Toño Benavides gaztelaniazko modalitatean eta Lierni Azkargorta euskarazkoan izan dira saridunak Iruña Hiria Nazioarteko XV.Poesia Sarian

Toño Benavides gaztelaniazko modalitatean eta Lierni Azkargorta euskarazkoan izan dira saridunak Iruña Hiria Nazioarteko XV.Poesia Sarian
Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak sustatutako sari honetara 482 poema-bilduma aurkeztu ziren aurten
Irudia
Irudia

Toño Benavidez Gonzálezek gaztelaniazko modalitatean, ‘Panorámica’ obrarekin, eta Lierni Azkargorta Ruiz de Eginok euskarazkoan, ‘Eripoema’ lanarekin, irabazi dute Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak sustatutako Iruña Hiria XV. Nazioarteko Poesia Saria. Sariketa abian jartzeko, Iruñeko Udalak hitzarmen bat sinatu du Nafar Ateneoarekin, eta 6.000 euroko gastua hartu du bere gain, dirutan emanen diren sarietarako, 3.000 euro modalitate bakoitzeko. Ekimenaren xedea da literatur sormena sustatu eta hedatzea, eta egileak ezagutzera ematea. Diru-sariaz gain, gaztelaniazko eta euskarazko modalitateetan olerki-bilduma irabazleak argitaratuko dira.

Lehiaketara 482 olerki-bilduma aurkeztu dira osotara, 464 gaztelaniaz eta 18 euskaraz, iazko kopuruaren antzekoa gaztelaniaz eta berdina euskaraz 2020koarekin alderatuta. Aurreko edizioan, 475 olerki-bilduma jaso ziren, haren aurreko urtean baino ia % 30 gehiago. Horietatik, 457 gaztelaniaz idatzi ziren, eta 18, euskaraz. Halaber, lanak internetez bidaltzeko joerari eutsi zaio, gaztelaniazkoen % 97,84 eta euskarazkoen % 100.
Gaztelaniazko modalitateko parte-hartzaileen batez besteko adina 45 urtekoa da, gaztetasunagatik nabarmentzen dira 15 urteko 2 pertsona, 19ko 1, 21eko 1, 23ko 3 eta 24ko 1 eta beteranotasunagatik 93 urteko parte-hartzaile bat. Euskarazko modalitatean batez besteko adina 34 urtera jaitsi da, eta 17 urteko eta 18 urteko pertsona banak eta 26 eta 35 urte bitarteko 5 pertsonak parte hartu dute, eta adinekoena 66 urteko pertsona bat izan da.

Gaztelaniazko modalitatean, lanen % 34 atzerritik iritsi dira

Gaztelaniaz aurkeztutako lanen % 66 (jasotako 464etatik 307) estatukoak dira, eta % 35 atzerrikoak (157). Bik jatorri ezezaguna dute. Autonomia-erkidegoei begiratuta, edizio honetan Andaluziatik iritsi dira lan gehien (57), eta Madrilek jarraitzen dio (55). Honako hauek osatzen dute zerrenda: Katalunia eta Valentziako Erkidegoa (21 bakoitzak), Euskadi (19), Gaztela Mantxa (18), Nafarroa (17), Gaztela eta Leon (15), Galizia (13), Aragoi (12), Asturias (11), Murtzia (10), Extremadura eta Kanaria uharteak (9 bana), Kantabria (8), Balear uharteak (7), Errioxa (3) eta jatorri ezezaguneko 2.
Atzerritik jasotako poesia-bildumei dagokienez, nabarmentzekoa da Argentinatik 33 iritsi direla, Kubatik 27, Mexikotik 22, Kolonbiatik 18, Txiletik 10, Perutik 9, Venezuelatik 8, Estatu Batuetatik 5, Uruguaitik 5, Costa Ricatik 3, Bolivia, Ekuador, El Salvador, Frantzia eta Italiatik 2, eta olerki-bilduma bana Alemania, Kanada, Danimarka, Guatemala, Israel, Paraguai, Portugal eta Puerto Ricotik. 

Euskaraz jaso diren 18 lanetatik 8 Gipuzkoatik datoz; 2, Bizkaitik; 5 Nafarroatik eta 3k jatorri ezezaguna dute.

Toño Benavides, ilustratzailea, idazlea eta hainbat sariren irabazlea

Toño Benavides Gonzáles (Leon, 1961)) ilustratzailea eta idazlea da. Hainbat sari jaso ditu ilustratzaile gisa izan duen ibilbide luzean, besteak beste, 24 Awards of Excelence, sei zilarrezko domin eta urrezko bat, Society Of Newspaper Design-en Special Jury Recognition saria barne El Mundo del Siglo XXI egunkarian argitaratutako lanengatik. Bere lan ilustratua Espainia eta Ipar Amerikan argitaratu da.
Idazle gisa, besteak beste, “El sótano en llamas” argitalpena du, surrealismo narratibora gerturatze bat hamar kontakizunen bidez. Bere obra poetikoa oparo garatu da 2009tik aurrera, noiz “Paraíso” argitaratu baitzen. Ondoren ‘Los chicos del vertedero’ aurkeztu zuen. 2014an ‘Eladio Cabañero’ Poesia Saria jaso zuen ‘Gran Sur’ lanarekin. Egun ilustratzaile gisa ari da publizitatearen alorrean, eta batez ere, prentsan eta argitaletxeetan, eta aldi berean, hainbat komunikabiderentzako literatur- aipamenak eta iritzi artikuluak egiten ditu.
Gaztelaniazko testuetarako epaimahaia Jesús Munárriz, Ilia Galán eta Pedro Salaberrik osatu dute, eta Javier Asiáinek idazkari lanak egin ditu. Lan irabazleari dagokionez, freskotasuna, originaltasuna eta hizkuntzaren edertasuna nabarmendu dute. Halaber, epaimahaikide guztiak bat datoz "aurreko urteetan ez bezalako liburu bat" dela onartzean, "zalantzarik gabe, bere planteamendu formaletik hasita arriskatzen duelako, baina baita bere zorroztasun kritikoan ere, surrealismo onenaren bertsoak edo zinez ona den edertasunaren kaligramak ekarriz".

Erizain batek irabazi du euskarazko saria

Lierni Azkargorta Ruiz de Egino (Lazkao, 1979) Erizaintzan eta Fisioterapian diplomaduna da Donostiako eta Zaragozako unibertsitateetan. Egun Osakidetzan erizaina da . Ipuin lehiaketetan hainbat sari irabazi ditu (Laudioko eta Eibarko Udalekoak eta Bizenta Mogel lehiaketa) eta Maria de Maeztu eta Lasarte-Oria Literatura-sariak.

Bere ogibidea aukeratzeko orduan, osasun-zientzien alorra aukeratu bazuen ere, aitortzen du idaztea duela argibidea, “bizitza bera, den bezala, ikusi, ulertu eta sentitu nahi eta behar horretan”.

Euskarazko modalitatean Oihane Garmendia, Unai Pascual eta Pedro Salaberri aritu dira epaimahaian, eta Ines Castiella aritu da idazkari. “Eripoema”-ri dagokionez honakoa adierazi dute: "aipamen berezia merezi du egileak zein dotoretasunez lortzen duen termino medikoak lirikaren eremura eramatea, berez neutroak eta aseptikoak direnak, eta poesian ezohikoak diren eszenak trebetasun handiz lortzea. Nabarmentzekoa da, halaber, hizkuntza oso ongi menderatzen duela".