Txantreako auzo-eztabaidagunerako galderak eta iradokizunak egiteko epea bihar arte (osteguna) zabalik dago

Txantreako auzo-eztabaidagunerako galderak eta iradokizunak egiteko epea bihar arte (osteguna) zabalik dago
Bilera otsailaren 20an, asteartearekin, eginen da, eta ludoteka-zerbitzua izanen da aldez aurretik erreserba eginda, baita entzumen-irisgarritasunerako hainbat baliabide ere

txantrea


Herritarrek otsailaren 15era arte (osteguna) egiten ahalko dituzte kontsultak, ekarpenak eta iradokizunak Txantreako Auzo-eztabaidagunerako. 2024ko otsailaren 20an eginen da, Salestarrak Zentro Komunitarioan, 18:30etik 20:00etara.

Saioan bertan ekarpenak aurrez aurre egiteaz gain, nahi dutenek aldez aurretik ere online egiten ahalko dituzte Erabaki Iruña plataformaren eta foros@pamplona.es posta elektronikoaren bidez. Gainera, eztabaidagunea Youtubeko Participa Pamplona kanalaren, partaidetzako sare sozialen eta Iruñeko Udalaren sare orokorren bidez jarraitzen ahalko da. Saioaren traolak honako hauek dira: #ForoTxantrea eta #TxantreakoEztabaidagunea. Saioak entzumen irisgarritasuneko zerbitzua izanen du: zeinu-hizkuntzako interpreteak, azpitituluak eta begizta magnetikoa aparatuak edo inplanteak dituztenendako.

Auzo-eztabaidagune guztietan auzoko zinegotzia egotea aurreikusten da, kasu honetan, Joxe Abaurrea San Juan.
Herritarren parte-hartzeko gune hori interesa duten pertsona, kolektibo eta entitate guztiei zabalik dagoen eztabaidagune gisa eratuta dago. Parte-hartzea errazteko, eztabaidaguneek kontziliazio zerbitzua / haurrendako ludoteka dute, eta topaketa egin bitartean haurrak hezkidetza irizpideetan zaintzeaz arduratzen dira. Informazio osagarria lortzeko, Herritarren Partaidetzako Zentroarekin harremanetan jartzeko aukera dago, 948420266 telefonoaren bidez edo foros@pamplona.es helbide elektronikoaren bidez.

Galderei erantzuteko eta proiektuak eta hobekuntzak aurkezteko, auzoan erantzukizunak dituzten teknikariak egonen dira, Udalekoak zein Udalez gaindikoak. Saioaren egitura honako hau izanen da: hasieran Udalak argibideak eta kontuak emanen ditu; ondoren auzoko proiektu komunitarioen arduradunek informazioa emanen dute, eta, azkenik, Udalaren ordezkariek herritarren ekarpenak entzun eta jasoko dituzte galderak eta proposamenak egiteko tartean.

Programatutako hurrengo Auzo-eztabaidagunea otsailaren 27an eginen da, Buztintxurin, Buztintxuri ikastetxe publikoan. Eztabaidagune horretarako ekarpenak aurkezteko epea zabalik dago, sistema beraren bidez.


AUZO-EZTABAIDAGUNEEN EGUTEGIA. ASTEARTEETAN, 18:30 – 20:00

•    Otsailak 20. Txantrea. Salestarrak Zentro Komunitarioa
 Auzoko zinegotzia: Joxe Abaurrea San Juan

•    Otsailak 27. Buztintxuri
Auzoko zinegotzia: Borja Izagirre Larrañaga. Buztintxuri IP


 

¿Te ha sido útil esta página?