Tokiko Produktuen Astea Gazteluko plazan izanen da berriz ere. Erdialdeko espazio horretan eginen den bere seigarren edizioan tokiko produktuekin eta gastronomiaren kalitatearekin konprometituta dauden hainbat erakundetako 38 ekoizle bilduko dira, erakusketa eta salmenta bidez ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko zuzeneko harremana bilatze aldera. Azoka, berez, urriaren 8tik, ostiralarekin, urriaren 12ra bitarte, asteartearekin, eginen da, goizez eta arratsaldez, azken egunean salbu, postuak goizean besterik ez baitira zabalik egonen.
Jarduera hori, dagoeneko hiriko egutegian finkatuta, gaur goizean aurkeztu dute Ana Elizalde Gobernu Estrategiko, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi ordezkariak eta Itziar Inza Reyno Gourmet markaren sustapenerako koordinatzaileak; izan ere, Udalak 2016tik hitzarmen bidez elkarlanean aritu da Nafarroako Nekazaritza produkzio Ekologikoaren Kontseiluarekin (CPAEN-NNPEK), Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologiaren Azpiegituren Institutuarekin (INTIA), Elikagai Artisauen Ekoizleen Elkartearekin eta Bizilurrekin.
Iaz pandemiaren eta osasun-segurtasuneko arauen ondorioz ezin izan zen Tokiko Produktuen Asteari lotutako jarduerarik egin, alabaina, inguruabarren nolabaiteko normalizazioari esker, edizio honetan, derrigorrez bete beharreko COVID-19aren aurkako neurri guztiak beteta, gaurtik aurrera proposamenak programatu ahal izan dira. Hainbat ekimen aurreikusi dira, hala nola, haurrendako gune bat (estanpazioa, ‘tokiko produktuen’ etiketen diseinua eta musika-animazioarekin), Casino Principaleko Aretoan produktu-dastatzeak, haurrendako lantegiak hainbat liburutegitan, zinema Nafarroako Filmotekan eta pintura-lehiaketa bat, tokiko produktua ardatz hartuta, 6 eta 18 urte bitarteko adingabeendako.
Tokiko Produktuen Astearen xedea da ikusgarri egitea eta balioestea tokiko produktuak eta ekoizleen lana, jasangarritasunaren eta elikadura aztura osasungarriak hartu eta mantentzearen alde egiten duen lan-filosofia baten barruan. Ekoizpen modalitate horrek gero eta garrantzi handiagoa du hiriko zein Foru Komunitate osoko ekonomian.
Urriaren 9tik 11ra bitarte azoka 10:30etik 14:30era eta 17:00etatik 21:30era egonen da zabalik. Irekiera egunean, irekiera-ordutegia 30 minutu atzeratuko da, eta urriaren 12an, asteartearekin, jaieguna denez, 10:30etik 14:30era bitarte izanen du jendeak postuetara hurbiltzeko aukera.
Haurrendako gunea eta lantegiak liburutegian
Tokiko Produktuen Astean, besteak beste, bisitak baratzeetara, lantegiak, erakustaldiak, dastatzeak eta txangoak egin ohi dira, tokiko ekoizpenak dakarren prozesu osoaren ikuspegi osoa eskaintze aldera. Aurten hainbat proposamen izanen dira seigarren edizioan. Azokan dinamizatzeko musika-animazioa eta haurrendako gunea egonen da, non hainbat jarduera antolatuko baitira, hala nola, estanpazioa, ‘tokiko produktuen’ etiketak diseinatzea, musika-animazioa, eta abar.
6 eta 9 urte bitarteko haurrei zuzendutako eduki berari buruzko doako bi lantegi ere aurreikusita daude. Jarduera ‘Ñam, ñam, hau oso gozoa dago!’ da. Ordubeteko iraupeneko lantegi bat, non jaten ikasiko baitute, La Pandiren eta El Txoko de Juan Carlosen eskutik. Sanduzelaiko Liburutegi Publikoan urriaren 6an eginen da eta Nafarroako Liburutegi Nagusian urriaren 11an, astelehenarekin. Bi kasuetan jarduera 18:00ean hasiko da.
