide finantzarioak eskuragarriagoak izateko. Txantreakoaz gain, beste bi bulego berde ditu Iruñeak: bata, Iruñea Biziberritzen sozietateak kudeatutako Arrosadiko Bulegoa Berdea, eta, bestea, Arrotxapekoa, zeina oPEN Lab proiektuarekin lotuta baitago.
Txantrea sare horren parte izan ahal izateko, lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute Nasuvinsa enpresa publikoak eta Nafarroako Gobernuak; 2014an Efidistrict birgaitze energetikorako Europako proiektuari esker sortu zuten sarea, eta hitzarmenak tresna horri jarraipena ematen dio. Data horretatik aurrera, birgaitze energetikorako plan handinahi baten parte izaten hasi zen Txantrea, Europar Batasunaren dirulaguntza-deialdi bati esker; planak 50 urte baino gehiago dituen Iruñeko gune hori berritzea zuen helburu, kalitate baxuko gunea baita, eta energia-efizientziarekin lotutako arazo nabarmenak baititu.
798 portale daude Txantrean, eta, guztira, erroldatutako 6.273 etxebizitza. Efidistrict proiektuak auzo osoan esku hartzea aurreikusten zuen. Jarduketetako batzuek etxebizitzen birgaitzea dute ardatz: inguratzaileak jarriko dituzte fatxadetan, eta, horrela, energia-efizientzia hobetuko dute. Gainera, biomasa-galdara bat jarriko dute auzoaren eskura, erregai fosilen kontsumoa murrizteko. Izan ere, etxebizitzek petrolio eta gas naturalaren kontsumo osoaren % 18,5 hartzen dute, baita energia elektrikoaren eskariaren % 25 ere.
Hamar urte igaro dira Efidistrict proiektua abian jarri zenetik eta, denbora horretan, auzoko 798 portaletako 121 fatxadatan inguratzaileak jartzeko lanak egin dituzte, eta beste 42 portaletan lanak egitea adostu dute. Orvina II-n eta Orvina III-n egin dituzte lan gehien: Orvina II-n, 38 portaletatik 30etan egin dituzte lanak, eta Orvina III-n, portale guztietan; auzoko 6.273 etxebizitzetatik 1.904 bi gune horietan daude. Etxebizitza parkea modernizatzeaz gain, birgaitze energetikorako jarduketek hirigunea berritzea barne hartzen dute, irisgarritasuna, joan-etorri jasangarriak eta azpiegiturak berritzeko lanak hobetzeko.
Auzoan Birgaitze Bulego bat izatea onuragarria da proiektuak arrakasta izateko: Nasuvinsak 2014tik kudeatzen du proiektu hori, Uharte kaleko 32.enean. Bulegoak argibideak eta laguntza eskaintzen ditu, birgaitze energetikorako jarduketak abian jartzeko xedez. Bulegoaren mantentze-lanak errazteko, Udalak laguntza ekonomikoa ematen dio 2018tik. Hain zuzen ere, sei hitzarmen sinatu dira azken urteotan, eta finantzaketaren zati handi bat Udalak hartu du bere gain, bulego hori irekita mantentzeko xedez. Gainera, 2021eko maiatzaz geroztik, Europako Inbertsio Bankuarekin du kontratua Nasuvinsaren Birgaitze Bulegoak; kontratu hori Elena-Primavera Europako proiektuaren bidez sinatu dute, honako helburu honekin: kudeaketa-talde baten bidez, tokiko entitateek energia-efizientzian inbertitu dezatela sustatzea.
Eginkizunak eskualdatzeko elkarlana
Egungo hitzarmena bi entitateen arteko elkarlanaren isla da, eta kudeaketa-taldeari jarraipena ematea du helburu, aintzat hartuta Elena-Primavera proiektua amaitutzat jotzen dutela. Hala, Udalak bere gain hartu ditu Txantrean hiri-birgaitze energetikorako egiten ari diren lanak, eta Birgaitze Bulegoa Bulego Berdeen Sarean sartu du.
Modu horretan, 2025eko martxoaren 1etik uztailaren 6ra jarduketa koordinatuak martxan jartzeko konpromisoa hartu du, auzoan energia berriztagarriak sustatzeko, eta irisgarritasun unibertsala eta instalazio termikoak hobetzeko. Gainera, Udalarekin elkarlanean, Txantreako bizilagunei argibideak emanen dizkie Udalak auzoan jarri nahi duen energia-komunitateari buruz. Bi entitateek iritzi bera izanen dute prestakuntzari eta komunikazioari dagokienez, eta adierazle bateratuak izanen dituzte, auzoko energia-aurrezpena, egindako jarduketak, eta bizilagunen komunitateetan izandako onura sozial eta ekonomikoak baloratzeko.
Nasuvinsak hiru teknikariz osatutako talde bat mantenduko du, eta lanaldi osoa izanen dute; halaber, Birgaitze Bulegoan argibideak emateko koordinatzaile bat arituko da lanean, hitzarmenean ezarritako epearen amaierara arte (uztaila). Aipatutako taldeak dirulaguntzen deialdiei buruzko informazio eguneratua eskainiko die bizilagunei, baina ez dituzte izapideak kudeatuko. Hala eta guztiz ere, proiektuak idazteko orduan jarraipena eta babesa eskainiko diete talde tekniko adjudikaziodunei eta etxebizitzen jabeei.
Iruñeko Udalak, berriz, 77.658 euro jarriko ditu langileen gastuak ordaintzeko: 2024ko uztailaren 6tik 2025eko uztailaren 6ra arte ordainduko ditu gastu horiek. Gainera, konpromisoa hartu du proiektuan barne hartzen dituzten erabilera publikoko gune publiko eta pribatuak egokitu eta urbanizatzeko; halaber, konpromisoa hartu du esku-hartze orokorreko proiektuak idatzi eta kudeatzen dituzten teknikarien ordainsariekin lotutako dirulaguntzen deialdi berriak argitaratzeko. Azkenik, berokuntza-instalazio zaharrak banatzeko sarea berritzen lagunduko du, baita Txantreako sare termiko berriaren banaketa-sarea zabaltzen ere.