Trinitarioseko hiri-igogailu berriko lanek euste-hormak eta eskailera-tarte berria egitea dituzte ardatz

Trinitarioseko hiri-igogailu berriko lanek euste-hormak eta eskailera-tarte berria egitea dituzte ardatz
Azpiegitura heldu den udaberrirako prest egotea da helburua
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Trinitarioseko parkea Iruñeko hiri-igogailu berriarekin lotzeko urbanizazio-lanek une honetan euskarri- eta euste-hormen eraikuntzari amaiera ematea dute ardatz, bai eta goiko aldean, Anaitasuna KKAEren ondoan, parkea López Sanz doktorearen kalearekin lotuko duen eskailera-zati berria amaitzea ere. Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziako eta Batzordeko kideak, Enrique Maya hiriko alkatea buru zutela, obren bilakaera ikusten izan dira gaur, eta dagoeneko gauzatu da 2,1 milioi euroko (BEZa barne) aurrekontuaren %25. 

Aurtengo martxoaren 28an abiatu ziren lanak, eta 2023ko lehen hilabeteetan amaituta egotea espero da. Sei hilabeteko lanen ondoren, Anaitasuna KKAEren mugan egin den horma eta igogailuan sartzeko pasabidearen euskarri izanen den gainaldeko horma ere ia-ia bukatuta daude. Gainera, hasi dira eskailera-multzo berria sigi-sagan eraikitzeko lanak; igogailuaren goiko lurreratze-gunea Plazaola pasealekuarekin lotuko dute, eta gaur egun dauden eskaileren ordez jarriko dira, hortxe instalatuko baita igogailua. Hilabete hauetako lan nagusietako bat hiri-hondakinak trinkotzeko azpiegitura hartzen duen espazioa mugatuko duten hormak egitea izan da. Udalak inguru horretan du azpiegitura hori, suhiltzaileen parkearen ondoan.

Eremu hori guztia urbanizatzeko proiektuak Donibane auzoaren goiko aldea Trinitarioseko parkearekin lotuko du (parkea oinezkoendako eta bizikletentzako da), eta bi fasetan banatu da. Lehenengo fase honek parkea eta igogailuaren instalazioa ditu ardatz, eta Next Generation EU programako Europako funtsekin garatzen ari da. Bigarren fasea lizitatu da dagoeneko, eta aurreikuspenen arabera datozen asteetan adjudikatuko da. Igogailua Takonera parkearekin lotzea izanen du helburu. Udalak 2.329.090,25 euro lortu ditu Europako funtsetatik obren lehen fase honetarako eta ondorengoetarako.

20 metroko altuera duen igogailua
Ekimen honen bidez hiriaren irisgarritasuna hobetu nahi da, bien artean desnibel handia duten bi auzo lotuz. Izan ere, instalatuko den igogailuak 20 metroko altuera izanen du. Azpiegiturak barne hartzen du 18 metro luze izanen den pasabide bat, López Sanz doktorearen kaletik igogailuaren atera bitarte. Altzairuzko egitura metalikoa eta kabinarako beirazko gorputz bertikala izanen duen jasogailua aurreikusten du proiektuak. Beheko aldean, berriz, parkea txukunduko da; urbanizazioak berdeguneak lehenetsiko ditu baina oinezkoendako eta bizikletendako bideek egituratuko dute parkea. Bigarren faseko obren ondoren, udal-garabiaren gune zaharra lorategi-eremu bihurtuko da. 

Igogailuak plaza biribil batera emanen du beheko aldean. Bi euste-horma makurrek osatuko dute plaza hori, eta egungo malda finkatuko dute. Plaza espazio ireki gisa pentsatuta dago, eta bertan elkartuko dira Plazaolaren bide zaharreko oinezkoen pasealekua eta garabiaren biltegira zihoan errepide zaharretik sortuko den bidegorri berria, baita Sanduzelai eta Arrotxapea auzoetako oinezkoendako eta bizikletentzako beste pasealeku batzuk ere. Izan ere, Biurdana kalean ibilbide berri bat sortuko da, eta trazadura kurbatua izanen du biribilgunetik hasi eta igogailu berria dagoen plazaraino. Plazaren forma biribilak oinezkoendako sarbideak zein igogailuaren sarbidea ikustea ahalbidetuko du, erabiltzaileen segurtasunaren mesedetan. Guztira, ia 10.000 metro koadro parke urbanizatuko dira. 
 

¿Te ha sido útil esta página?