Iruñeko Udalak gaur goizean banatu ditu 2023ko Sanferminetako Su Artifizialen Nazioarteko XXII. Lehiaketako Egile-suaren sariak. Joseba Asiron Saez alkateak eta Udalbatzak Urrezko San Ferminarekin saritu dute Alemaniako Pyrogenie Feuerwerk su-etxeko Tim Hannig, uztailaren 14ko su artifizialen arduraduna. Saria 5.000 euro dira, eta su-etxearen kalitatea ez ezik, su artifizialen ikuskizunaren diseinu-lana saritzea ere bilatzen du; Hannigek Seasons in fire (Urtaroak sutan) izena jarri zion ikuskizunari.
Ekitaldia Udaletxeko Harrera-aretoan egin da, eta Zilarrezko eta Brontzezko San Ferminak ere banatu dira, baita 3.000 eta 2.000 euro ere, hurrenez hurren. Horietako lehena Valentziako Tamarit Pirotekniako Daniel Tamarit Olmosi eman diote, uztailaren 12an Iruñeko zerua argitu zuen Haserrealdia ikuskizunagatik. Bestalde, Kanarietako San Miguel Pirotekniako Ramón Martel Martek Brontzezko San Fermin saria irabazi zuen, uztailaren 10ean, astelehenarekin, egin zuen Madre Mayantigo (Pedacito de cielo) diseinuagatik.
Hiru saridunak lehiaketaren edizio berezi samar bateko ordezkariak dira, izan ere, aldaketak egin behar izan ziren programazioan, hainbat gorabehera tarteko. Hala, uztailaren 6an, astelehenarekin, su artifizialak bertan behera geratu ziren, arratsaldeko azken orduan hirian jausi zen euri-erauntsia zela-eta. Horrez gain, Italiako Fireworks Ugo Lieto Events su-etxeak uztailaren 12an zuen suak jaurtitzeko asmoa, baina azkenean ez zuen parte hartu, aurreko egunetan bere tailerrean istripua izan ostean.
Sariak emateko erabakian, epaimahaiak Tim Hannig alemaniarraren Seasons in fire bildumako “estiloa, erritmoa eta tiroaren konposizioa” baloratu zituen, “adierazkortasun eta dotoretasun” handia eman baitzion bildumari. Gainera, Ziudadelak eskaintzen duen “esparru eszenikoa erabat aprobetxatzea” izan zen balantza su-etxe alemaniarrerantz bideratzeko puntu nagusietako bat, baita urtaroen inguruko narratiba “guztiz identifikagarria” ere. Epaimahaiak “perla zuriko monokromoan arriskatutako” amaiera ere baloratu zuen, diseinatzaileak narratibaren une ezberdinetan kolorea sartuta kontrastatu zuena.
Daniel Tamarit Olmosek Zilarrezko San Fermin saria jaso zuen Haserraldia ikuskizun piroteknikoarekin, narrazioa nabarmentzeko “sonoritatearen erabilera trebeagatik” eta efektu berritzaileak erabiltzeagatik, hala nola flash ultra-azkarren frisoa Horri guztiari gehitu behar zaio askotariko eta kalitate handiko piezak erabiltzea, pieza bereziak sartzea eta “maila kromatikoan, soinu-mailan eta beheko eta goiko aldeen arteko efektuen mailako elkarrizketa”.
Azkenik, Kanarietako San Miguel Pirotekniako Ramón Martel Martelen Madre Mayantigo (Pedacito de cielo) ikuskizunak Zilarrezko San Fermin saria lortu zuen, nahitaezko proba biak harilkatzeko kolore berberak erabiltzearen koherentziagatik eta artifizioen kalitate handiagatik, baita tiroaren erritmo dinamikoagatik ere. Epaimahaiak tiroaren “hasieraren eta amaieraren” kalitate handia nabarmendu zuen, baita “sekuentzia oso interesgarri batzuk ere, hala nola palmondo-basoak eta beira-aleak”.
Sariak banatzeko ekitaldian, Udalbatzaz gain, Iñigo Gomez Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zuzendariak, Mikel Pagola lehiaketako zuzendari artistikoak, Sergio Matoses errejidoreak eta Jose Maria Paris eta Celia Eslava aurtengo epaimahaikideek parte hartu dute, lehiaketa babesten duten enpresetako ordezkariekin batera.
San Ferminetako Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketaren seigarren edizioa da aurtengoa, eta Egile-suetan ardazten da: garrantzi berezia du, beraz, ikuskizunaren diseinuaz arduratzen denak. Lehiaketak herritarren bozketa bat ere badu, su onenak baloratzeko, eta bozketa profesional bat, epaimahai kualifikatu batek egina, gaur goizean Udaletxean emandako sariak gauzatzeko.
2023KO HIRU IRABAZLEAK
Urrezko San Fermina
o Bilduma: Seasons in fire (Urtaroak sutan)
o Egilea: Rim Hannig
o Su-etxea: Pyrogenie Feuerwerk (Alemania)
Zilarrezko San Fermina
o Bilduma: Haserrealdia.
o Egilea: Daniel Tamarit Olmos
o Su-etxea: Pirotecnia Tamarit (Valentzia)
Brontzezko San Fermina
o Bilduma: Madre Mayantigo (Pedacito de cielo)
o Egilea: Ramón Martel Martel
o Su-etxea: Pirotecnia San Miguel (Kanaria uharteak)
2024KO SANFERMINETAKO SU ARTIFIZIALEN NAZIOARTEKO XXIII. LEHIAKETA.
Uztailak 6, larunbata
o Pyrophonia Mediterránea.
o Diseinatzailea: Gaspar Guaita Ruiz.
o Su-etxea: Turis (Valentzia, Espainia)
Uztailak 7, igandea
o ‘Nattens magi ’(Gauaren lilura).
o Diseinatzailea: Gunnar Boerge Knudsen
o Su-etxea: Højen & Magic Fyrværkeri ApS (Holstebro, Danimarka)
Uztailak 8, astelehena
o Le charme à la française (Xarma frantses erara).
o Diseinatzailea: Christophe Ubeda.
o Su-etxea: Ardi (Paris, Frantzia)
Uztailak 9, asteartea
o Pertseidak.
o Diseinatzailea: Javier Lorenzo Martínez Castro
o Su-etxea: Pirotecnia Oscense (Huesca, Espainia)
Uztailak 10, asteazkena
o Brave velocity! (Ausardia ziztu bizian)
o Diseinatzailea: Roeland Weijenburg.
o Su-etxea: Caffero (Berlicum, Herbehereak)
Uztailak 11, osteguna
o La dolce vita (Bizitza gozoa).
o Diseinatzailea: Angelo Poleggi.
o Su-etxea: Poleggi (Canepina, Italia)
Uztailak 12, ostirala
o My dream is… (Nire ametsa da…).
o Diseinatzailea: Alessio Scarsella.
o Su-etxea: Scarsella Fireworks (Alatri, Italia)
Uztailak 13, larunbata
o Ad astra (Izarretaraino).
o Diseinatzailea: Karl Mitchell-Shead.
o Su-etxea: Illusion Fireworks Ltd. (Wooton, Erresuma Batua).
Uztailak 14, igandea
o Ziudadela, artea eta magia.
o Diseinatzailea: Pedro Alonso Fernández Vidal
o Su-etxea: Pibierzo (Leon, Espainia)