Gaur arratsaldez Kondestablearen Jauregiko patioan Iruñeko Udalak eta Nafarroako Ateneoak aurten ere bultzatu duten Iruña Hiria Nazioarteko XV. Poesia Saria banatu dute. Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkari María García-Barberenak Toño Benavides Gonzálezi eta Lierni Azkargota Ruiz de Eginori banatu dizkie sariak, euskara eta gaztelania modalitateetako irabazleak baitira, hurrenez hurren, ‘Panorámica’ eta ‘Eripoema’ poesia-bildumekin. Sari bakoitzak 3.000 euroko zuzkidura du, lanaren argitalpenaz gain.
Ekitaldian izan dira, halaber, Pedro Salaberri Nafarroako Ateneoko presidentea, Javier Asiain, José Luis Allo, Santiago Elso, Inés Castiella eta Unai Pascual epaimahaikideak eta euskara zein gaztelania modalitateetako laguntzaileak. Sari honek hamabosgarren edizioa betetzen du jada, seigarrena euskarazko modalitatearekin, eta literatur sorkuntza sustatu eta zabaltzeko eta egileak ere sustatzeko helburuarekin sortu zen. Aurkeztutako lanek oso-osorik argitataratu gabeak izan behar zuten, bai eta aurretik egindako beste ezein sariketan saririk eskuratu gabeak ere; halaber, ezin zen aldi berean parte hartu beste poesia-lehiaketa batean. Gaia eta forma libreak ziren, eta luzera, 400 eta 800 bertso-lerro bitartekoa..
Betebehar horiekin, 482 poema-bilduma jaso ziren, horietako 464 gaztelaniaz eta 18 euskaraz. Aurreko urteko antzeko kopuruetan mantendu da, iaz 475 lan aurkeztu baitziren. Gaztelaniazko hiru lanetik bi estatukoak ziren eta % 34 atzerritik iritsitakoak, batez ere Latinoamerikako herrialdeetatik, hala nola Argentinatik, Kubatik, Mexikotik eta Kolonbiatik, nahiz eta Estatu Batuetako, Alemaniako, Kanadako, Frantziako edo Italiako egileak ere egon diren. Euskaraz jaso ziren 18 lanetatik 5 Nafarroatik zetozen, 10 Euskaditik eta 3 zehaztu gabeko jatorri batetik.
Toño Benavides eta Lierni Azkargortaren biografia
‘Panorámica’, epaimahiaren ustez liburu freskoa, originala eta desberdina da, "zalantzarik gabe, bere planteamendu formaletik hasita arriskatzen duelako, baina baita bere zorroztasun kritikoan ere, surrealismo onenaren bertsoak edo zinez ona den edertasunaren kaligramak ekarriz". Egilea, Toño Benavides González (León, 1961) ilustratzailea eta idazlea da. Egun ilustratzaile gisa ari da publizitatearen alorrean, eta batez ere, prentsan eta argitaletxeetan, eta aldi berean, hainbat komunikabiderentzako literatur-aipamenak eta iritzi artikuluak egiten ditu. 2014an, ‘Eladio Cabañero‘ Poesia Saria eskuratu zuen 'Gran Sur' lanagatik, eta ilustrazio sariei gehitu zien; izan ere, baditu 24 Awards of Excelence, zilarrezko sei domina eta urrezko bat, tartean Society Of Newspaper Design delakoaren Special Jury Recognition saria barne, El Mundo del Siglo XXI egunkarian argitaratutako lanengatik.
Epaimahaiaren ustez, euskarazko modalitatean irabazi duen “Eripoema” lanak “aipamen berezia merezi du egileak dotoretasunez lortzen duelako termino medikoak, berez neutroak eta aseptikoak direnak, lirikaren eremura eramatea, eta poesian ezohikoak diren eszenak trebetasun handiz lortzen dituelako. Nabarmentzekoa da, halaber, hizkuntza oso ongi menderatzen duela". Lierni Azkargorta Ruiz de Egino (Lazkao, 1979) Erizaintzan eta Fisioterapian diplomaduna da Donostiako eta Zaragozako unibertsitateetan, eta egun Osakidetzan erizaina da. Ez da bere lehen literatur saria, ipuin lehiaketetan hainbat sari irabazi baititu (Laudioko eta Eibarko Udalekoak edo Bizenta Mogel lehiaketa) eta Maria de Maeztu eta Lasarte-Oria Literatura-sariak.