Txandaka aparkatzeko eremu gorriko 200 toki, merkataritza-ordutegian, bi Zabalguneetan (horietako 108 berriak); Alde Zaharreko eta 1. Zabalguneko bizilagunendako 126 aparkatze-toki (Runan eta Antoniutti ondoan); Trinitarioseko disuasio-aparkalekua eta erdigunea lotzeko doako villavesa-bidaia; Telpark-en moduko app bat Alde Zaharrera unean-unean sartzea azkarrago kudeatzeko; eta aurrez aurreko arreta bulegoa berrirekitzea, oraingoan Udaltzaingoaren egoitzan. Horiek dira Iruñeko Udalak astelehenetik aurrera (martxoak 5) eta apirilaren amaiera bitarte abiatuko dituen neurri batzuk Erdialdea Atsegin egiteko Plana hobetze aldera. Proposamen horiek biltzen ditu hobekuntzako 10 neurri eta 3 neurri osagarri barne hartzen dituen sortak. Udaleko zerbitzu teknikoek diseinatu dituzte neurriak, aintzat hartuta 6 hilabetean zehar herritarrekin, interes taldeekin eta arloko adituekin planaren gainean egindako ebaluazio-lanak.
Iruñeko alkate Joseba Asironek, Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako zinegotzi ordezkari Joxe Abaurreak, Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako zinegotzi ordezkari Itziar Gómezek, Hiri Ekologiako eta Mugikortasuneko zinegotzi ordezkari Armando Cuencak eta Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkari Edurne Eguinok gaur goizean aurkeztu dute mugikortasun jasangarriaren kontzeptu berriaren aldeko apustua berresten duen neurri-sorta, betiere "ahalik eta adostasun-maila handienarekin eta Alde Zaharra arian arian prozesu partizipatiboaren muinean piztu zen elkarlan-espiritua berreskuratuta".
Hobekuntzako 10 neurrien helburuak dira, funtsean, Alde Zaharrera sartzeko baimenak eskatzeko tramiteak azkartu eta sinplifikatzea, erdialdera sartzea posible izaten jarraitzea erraztea eta zenbait ibilbide berrikustea. Hiru neurri osagarriek planari buruzko informazioa eta komunikazioa dute ardatz: plana ikusaraztea, ibilbideen inguruko seinaleen bitartez, hiriko sarbideetatik erdialderaino; hainbat sektorerekin koordinazioa erraztea, adibidez merkatariekin; eta aparkalekuen gaia koordinatzea; hori guztia sinergiak erraztuko dituzten adostasun-aukerak ikertzeko.