Transkultur zikloak transexualen errealitatea ikusaraziko du aste honetan, antzezlanen, zineforumen, hitzaldien eta argazki-erakusketa baten bidez

Transkultur zikloak transexualen errealitatea ikusaraziko du aste honetan, antzezlanen, zineforumen, hitzaldien eta argazki-erakusketa baten bidez
Igandera bitarte, Iturrama eta Mendillorriko Civivoxetan gauzatuko da Naizen eta Transkolore elkarteekin antolatutako jarduera-programa

Civivox sareak trans errealitatea –transexualitatea– izango du ardatz aste honetan, Transkultur zikloan. Hiru antzerki-ikuskizun, bi hitzaldi, bi zineforum eta erakusketa bat; horien bidez ikusarazi eta gizartean ezagutarazi nahi dira trans identitatearen askotariko alderdiak. Zikloa gaurtik (apirilak 29, astelehena) maiatzaren 5a arte garatuko da. Jardueretarako sarrera librea izango da, antzerki-saioetarako izan ezik, horietarako sarrerak 3 eta 10 euro artean baitaude.

Maider Beloki Kultura eta Hezkuntza zinegotzi ordezkariak, Gaël Cecchetto Naizen elkarteko kideak, Judith Aranburu Transkolore elkartekoak eta Ángel Sagüés Atikus Teatro konpainiakoak gaur goizean aurkeztu dute ziklo honen lehen edizioa, Iruñeko Udalak aipatu elkarteekin antolatua eta transexualitateari soilik eskainitakoa. Errealitatea, gizarte- eta familia-egoerak zein trans identitatearen inguruan egoten diren arazoak hizpide hartuta zineman, dokumentaletan edo antzerki-fikzioan egiten diren adierazpen artistikoak ez ezik, zikloak testigantzak ere ekarriko dizkigu, lehen pertsonan, transexualitatearekin elkar bizi izan direnen partetik.

Hitzaldiak, lehen pertsonako testigantzez
Transkultur zikloari haur-transexualitateari helduko dion hitzaldiak emango dio hasiera. Iturramako Civivoxean izango da, 19:30ean, eta sarrera librea da aurrez gonbidapena hartuta. 18 urtetik gorakoei zuzenduta dago. Transexualitatea garai eta kultur guztietan egon da, baina historian lehen aldiz transexualek txiki-txikitatik dute babesa. Beren izaera aldarrikatzen duten haurren lehen belaunaldi honek transexualitateari buruzko uste faltsu ugari desegin ditu. Iñaki Goñi sexologoak emango du hitzaldia, Naizen elkartearekin elkarlanean, bi familiaren testigantza ekarrita.

Asteartean, trans identitateak izango ditu ardatz hitzaldiak, Mendillorriko Civivoxean, 19:30etik aurrera. 17 urtetik gorakoei zuzenduta egongo da, eta sarrera librea izango da, aurrez gonbidapena hartuta. Iris Domínguez Transkoloreko aktibistak gaiaren inguruan izaten diren galderarik ohikoenei erantzuten saiatuko da, eta “trans” terminoaren barruan sartzen diren identitate desberdinak azalduko. Horrez gain, transek Nafarroan bizi duten egoera jorratuko da, hala ikuspuntu orokor batetik nola aktibismoaren ikuspuntutik.

Trans gaiaren isla zinema eta dokumentaletan 
Halaber, asteartean hasiko dira zineforumak, trans errealitatea film eta dokumentaletan nola erakusten den aztertzea jomuga izanik. 11:00etan, Mendillorriko Civivoxean, Trans-formatzen proiektatuko da, transexualitatearen inguruan dauden itzal eta zalantzak argitu nahi dituen dokumentala. Hikiru taldeak abiatutako proiektu baten barruan dago; izan ere, taldeak unitate didaktiko bat prestatu du aniztasunetik abiatuta eta aniztasunean hezteko, transexualitatearen errealitatea oinarri hartuta baina egungo gizarte-egituraren inguruko gogoetak aintzat harturik, oro har. Saioa 14 urtetik gorakoei zuzenduta dago; Ekaitz Goikoetxea izango da dinamizatzailea, eta Naizen elkarteko familia batek bere bizipenaren berri emango du.

14 urtetik gorakoendako ere, maiatzaren 2an (osteguna), Iturramako Civivoxean, 19:30ean, aztergai izango dute Una mujer fantástica film txiletarra, 2018an ingelesez besteko film onenari emandako Oscar saria jaso zuena. Marina zerbitzari gaztea da, eta abeslari izan nahi du; Orlando inprimategi bateko jabea da. Biek etorkizunean elkarrekin egoteko planak egiten dituzte. Baina Orlando bat-batean zendu eta Marinak familiari zein gizarteari aurre egitera behartuta ikusten du bere burua, bere zer-izana erakusteko: emakume konplexua da, indartsua, zintzoa... itzela. Luis Azanza zinema-zuzendariak dinamizatuko du zineforuma.

