Tokiko Gobernu Batzarrak Hizkuntzen Normalizaziorako Plana egitea onetsi du, eta asteartean emanen du horren berri Herritarren Aferen Batzordean

Tokiko Gobernu Batzarrak Hizkuntzen Normalizaziorako Plana egitea onetsi du, eta asteartean emanen du horren berri Herritarren Aferen Batzordean
Oinarrien dokumentuaren arabera, helburua da euskararen erabilera sustatzea eta euskara bera babestea, eta gobernu-taldeak eta Iruñeko Udaleko Sozialisten taldeak babestu dute dokumentua



Iruñeko Udalaren Gobernu Batzarra urratsak egiten hasi da hiriarendako Hizkuntzen Normalizaziorako Plana eratzeko: planaren oinarrien dokumentua onetsi du dagoeneko. Proposamenak gobernu-taldearen eta Iruñeko Udaleko Sozialisten taldearen babesa du, eta bihar eztabaidatuko dute Herritarren Aferen Batzordean. Bi taldeen akordioari esker, plana eratzeko aginduko da, hirian euskararen erabilera, sustapena eta babesa sustatzeko xedez.

Planaren oinarriak hauek izanen dira: mailaz mailako lanketa, indarrean dagoen araudiarekiko errespetua eta ekitatea. Horiek horrela, elkarbizitza sustatu nahi du planak, euskara zaindu eta babesteko eta Udalaren eta herritarren arteko harremanetan euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko. Planaren oinarrien dokumentua urtarrilean aurkeztu zuten, aurrerago eztabaidatu eta adosteko. Orain, Sozialisten taldearen babesari esker behin betiko onesten dutenean, laguntza teknikoko talde bati aginduko zaio plana idazteko, betiere oinarrien dokumentuan jasotako helburu eta konpromisoei jarraikiz. 

Hauxe da dokumentu horretan jasotako konpromisoetako bat: Udalak euskara sustatu eta ikusaraztea, ekitaldi publikoetan eta herritarrei zuzendutako mezu eta jakinarazpenetan euskara erabilita. Halaber, euskara ikasteko baliabideak eta informazioa eskainiko dira, herritar guztiek euskara ikasi eta erabiltzeko aukera-berdintasuna izan dezaten. Udalak konpromisoa hartuko du Hizkuntzen Normalizaziorako Plana eratzeko aurrekontu-partida nahikoa ziurtatzeko eta plan horretan jasoko diren ekintzak martxan jartzeko. 

Gainera, Euskararen Udal Kontseilua sortuko da: Hizkuntzen Normalizaziorako plana garatzen laguntzeko organo aholku-emailea. Honako hauek osatuko dute Kontseilua: talde politikoen ordezkariek, teknikariek eta euskararen ezagutzaren, sustapenaren eta prestigioaren alde lan egiten duten elkarteen ordezkariek. Kontseiluaren helburua planaren jarraipena egitea izanen da, eta planak ezartzen dituen ekintzak egoki egiten direla zaintzea. Kontseiluaren ardura izanen da, halaber, planean ezarritako neurriek esperotako emaitzak ematen dituzten ala ez aztertzea. 

Euskara gizarte-kohesiorako zubi
Hizkuntzen Normalizaziorako Planaren premisa nagusia euskara gizarte-kohesiorako zubi izatea da; hala, Iruñeko nortasunaren ardatz diren hizkuntzen arteko elkarbizitza sustatuko da. Hala, herritarrei euskara ikasi eta erabiltzeko eskubidea bermatuko zaie, eta administrazioarekin ere euskaraz harremanetan jartzeko aukera izanen dute. 

Udalak euskara zaintzeko helburuarekin sortu nahi du plana, UNESCOk eta Europako Kontseiluak hizkuntza gutxitua dela adierazia baitute. Beraz, Iruñeko Udalak, erakunde publiko gisa, “egoera horri buelta emateko neurri aktiboak hartzeko ardura du, hiriko bizitzako arlo guztietan euskararen erabilera babestuz eta sustatuz”.
 

¿Te ha sido útil esta página?