Tokiko produktuen I. Pintura Lehiaketa
Haurrei zein gazteei zuzenduta, ‘Tokiko Produktuen Pintura Lehiaketa’ bat aurreikusi da, 6 eta 18 urte bitarteko artistendako. Teknika librekoa da, gai nagusia produktu lokalak izan behar dute (gazta, olioa, patxarana, ardoa, orburua, zainzuria, piperra...) eta 41 x 33 zm-ko azalera batean egin behar da. Lanak Nafarroako dozena bat pintura-eskola eta -akademiatan aurkez daitezke.
Epaimahaia honako hauek osatuko dute: Pedro Salaberri pintoreak, INTIAko ordezkari batek eta Iruñeko Udaleko beste batek. Lehiaketan bi kategoria daude: 6tik12 urtera bitarte eta 13tik18 urtera bitarte. Haurrendako lehen saria 150 euroko pintura-material sorta da, eta 100 euroko accesit bat. Gazteen kategorian, sariak honako hauek dira: irabazlearendako 300 euro pintura-materialetan edo pintura-eskoletan, eta 100 euroko accesit bat.
Produktuen dastatzeak eta zinema ‘gastronomikoa’
Helduendako 8 produktu-dastatze eginen dira Casino Principaleko Aretoan, batzuk goizez 11:00etan eta beste batzuk arratsaldez, 18:30etik 19:30era. Irailaren 9an, 10ean eta 11n, goizeko hitzorduan, Idiazabal gazta, Erronkariko gazta eta tokiko sagarrak dastatuko dira, hurrenez hurren. 6an, 7an, 8an, 10ean eta 11n, arratsaldeko saioetan, honako produktu hauek dastatuko dira: Nafarroako Oliba-Olio Birjina Estra, Patxarana, Nafarroako JD Ardoa (bi saio) eta eztia, hurrenkera horretan. Izen-ematea doan da baina aldez aurretik egin behar da https://semanadelproductolocal.com/ webgunean.
Gastronomiari dagokionez aipagarria ere bada, gaur, urriak 4, eta bihar, hilak 5, 11:00etatik 12:00etara bitarte, Casa Urrutian (Uxue) eginen den "Pan y migas" jarduera, zeinetan, ogi biribila, taja-ogia eta ore amarekin egindako ogiak dastatuko baitira, bai eta lau euskal pastel mota ere. Tokia erreserbatu behar da 948 739257 telefonoan.
Gainera, Nafarroako Filmotekarekin elkarlanean, urriaren 11n, astelehenarekin, 19:30ean, ‘Zinema eta Gastronomiari’ zuzendutako saio berezi bat eginen da eta Lasse Hallströmen ‘Un viaje de diez metros’ (AEB, 2014, 117 minutu) filma proiektatuko da. Hellen Mirren protagonista duen komedia dramatiko bat da, eta Kadam familiaren historia kontatzen du, zeina Frantziako hegoaldera joan eta bertan jatetxe bat irekitzen baitu. Zehazki Michelin izar bat duen goi-sukaldaritzako luxuzko jatetxe frantses baten parean. Sarrera doakoa izanen da, aldez aurretik gonbidapena hartuta, 18:45etik aurrera, txarteldegian. Filma Jesús Artigasek aurkeztuko du.
Asteari buruzko informazio guztia xehetasun gehiagorekin https://semanadelproductolocal.com/ webgunean eskuragarri dago.
Pintura-lehiaketako lanak aurkezteko tokiak
- Compañía de oficios. Ana Pagola sormen-gunea. San Fermin kalea, 61. Iruña
- La maleta del caracol. Paulino Caballero kalea, 49. Iruña
- Laura González arte-akademia. Crispín Pintorearen kalea, 4, atzealdea. Iruña
- Barañain marrazketa- eta pintura-akademia. Iruñeko etorbidea 29, behea. Iruña
- Amaia García pintura-akademia. Maiteminduen parkea, 4, behea. Iruña
- Grafito arte-akademia. Altzuza kontzejuaren kalea, 12. Iruña
- Dan Isturiz pintura-akademia. San Blas kalea, 8. Burlata
- Edare. Nafarroako Erreinuaren etorbidea, 26, lokala. Sarriguren.
- Ana Carcavilla estudioa. Fuente Canónigos kalea. Tutera
- Montse Palacios arte-akademia. La Plana kalea, 26. Tafalla
- Fray Diego Kultur Etxea. La Rua kalea, 7, beheko solairua. Lizarra
- Diana Iniestaren pintura-lantegia. Berroalde kalea, 7. Erratzu