Iruñeko Udalak 14.500 liburuxka banatuko ditu postontzietan Txantrea eta Arrotxapea auzoetan. Horietan, oinezkoendako eta txirrindulariendako ibilbide berri bat eraikitze aldera Belosoko aldapako obren ondorioz, ibilgailuen trafikorako ordezko ibilbideak eskainiko dira. Liburuxken bidez hiriaren erdigunera iristeko hainbat aukera erakutsiko dira, ahal den neurrian, trafikoa partzialki moztuta edukiko duen Belosoko aldapa saihestuz, eta baita Labriteko aldapa ere, bide horretan ibilgailuen zirkulazioa handituko dela aurreikusten baita.
Liburuxkak ostegun eta ostirala bitartean banatuko dira, halako moldez non obra horiek eragiten dieten Iruñeko herritar gehienek informazioa jasoko baitute hilaren 15etik aurrera (astelehena) trafiko-mozketak hasi baino lehen. Egun horretan, Belosoko aldaparen erdibitzailea txikitzeko lanak hasiko dira. Ondozioz, bide hori errei bakar batekin utziko da, erdigunera igotzeko bidean. Aurreikuspenen arabera, lan horiek bost aste inguru iraunen dute. Ondoren, espaloian bertan hasiko dira lanak, 12 hilabetez.
Horrek guztiak zaildu eginen du zirkulazioa bide horretan, eta baita Labriteko aldapan ere; izan ere, Txantreatik eta Magdalenatik datozen ibilbide alternatiboek bertan bat egin eta auto-ilarak eragiteko arriskua dago. Horregatik, Udaltzaingoak ordezko ibilbideak diseinatu ditu, bi puntuetan sortzen ahal diren “botila-lepo” horiek saihesteko. Horretarako, Txantreatik eta Arrotxapetik hirigunera doan zirkulazioa Vergel kaletik Erreginaren aldaparantz eta Biurdana kalerantz bideratzea gomendatzen da, hiriaren erdigunera iristeko.
Iparraldetik, AP-15etik eta Buztintxuritik iristen diren ibilgailuendako, Nafarroako etorbidetik Donibanerantz hartu eta La Olivako Monasterioaren kaletik zirkulatzea da proposamena. Gipuzkoako etorbidetik datozenak Biurdanarantz egiten ahalko dute edo Erreginaren aldaparantz Olivako Monasterioa arte. Sarrigurenetik nahiz Burlatatik eta Atarrabiatik Aretako industrialdetik barna iristen diren ibilgailuendako Sarrigurengo errepidea gomendatzen da, Beloso igotzeko errei bakarra garraio publikoaren 4. linearako eta Burlatako kale Nagusitik sartzen diren ibilgailuendako soilik izanen baita.
Ukitutako eremuetara sartu aurretik trafikoa berrantolatzeko asmoz, Iruñeko Udalak seinaleen bi eraztun diseinatu ditu, bata kanpokoa eta bestea barnekoa. Kanpoko eraztuna Ipar Ingurabide osoan zehar garatzen da (PA-30) eta Bizkarmendia kalea ere hartzen du, Burlatan. Kale hori hainbat zatitan moztuko da, ibilgailuak Belosoraino sar ez daitezen. Informazio kartelak Berriozartik jarri dira, erdigunera sartzeko biribilgune guztietan (Gipuzkoako etorbidea, Artikako errepidea, Antsoaingo errepidea eta Canteras kalea). Era berean, Ezkabako tunelen aurreko desbideratzeetan ere kartelak jarri dira, PA-30 errepidetik Uharterantz desbideratzea gomendatzeko.
Txantreako eta Magdalenako sarbideetan, Labriteko aldapan auto-ilarak sortzen ahal direla ohartarazten dute seinaleek, hain zuzen ere, Atarrabia etorbidean, San Kristobal kalean eta Magdalena kalearen eta Irubide parkearen arteko biribilgunean, Vergeleko zubia baino lehen jarri diren seinaleetan. Gomendio orokorra da, ahal den neurrian, Belosotik eta Labritetik igarotzea saihestea, eta ordezko ibilbideak erabiltzea zirkulazioa ez pilatzeko, batez ere puntako orduetan.
JARDUKETAK BELOSON
- Erdibitzailea aldatzea: lanak apirilaren 15ean hasiko dira eta bukatzeko epea hilabete edo hilabete eta erdikoa da.
- Hegala, espaloia eta bidegorria eraikitzea
- Hasiera: maiatzaren amaiera. Gauzatzeko epea: 10-11 hilabete
- Lau tartetan eginen da:
1. tartea: Burlatako biribilgunea – Hotelerako sarbidea (2 hilabete)
2. tartea: Hotelerako sarbidea – Amaya Kirol Hirirako sarbidea (2,5 hilabete)
3. tartea: Amayarako sarbidea – Hiru erreiko tartea (4,5 hilabete)
4. tartea: Hiri erreiko tartea – Cepsa gasolindegia (1,5 hilabete) - Amaiera-data: 2025eko apirila
ARGIBIDEETARAKO TELEFONOA: 012
Informazio-zerbitzu iraunkorra: 012 telefonoan