Tomás Belzunegui Sariek hogei urte bete dituzte hitzaren eta kontakizunaren bitartez adinekoen irudi positiboa sustatzen

Tomás Belzunegui Sariek hogei urte bete dituzte hitzaren eta kontakizunaren bitartez adinekoen irudi positiboa sustatzen
Modalitate ezberdinetako saridunek aintzatespena jaso dute gaur, Kondestablearen jauregian egin den ekitaldian

Hogei edizio daramatzate Tomás Belzunegui Sariek adinekoen inguruko irudi positiboa bultzatzeko lanetan, estereotipoak eta aurreiritziak desagerrarazi nahian. Hogei urte horietan, sari hauen bidez, Nafarroako Geriatria eta Gerontologia (SNGG) elkarteak kazetari, profesional eta pertsona anonimo batzuen lana hartu nahi izan du aintzat, idazlanetan –kontakizun, istorio txiki, pasadizo eta xehetasunetan– adinekoen balioa azaleratu baitute. Espiritu horrekin, Kondestablearen jauregian izan da gaur hogeigarren edizio honen sari-banaketa; ekitaldian Enrique Maya Iruñeko alkateak, Santos Induráin Osasun kontseilariak eta Francisco Úriz SNGGko lehendakariak parte hartu dute.

Lau lehen sari eta hiru accesit eman dira edizio honetarako proposatutako modalitate ezberdinetan. Literatura-kategorietan, José Luis Abad Peñak eskuratu du lehen saria adinekoen kontakizun laburreko modalitatean –60 urtetik gorakoena– Jugar a Campanillas idazlanaz lehiatuta. Kontakizun laburreko modalitate irekian lehen saria Yose Álvarez-Mesarentzat izan da, El vuelo de los pájaros idazlanagatik. Idatzizko kazetaritzako kategorian lehen saria Virginia Urietarentzat izan da, Retales de solidaridad idazlanagatik. Unibertsitate saria, duela hiru urte sortua, Ignacio López Fernández de Mesak lortu du, gradu-amaierako lanaz.

Tomás Belzunegui Arizmendik, Raúl Clavero Blázquezek eta Cristina Altuna Lautrek, aldiz, accesit bana jaso dute idazlan hauez: El poder de una sonrisa –adinekoen kategorian–, Trincheras –kontakizun laburrean– eta Ana Mari Marín –kazetaritza-laneko modalitatean–, hurrenez hurren.

Saria Donibaneko Adinekoen Itunerako
Halaber, Tomás Belzunegui Sariek Donibaneko Adinekoen Itunaren lana hartu dute aintzat, erakunde-modalitatean. Donibaneko Osasun-zentroak koordinatutako komunitate-proiektua erakunde eta elkarteak biltzeko gai izan da, esparru guztietan Iruñeko auzo horretan bizi-kalitatea, bereziki adinekoena, garatu eta hobetzeko lanean ari direnak. Izan ere, hirian zahartuen dagoen auzoa da. Horregatik jarri da arreta eremu honetan, adinekoendako babes-, laguntza- eta elkarrekintza-ekimenak abiatu dira. Horrela, Donibaneko Adinekoen Ituna Tomás Belzunegui Saria jaso duen seigarren erakunde-ekimena da modalitate honen sorreratik. Iaz sari hau UHUNek jaso zuen.

Edizio honetan 35 lan aurkeztu dira guztira, modalitate ezberdinetan. Halere, azkenik, sariak eman gabe geratu dira gazteen kontakizun laburreko kategorian –Nafarroako ikastetxeetako DBHko 3. eta 4.eko ikasleei zuzenduta– nahiz ikus-entzunezko modalitatean. Epaimahaia joan den azaroaren 19an bildu zen sariak esleitzeko. Camino Oslé izan zen mahaiburua, eta honako hauek mahaikideak: Cristina Mancebo eta Charo Villalobos, Nafarroako Kazetarien Elkartearen izenean; Sagrario Anaut, Cuadernos Gerontológicos aldizkariko zuzendaria; Salvador Gutiérrez Alcántara, Bilaketako lehendakaria; eta María Dolores López, Nafarroako Geriatria eta Gerontologia elkartearen izenean. Juan Jerez, sarien antolatzailea, aritu zen idazkari.
Saridunek 300 euroko saria eta dagokien ziurtagiria jaso dituzte. Idazlanak Cuadernos Gerontológicos aldizkarian argitaratuko dira, baita ere Nafarroako Geriatria eta Gerontologia elkartearen webgunean (www.sngg.es).

100 sari baino gehiago hogei urtean
1999tik, sari hauen sorreratik, gaur arte, guztira 110 sari banatu dira; horietatik 61 izan dira emakumeek aurkeztutako lanetarako; 37 gizonek aurkeztu dituzte; eta 12 sarik zenbait erakunde hartu dute aintzat. Sariek bilakaera izan dute denboran. Izan ere, hasieran modalitate bakarra kontakizun laburra zen. Egun, bi hamarkadaren buruan, zazpi kategoria daude, duela hiru urte azkena, unibertsitatekoa, gehitu zelarik.
Nafarroako Geriatria eta Gerontologia elkarteak Tomás Belzunegui Sarasa gogoratzeko sustatu nahi izan zituen sariak, hark Nafarroako Ospitaleko Geriatria Zerbitzua sortu baitzuen. 1980an egin zuen, Joaquín Peñalba doktorearekin batera, eta zerbitzu berritzailea izan zen, adinekoak era integralean eta jarraituan artatzen baitziren. Geriatria modernoaren aitzindarietako bat izan zen. Belzuneguiren ikuspegi horri jarraikiz, sarien bidez gizarteari adinekoen irudi positiboa helarazi nahi zaio.

SARIDUNAK KATEGORIAKA
•    Kontakizun labur irekia
o        Lehen saria: Yose Álvarez-Mesa, El vuelo de los pájaros lanagatik.
o    Accesita: Raúl Clavero Blázquez, Trincheras lanagatik.
•    Adinekoen kontakizun laburra
o    Lehen saria: José Luis Abad Peña, Jugar a Campanillas lanagatik.  
o    Accesita: Tomás Belzunegui Arizmendi, El poder de una sonrisa lanagatik.
•    Kazetariza-kontakizuna
o    Virginia Urieta, Retales de solidaridad lanagatik.
o    Cristina Altuna Lautre, Ana Mari Marín lanagatik.
•    Unibertsitate-saria
o    Ignacio López Fernández de Mesa. Gradu-amaierako lana.
•    Erakunde-saria
o    Donibaneko Adinekoen Ituna

 

¿Te ha sido útil esta página?