Antzerki engaiatua eta erakusketa bat
Transkultur zikloa osatzen duten hiru antzerki-ikuskizunak ostiraletik igandera bitarte taularatuko dira. Maiatzaren 3an, Atikus konpainiak Julieta es él proposamena dakarkigu: antzerki-poema bat bizitzaren helduaroa gertu duten hiru gizakiren egoeraren inguruan. Horietako bi transexualak dira, eta, hirugarrena –bere sexu-joera ezezaguna, eta ez du axola– noraezean dabil bizitzan. Poetikotik gutxi duten komun publiko batzuetan daude, eta bertan hasten dira komunikazioa, ikasbidea, ezjakintasunetik ihesi, ezagutzarekin eta adiskidetasunarekin topo egiteko. Emanaldia 19:30ean hasiko da, Mendillorriko Civivoxean, eta sarrerak 3 euro balio du. Gazteei bereziki zuzenduta dago, 14 urtetik gorakoei.

Larunbatean, Iturramako Civivoxean, Juguetes rotos lanak Marioren istorioa kontatutako digu: 45 urteko funtzionarioa da, eta aitaren heriotzaren berri ematen dion deia jasotzen du. Berriak Marioren iraganerako bidaia pizten du, 60ko hamarkadako landa-Espainiara, neska sentitzen zen mutikoaren errealitatera. Hirian, Mariok bere benetako izaera aurkitu zuen, Dorín adiskideari eta “varieté” munduarekin zerikusia duten beste lagun batzuei esker. Agertokia aisia-gune gisa, non gizarteak onartzen baititu, are, goratu, gizarte berak hortik kanpo jazarri eta baztertzen dituenak. Mariok badaki zer diren maitasuna eta desengainua. Zer egin ez dakiela dago: strass-jantziaz antzerti-munduan erabat murgildu edo herritar arruntaren mozorropean gorde. Nacho Guerrero eta Kike Gauza dira protagonistak Producciones Rokamboleskas konpainiaren lan honetan; arte ezsenikoetako XXII. Max Sarietarako sei nominazio ditu. Emanaldia 20:00etan hasiko da, eta sarrerek 10 euro balio dute. Antzezlana 18 urtetik gorakoei zuzenduta dago.

Azkenik, maiatzaren 5ean, igandearekin, Xake Produkzioak-en Lur taularatuko da, zenbait belaunaldiren arteko harreman konplexua erakusten duen lana. Julián jostailu-denda bateko jabea da. Egun batzuen buruan, bere biloba Anek 8 urte beteko ditu, eta oso opari berezia prestatzen ari zaio: harentzat berariaz egindako panpina. Ane, Julián eta panpina bidaia liluragarrian murgilduko dira, izar magikoaren bila. Iruditeriaren parte omen den bidaia hori aukera izango da Ane eta bere aita Jonen arteko harremana birbideratzeko. Izan ere, azkenaldian Jonek zailtasunak ditu Ane mutila dela onartzen. Emanaldia 17:30ean hasiko da, Iturramako Civivoxean. 4 urtetik gorako haurrei zuzenduta dago, eta sarrerak 3 euroan eskura daitezke. 

Eta zikloa osatzeko, Eraikuntza identitarioak erakusketa egongo da ikusgai apirilaren 29tik maiatzaren 4ra, Iturramako eta Mendillorriko Civivoxetan. Mar C. Llop-en argazki-sorta bat erakusten da, askotariko identitateen barne-eraikuntzara hurbiltzeko xedez, eraikuntza bat non identitateak elkar egokitzen eta osatzen baitira, unean uneko gorabeheren eta pertsonaren ibilbideen testuinguruen arabera beti. Identitate horiek ezin dira ulertu prozesu kolektiboetara, elkarrizketa-sareetara eta hain zuzen bertan mintzatzen direnen borroketara jo gabe.

 

2019KO TRANSKULTUR


HITZALDIAK

o    Apirilak 29, astelehena. 19:30. Iturramako Civivoxa
o    Transexualidad infantil: comprender para poder acompañar
o    Hizlaria: Iñaki Goñi, sexologoa
o    18 urtetik gorakoentzat. Sarrera librea, aldez aurretik gonbidapenak hartuta

o    Apirilak 30, asteartea. 19:30. Mendillorriko Civivoxa
o    Identidades trans
o    Hizlaria: Iris Domínguez, Transkoloreko aktibista
o    14 urtetik gorakoentzat. Sarrera librea, aldez aurretik gonbidapenak hartuta


ZINEFORUMA

o    Apirilak 30, asteartea. 11:00. Mendillorriko Civivoxa

o    Trans-formatzen
o    14 urtetik gorakoentzat. Sarrera librea, aldez aurretik gonbidapenak hartuta

o    Maiatzak 2, osteguna. 19:30. Iturramako Civivoxa
o    Una mujer fantástica
o    14 urtetik gorakoentzat. Sarrera librea, aldez aurretik gonbidapenak hartuta


ANTZERKIA

o    Maiatzak 3, ostirala. 19:30. Mendillorriko Civivoxa
o    Julieta es él
o    14 urtetik gorakoentzat. Sarrera: 3 euro

o    Maiatzak 4, larunbata. 20:00. Iturramako Civivoxa
o    Juguetes rotos
o    18 urtetik gorakoentzat. Sarrera: 10 euro

o    Maiatzak 5, igandea. 17:30. Iturramako Civivoxa
o    Lur
o    4 urtetik gorakoentzat. Sarrera: 3 euro


ERAKUSKETA

o    Apirilak 29 – Maiatzak 4. Iturrama eta Mendillorriko Civivoxak
o    Eraikuntza-identitarioak
o    Transkolore elkartearekin elkarlanean.

Documentos adjuntos

Fitxategi