Civivox sarean eginen da, gaur (asteartean) hasi eta maiatzaren 6ra bitarte, “Piztuta! Euskal kultur begirada”, euskarazko kulturari eskainitako zikloa. Lantegiek, kontzertuek, musika- eta dantza-ikuskizunek eta berariaz haurrei zuzendutako jarduerek osatzen dute programa. Juslarrocha Civivoxa eta Sanduzelaiko Civivoxa izanen dira programa honetako agertokiak. Ikuskizunetarako sarrerak erostea eta lantegietarako tokiak erreserbatzea, Udalaren Kulturako webgunearen bidez egiten ahal da (www.pamplonaescultura.es/eu).
Hutsun Txalaparta Taldeak txalapartaren hastapeneko ikastaro batekin irekiko du zikloa gaur arratsaldean, Juslarrocha Civivoxean. Ikastaroak lau saio izanen ditu, apirilaren 18tik 27ra, 19:00etatik 20:30era. Ikastaroak instrumentuarekin lehen harremana izateko aukera ematen du, eta doakoa da, aldez aurretik izena emanda. Ikastaroaren amaieran, apirilaren 28an, ostiralarekin, 19:30ean, Sanduzelaiko Civivoxean, Hutsunek eta JEL Triok txalaparta-kontzertua emanen dute ‘Artze’ haien baterako lehen diskoa aurkezteko. Lan honek jazza, tangoa eta euskal musika tradizionala uztartzen ditu. Aldez aurretik izena eman behar da eta sarrerak euro bat balio du.
Txalaparta ezagutzeko hurbilketa horretan, Hutsun taldeak ‘Joko Txukun’ tailerra eskainiko du, 5 eta 10 urte bitarteko haurrek modu ludikoan ezagut ditzaten musika-tresnaren kolpe tradizionalak eta kontzeptu modernoenak. Apirilaren 29an izanen da, larunbatarekin, 11:00etatik 13:30era, Juslarrocha Civivoxean. Lantegia doan da, baina aurrez izena eman behar da.
Haurrendako jardueren barruan bada beste lantegi bat ere, ipuin-kontalariena: ‘Euskal mitologiako pertsonaiak’. 5 urtetik 10 urtera bitarteko haurrendako lantegi honek,euskal mitologiako pertsonaiak, hala nola sorginak, Basajaun, Mari edo Tartalo jolasaren eta gorputz-adierazpenaren bidez ezagutzeko aukera ematen du. Maitane Pérezen eskutik, kondairak kontatuko dira, kanta tradizionalekin eta aho-korapiloekin batera. Lantegia doan da, aurrez izena eman behar da, eta apirilaren 22an, larunbatarekin, 12:00etatik 13:30era bitarte eginen da Juslarrocha Civivoxean.
Familiek beste hitzordu bat dute maiatzaren 6an, larunbatarekin, 18:30ean, Sanduzelaiko Civivoxean. Bertan, Markeliñe taldeak ‘Ganbara’ eszenaratuko du, zuzeneko musikarekin. Lanak landa-mundua birsortzen du, eta emakumeek baserrietako bizitzaren ezinbesteko zutabe gisa duten balioa azpimarratzen du. Aurrez izena eman behar da eta sarrerak 3 euro balio du.
Dantza- eta musika-ikuskizuna
‘Zubi’ ‘Piztuta’ zikloaren barruko beste ekimen bat da; musika, dantza eta ikus-entzunezko proiekzioak dituen Lauarin Dantza taldearen ikuskizun bat. Lanak zuhaitzaren eta bizitzaren arteko lotura birsortzen du, ZUhaitza (zuhaitza) eta BIzitza (bizitza) kontzeptuekin jolastuz, ‘Zubi’ sortzeko, natura eta gizakia lotzen dituen zubia. Dantza tradizionala eta euskal dantzaren bertsio modernoenak interpretatuko dira Sanduzelaiko Civivoxen, maiatzaren 5ean, ostiralarekin, 19:30ean. Ikuskizun horretarako sarrerak euro bat balio du, aldez aurretik izena eman behar da eta jende orori zuzenduta dago.
PIZTUTA! EUSKAL KULTUR BEGIRADA’23’
• Txalapartako hastapen-ikastaroa (doakoa; 16 urtetik gorakoendako)
Apirilaren 18tik 27ra (lau saio). 19:00 – 20:30. Juslarrocha Civivoxa
• ‘Euskal Mitologiako Pertsonaiak’ ipuin-kontalari lantegia, Maitane Pérezen eskutik (5 eta 10 urte bitarteko haurrendako)
Apirilak 22. 11:30 – 13:30. Juslarrocha Civivoxa. Doan, aurretik izena emanda
• ‘Artze’ jazz eta txalaparta-kontzertua, Hutsun + JEL Tríoren eskutik
Apirilak 28. 19:30. Sanduzelaiko Civivoxa. Sarrera: 1 euro, aldez aurretik izena emanda
• ‘Joko Txukun’ jolas-lantegia, Hutsun Txalaparta Taldearen eskutik (5 eta10 urte bitarteko haurrendako)
Apirilak 29. 11:30 – 13:30. Juslarrocha Civivoxa. Doan, aurretik izena emanda
• ‘Zubi’ musika- eta dantza-ikuskizuna, Lauarin Dantza taldearen eskutik (adin guztietarako)
Maiatzak 5. 19:30. Sanduzelaiko Civivoxa. Sarrera: 1 euro, aldez aurretik izena emanda
• Markeliñe taldearen ‘Ganbara’ antzezlana (adin guztietarako)
Maiatzak 6. 18:30. Sanduzelaiko Civivoxa. Sarrera: 3 euro, aldez aurretik izena emanda