Tokiko Gobernu Batzarrak Guelbenzu zinema erosteko espedientea onetsi du Milagrosarako gizarte- eta kultur-lokal bihurtzeko

Tokiko Gobernu Batzarrak Guelbenzu zinema erosteko espedientea onetsi du Milagrosarako gizarte- eta kultur-lokal bihurtzeko
Arrosadia-Lezkairuko udal lurzati baten truke lokala erostea ahalbidetuko duen truke-proposamena onetsi da
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du, truke-formularen bidez, Udalak Milagrosako Guelbenzu zinema-aretoa erostea ahalbidetuko duen espedientea, auzoko gizarte- eta kultur-espazio berria izan dadin. Egun 'Construcciones San Martín' enpresa da zinemaren jabea. Truke horretan Udalak Arrosadia-Lezkairuko garapen berriko lurzati batean duen % 45eko partaidetza jarriko du. Joan den osteguneko Osoko Bilkura berezian aurrekontu-aldaketa bat onetsi zen 70.000 euro zinema zaharberritzeko proiektura bideratzeko eta gizarte- zein kultur-azpiegitura bihurtzeko.

Joan den urtarrilean onetsi zen Milagrosako Hiri Jarduketarako Plan Bereziak aurreikusten zuen dagoeneko auzoan azpiegitura soziokultural berriak sortzeko beharra, eta Guelbenzu zinema finkatu zuen horretarako gune apropos gisa, haren zaharberritzea eta birgaitzea lehentasunezko jarduketa gisa finkatuta. Xedea da bertan funtzio anitzeko espazio bat sortzea, adinekoendako eta gazteendako gizarte- eta kultur-jarduerak egiteko, auzoaren beharrei erantzunez eta gainerako azpiegitura publikoen arabera, Juan José Echeverría Hirigintza, Etxebizitza eta Osasuneko eta Proiektu Estrategikoetako, Mugikortasuneko eta Jasangarritasuneko zinegotzi ordezkariak prentsaurrekoan azaldu duen bezala.

Milagrosako Guelbenzu  zinema 2003tik itxita dago, berriz irekitzeko hainbat saiakeren ondoren. Eraikina oinezkoendako bihurtu berri den Manuel de Falla kalearen ondoko gune finkatuan dago. 1.088,80 metro karratu ditu, 'Construcciones San Martinen' jabetzakoak, eta honela banatuta dago: zinema-areto bat beheko solairuan, 920,96 m2-koa; soto bat, 34 m2-koa, eta lokal bat lehen solairuan, 94 m2-koa. Planak hasiera batean gune hori desjabetzearen bidez lortzeko aukera planteatzen bazuen ere, Udalak trukearen aldeko hautua egin du eta horren truke Arrosadia-Lezkairuko 674, 60 metro karratuko bizitegi-erabilera libreko lurzati baten duen partaidetza zatiezina eskaini du.

Dagozkion txostenen arabera, Guelbenzu zinema dagoen lurzati pribatuaren tazasioak 673.536,62 euro jo du, eta trukea egiteko lurzatiaren Udalaren ehunekoak 717.368,26 euro, beraz, trukean Udalak prezioen aldeari dagozkion 43.832,64 euro ere jasoko ditu.

Tokiko Gobernu Batzarrak astelehenean onetsi ditu espedientea eta permuta egiteko eskaintza publikoa, eta Udalaren ondare den lurzatiaren besterengarritasuna aitortu du.

1963an inauguratu zen
Guelbenzu zinemak bi hamarkada jarraian funtzionatu zuen Milagrosan beste zinema-areto batzuen antzera, hirian aisialdiko gune horiek ugaritu ziren garaian, XX. mendearen erdialdetik hogei proiekzio-areto baino gehiago baitzeuden Iruñean. Guelbenzu aretoak 1963an ireki zituen ateak, eta Aitor zinemarekin batera auzoko zinema-aisialdiko gune nagusi bihurtu zen, 1981ean itxi zen arte. Orduz geroztik berriro irekitzeko hainbat saiakera egin dira, 2000n eta 2001ean. Hala ere, zinemaren krisiak, ohitura aldaketek eta aisialdirako aukera berriek 2003an behin betiko ixtea eragin zuten. Azken hogei urteotan zinema itxita egon da eta okupazio saiakera bat ere izan zuen, jabeen salaketari esker azkar hustu zena.

Udalaren jabetza izatera pasatzen denean obrak egin beharko dira gunea erabilera berrietara egokitzeko. Izan ere, Milagrosako Hiri Jardukerarako Plan Bereziak orotara 1,5 milioiko inbertsioa aurreikusten zuen lokalak erosi eta obrak egiteko.

¿Te ha sido útil esta página?