Trinitariosko Tren Parkea berriz zabalduko dute apirilaren 5ean, larunbatarekin: esperientziak eta erakusketak eginen dira Nafarroako trenaren historiaz gozatzeko

Trinitariosko Tren Parkea berriz zabalduko dute apirilaren 5ean, larunbatarekin: esperientziak eta erakusketak eginen dira Nafarroako trenaren historiaz gozatzeko
Asteburutan eta jaiegunetan bisitatzen ahalko da, urrira arte, bai eta Aste Santuko eskola-oporraldi osoan ere



Trinitariosko Trenbidearen eta Bide Berdeen Interpretazio Zentroa berriz zabalduko dute apirilaren 5ean, larunbatarekin: esperientziak eta erakusketak eginen dira Nafarroako trenaren historiaz gozatzeko. Denboraldi berriak urrira arte iraunen du, eta asteburuetan, jaiegunetan eta Aste Santuko eskola-oporraldi osoan (apirilaren 17tik 27ra) egonen da zabalik zentroa. Arga ibaiaren ondoan dago eta 6.740 metro karratu ditu: ibilbide bat eskaintzen du trenez, erakusketak ere jartzen dituzte, eta beste zenbait jarduera ere egiten dituzte.

Interesa dutenek 11:00etatik 13:00etara bisitatzen ahalko dute parkea. Larunbatetan arratsaldez ere egonen da zabalik: 18:00etatik 20:00etara. Sarrerak 2 euro balio du 14 urtetik beherakoendako; 3 euro helduendako, eta 1,5 euro desgaitasunen bat dutenendako.
Gainera, 15 lagunetik gorako taldeendako sarrerak ere badira, 2 euroan.  Bost urtetik beherako adingabeek heldu batek lagunduta joan beharko dute. Trenaren Parkearen webgunean ikusten ahal da ordutegien eta tarifen inguruko informazio guztia. Berritu egin dute ataria, informazio eguneratua trenaren historian gehien erabili izan diren tipografia eta koloreak oinarri hartuta sortutako diseinuarekin eskaini ahal izateko.

Jarduera berriak
Trenaren Parkeak aisialdiko esperientzia paregabea eskaintzen du benetako trenen tamainako erreplikez inguratuta, eta zirkuituak hainbat apaingarri ditu gainera.  Aurtengo denboraldirako ibilbide berriak sortu dituzte, hala nola Trinitario Express: tren horretan kafetegia, ohe-bagoiak eta lehen mailako eserlekuak daude. Ibilbide hori gainerakoak baino luzeagoa da, eta edariren bat eta jateko zerbait emanen dute.

Irati erakusketen aretoan ere badaude berrikuntzak: hirugarren maketa bat jarri dute, H0 eskalan egina (benetakoa baino 87 aldiz txikiagoa). Areto horretan bertan, beste maketa bat ere eraikitzen ari dira LGB eskalan, eta sabaian jarrita ibiliko da.

Erakusketen eremua eraikin nagusian dago. Eraikin horrek tren-geltoki baten itxura du, eta liburutegia eta erabilera anitzeko eremu bat ere badaude hor. Gune horretan hainbat tren-ibilbide birsortzen dituzten bi maketa daude ikusgai, berriki sortutakoaz gain. Maketa horietako bat H0 eskalan egina da, eta Iruñeko eta Tafallako tren-geltokiak ikusten dira, baita Trenaren Parkea bera ere. Beste maketa N eskalan egina da (benetakoa baino 160 aldiz txikiagoa), eta Altsasuko geltokia eta tren-paisaia bat irudikatzen ditu.

Zentroa 2022ko ekainean jarri zen martxan, eta Trenbidearen Lagunen Nafarroako Elkarteak (ANAF) kudeatzen du: trenbidearen historia eta kultura zabaltzeko egiten du lan erakunde horrek. Parkeak eskalan eginiko lokomotorren 12 birsorkuntza ditu; horietako bi elkartearenak dira, eta beste hamarrak, bazkideenak. Gainera, haurrendako bereziki pentsatutako bagoi-konposizio bat du. ANAFek pieza historikoak babesteko eta trenbidea garraiobide seguru eta jasangarri gisa zabaltzeko lan egiten du, eta haren ondorio historikoak azpimarratzen ditu.


TRINITARIOSKO TREN PARKEA

•    Non dagoen: Trinitariosko parkea, Gipuzkoa etorbidea 1. 

•    Egutegia eta ordutegia:
o    Apirilaren 5etik urriaren 26ra, larunbat, igande eta jaiegunetan.
o    Aste Santuko eskola-oporraldian, egunero (apirilaren 17tik 27ra).
o    Ordutegia: 11:00etatik 13:00etara. Larunbatetan, baita arratsaldez ere, 18:00etatik 20:00etara.
•    Prezioak: sarrerek 2 euro balio dute 14 urtetik beherakoendako; 3 euro helduendako, eta 1,5 euro desgaitasunen bat dutenendako.

15 lagunetik gorako taldeendako, berriz, 2 euro.
•    Argibide gehiago, www.parquedeltren.com/eu/ webgunean.

 

 

 

¿Te ha sido útil esta página?