
Salestarren Zentro Komunitarioan eginen da asteartean Txantreako auzo-eztabaidagunea. Topaketan Joxe Abaurrea San Juan auzoko zinegotziak parte hartuko du, baita udal teknikariek ere. Saioa 18:30ean hasiko da eta irekia izanen da jende orok, auzoko bizilagunek eta Txantreako erakunde, elkarte eta gizarte-ehuneko ordezkariek parte hartu ahal izan dezaten.
Iruñeko Udalak antolatzen dituen auzo-eztabaidagune guztietan ohikoa den bezala, saioa zuzenean jarraitu ahal izanen da, streaming bidez, www.pamplona.es/eu udal webgunean eta Youtubeko udal-kanalean. Bertaratzerik ez dutenek online parte hartzen ahalko dute, emanaldiaren kanaleko txataren bidez. Joan den ostegunera arte proposamenak, iruzkinak eta iradokizunak bidaltzeko aukera izan zen Erabaki Iruña plataformaren eta foros@pamplona.es posta elektronikoaren bidez. Jasotako ekarpen guztiak Auzo-eztabaidagunean zehar aztertuko dira.
Iruñeko Udalaren Herritarren Partaidetza arautzen duen Erregelamenduaren arabera, Auzo-eztabaidagunea “auzoak parte hartzerako duen organo irekia da, eta auzoko gizarte- eta ekonomia-ehuna osatzen duten kolektibo guztiek, herritar aktiboek eta herritarrek, oro har, parte hartzen dute bertan”. Lehen-lehenik, zinegotziak auzorako ekintzak eta proposamenak aurkeztuko ditu, eta, ondoren, udal-teknikariek intereseko eta/edo gaurkotasuneko proiektuak edo programak azalduko dituzte. Ondoren, parte hartzeko txanda irekiko da, bertaratutakoei hitza eman eta posta elektroniko bidez eta online eginiko kontsultei erantzuteko.