Turismo Bulegoaren barruko diseinua berritu dute pilotazaleen mundua inspirazio hartuta, funtzionaltasuna hobetu eta jendaurreko arreta errazteko

Turismo Bulegoaren barruko diseinua berritu dute pilotazaleen mundua inspirazio hartuta, funtzionaltasuna hobetu eta jendaurreko arreta errazteko
Altzariei eta teknologiari lotutako azken xehetasunak amaitzen ari dira, eta, aurreikuspenen arabera, bulegoa maiatzaren amaieran irekiko dute berriz
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Aurreikuspenen arabera, Iruñeko Udalak San Saturnino kaleko Turismo Bulegoa maiatzaren amaieran berriz irekiko du. Urte hasieratik, espazioaren barneko aldea eraberritzeko lanak egiten ari dira, eta besteak beste arreta emateko postuak eta itxarongunea berrantolatzen eta herritarrei arreta irisgarri eta inklusiboa emateko araudira egokitzen ari dira. 

Bulego berriak euskal pilotaren mundua hartu du inspirazio iturri. Pilotaren munduarekin zerikusia duten askotariko elementuak, materialak eta objektuak txertatu dituzte espazioan. Paretetako bat berdez margotuta dago eta frontoi baten berezko markak eta zenbakiak ditu. Gainera, kirol horrekin zerikusia duten apaingarriak jarri dituzte, hala nola pilotak eta zesta-puntako saskiak. Errezelak zaku-oihalezkoak dira euskal pilotaren tresnetan erabiltzen diren materialak oroitarazteko. 

Lehendakaritza Batzordeak gaur goizean bisitatu ditu dagoeneko azken fasean dauden lanak. Erremate batzuk falta dira, bai eta altzari digitalekin eta teknologiarekin lotutako xehetasun batzuk ere, hala nola pantailak eta arreta emateko txanda-sistema. Barnealdea eraberritzeaz gain, berariazko beste esku-hartze batzuk egin dira inguratzailean, espazioaren oreka akustikoa hobetzeko eta barneko giro erosoagoa bermatzeko. Argiztapen-sistema ere berritzen ari dira, erosotasun bisuala hobetzeko, energia-eraginkortasuna optimizatzeko eta langileen zein bisitarien ongizatea errazteko, eta sarrerako atearen ordez ate automatiko bat jarri dute. 

Eraberritzeko obra horiek xede dute Turismo Bulegoaren funtzionaltasuna berritzea, hainbat alderdi optimizatuta, esaterako guneak kanpotik duen ikusgarritasuna eta bulegoaren barneko antolaketa. Era berean, espazio berriak, apainketaren eta diseinuaren bidez, Iruñearen eta inguruaren berezitasun geografiko, arkitektoniko eta kulturalak islatu nahi ditu. Proiektua Moatelier Studio, Espacios & Diseño enpresak idatzi du. Aguaser Suministros y Servicios SL enpresak egin ditu lanak, 81.931,52 euroko aurrekontuarekin.

Jarduketa Next Generation UE Europako funtsen bidez finantzatuta dago, eta, zehazki, 14. osagaiaren barruan daude (Turismo-sektorearen modernizaziorako eta lehiakortasunerako plana), 1. inbertsioan (Turismo-eredua eraldatzea jasangarritasunerantz), 2. azpineurrian (Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planak) turismo sektorean trantsizio berdea, trantsizio digitala eta lehiakortasun turistikoa hobetzeko esparruetan jarduketa eraldatzaileak egiteko.

Hiru barneko-espazio funtzional
Turismo Bulego berrian diseinuaren eta funtzionaltasunaren arabera erabat berezitako hiru espazio egonen dira. Turistei eta bisitariei arreta emateko mahai bat gaitu dute erdigunean, sarrerako atearen pareko eremuan, bulegoan barnako ibilbide zuzena bermatze aldera. Erdiko mahaiak hiru arreta-postu ditu, eta horien artean zenbait trenkada txiki daude: banaketa horri esker, arreta pertsonalizatua erraztu eta erosotasun bisual eta akustikoa hobetzen da. 

Itxarongunea sarreraren eskuinaldean dago eta eremu organiko eta funtzionala da. Multzoa geometria kurbatuko moduluek osatzen dute, jardinera eta eserleku gisa funtzionatzen dutenak, eta espazioaren beharren arabera konfigurazio eta egokitzapen desberdinak ahalbidetzen ditu. Piezek bolumen leunak eta itxura monolitikoa dute, eta lasaitasun- eta atseden-giroa sortzen dute. Landareek freskotasuna eta arintasun bisuala emanen diote multzoari, hiri berdeari keinu bat eginez. 

Hirugarren gunea, sarreraren ezkerraldean, arreta puntualerako gunea da. Bi modulu zirkularrez osatuta dago eta diseinu orokorraren geometria organikoari eusten dio. Moduluetako batek zutik arreta emateko altuera estandarra du, eta besteak altuera txikiagoa du bertan jartzen diren dokumentuak hobeto ikusi ahal izateko. Erabiltzen ez direnean, moduluak jendeari laguntzeko edo kontsulta informala egiteko gune gisa erabiliko dira.

Arreta-eremuko gune osagarria bulegoko gainerako guneen ildo estetiko eta kontzeptual berari jarraituz diseinatu da, osotasunaren koherentzia bermatuz. Elementu horien alboan, erakusketa- eta biltegiratze-eremu bat eginen dute, udan arreta emateko postuaren osagarri izateko pentsatua, eta autozerbitzu-eremu gisa urteko gainerako hilabeteetan.

¿Te ha sido útil esta página?