Trinitarioseko Trenaren Parkeak haur eta helduendako tren ibilbidea eskainiko du Aste Santuko oporretan

Trinitarioseko Trenaren Parkeak haur eta helduendako tren ibilbidea eskainiko du Aste Santuko oporretan
Parkeak beste denboraldi bati ekinen dio eta egunero irekiko da apirilaren 7ra bitarte, eta asteburuetan eta jaiegunetan urriaren amaierara arte

Tren de trinitarios

Trinitariosko Trenbidearen eta Bide Berdeen Interpretazio Zentroak berriro ireki ditu ateak Aste Santu honetan, Gabonetako jaien ondorengo etenaldiaren ondoren. Joan den Ostegun Santutik apirilaren 7ra arte, Trinitarioseko Trenaren Parkea izenekoak treneko esperientzia bat eskainiko die bisitariei, Arga ibaiaren ondoan dagoen 6.740 metro karratuko esparru horretan prestatutako ibilbidean. 

Interesa dutenek goizeko 11:00etatik 13:30era bisitatzen ahalko dute parkea. Gainera, apirilaren 6an, larunbatarekin, ordutegi horri arratsaldekoa ere gehituko zaio, 18:00etatik 20:00etara. Aste Santuaren ondoren, eta urriko azken asteburura arte, Trenaren Parkea larunbatero eta igandero irekiko da (larunbatetan 11:00etatik 13:30era eta 18:00etatik 20:00etara eta igandeetan 11:00etatik 13:30era). Sarrerek 2 euroko prezioa dute 14 urtetik beherakoendako, 3 eurokoa helduendako eta 1,5 eurokoa desgaitasuna duten pertsonendako. Gainera, 15 lagunetik gorako taldeendako sarrerak ere badira, 2 euroan. Bost urtetik beherako adingabeek heldu batek lagunduta joan beharko dute. Ordutegiei eta tarifei buruzko informazio osoa trenaren parkea webgunean kontsultatu daiteke. 

Haurrak dituzten familiak dira parke honen jomuga, nahiz eta mota guztietako jendearendako zabalik dagoen zentroa izan. Esperientzia ludiko baten bidez eta benetako trenen eskalan eginiko eta elementu apaingarriekin girotutako zirkuitu batean ibiliz, Foru Erkidegoko trenbidearen historia hobeto ezagutzeko eta benetako trenen eskalako birsorkuntzetan paseo bat egiteko aukera eman nahi du espazio horrek.

Zentzu horretan, zirkuituaz gain bagoi-toki bat du lokomotorrak gordetzeko, eta baita geltokia simulatzen duen eraikin nagusi bat ere, erakusketa-gunea, liburutegia eta erabilera anitzeko espazio bat dituena. Gune horretan tren-ibilbide desberdinak birsortzen dituzten bi maketa daude ikusgai. Horietako bat H0 eskalan egina dago (benetako tamaina baino 87 aldiz txikiagoa), eta bertan Iruñeko eta Tafallako tren-geltokiak ikus daitezke, baita Trenaren Parkea bera ere. N eskalan (benetako tamaina baino 160 aldiz txikiagoa) eginda dagoen beste maketak, Altsasuko geltokia eta tren-paisaia bat irudikatzen ditu.

Zentroa 2022ko ekainean jarri zen martxan, eta Trenbidearen Lagunen Nafarroako Elkarteak (ANAF) kudeatzen du, trenbidearen historia eta kultura zabaltzeko lanean ari den erakundeak. Parkeak eskalan eginiko lokomotorren 12 birsorkuntza ditu; horietatik bi elkartearenak dira eta hamar bazkideenak. Gainera, haurrendako bereziki pentsatutako bagoi-konposizio bat du. ANAFek pieza historikoak babesteko eta trenbidea garraiobide seguru eta iraunkor gisa zabaltzeko lan egiten du, eta haren ondorio historikoak azpimarratzen ditu.
 

TRINITARIOSKO TREN PARKEA

  • Kokapena: Trinitarioseko parkea, Gipuzkoa etorbidea 1. 
  • Ordutegia:
  • Martxoaren 28tik apirilaren 7ra: 11:00etatik 13:30era egunero, eta larunbatetan baita 18:00etatik 20:00etara ere. 
  • Apirilaren 13tik urriaren 27ra: asteburuetan eta jaiegunetan bakarrik. Larunbatetan 11:00etatik 13:30era eta 18:00etatik 20:00etara, eta igande eta jaiegunetan 11:00etatik 13:30era.
  • Prezioak: Sarrerek 2 euroko prezioa dute 14 urtetik beherakoendako, 3 eurokoa helduendako eta 1,5 eurokoa desgaituendako. 15 lagunetik gorako taldeendako sarrera 2 eurokoa izanen da.
  • Argibide gehiago www.parquedeltren.com webgunean
¿Te ha sido útil esta página?