Aurrera doa Kantu eta Hitza euskarazko musika-zikloa Ezpeletaren jauregiko patioan; osteguneko kontzertuan Thierry Biscaryk “Muda” bigarren diskoa aurkeztuko du, bere izenaz editatzen duen lehenengoa. Emanaldia 20:00etan hasiko da, eta sarrera librea da, iritsitako hurrenkeraren arabera. Barrutiko ateak, San Frantzisko kaleko sarbidetik, emanaldia hasi baino 45 minutu lehenago irekiko dira.
Izenburuak adierazten duen bezala, diskoak mudaz dihardu, zentzurik zabalenean: norberaren eboluzio eta erreboluzioak, sufritu edo erabakitako aldaketak. “Manez eta Kobreak” lehen lanean bere sustraiei omenaldia egin zien. Manez izen artistikoa hartu zuen, aitatxiaren ezizena. Hala, bizitzaren zati baten orrialdea pasatu ahal izan zuen, atzean utziz familiaren baserriko premutasuna.
“Muda” diskoan, Manezek Thierry Biscaryri bide eman eta bere bizitza erakusten du, bere buruari buruz hausnartzen emandako urteen lana, garapen pertsonala, zeinetan arian-arian larruazal zaharrak alde batera utzi baititu. Horretarako, bizitako edo amestutako istorioak kontatzen ditu lagun dituen hainbat poeta eta bertsolariren laguntzarekin: Uxue Alberdi, Leire Bilbao, Jon Benito, Itxaro Borda, Xabier Euzkitze, Jon Maia... Diskoaren abestietako pertsonaia gehienak haien bizitzak aldatzen ari dira, edo aldatzen saiatzen. Istorioek erresilientzia-gaitasuna deskribatzen dute, eta norberaren errealizazioaren bilaketa, bizitzaren agintea hartzea, uko egitea, eboluzionatzea, naturaren bilakaerari men egitea.
Biscaryrekin batera (Anhauze, 1976) Jérémie Garat, Joël Merah eta Amaiur Carajavillek osatutako hari-hirukotea izanen da agertokian. Ahotsa eta koruez gain, beste zenbait instrumentu ere jotzen dituzte, hala nola kontrabaxua, mandolina, bandurria eta gitarra. Hori guztia Thierry Biscaryren ahotsa eta abestietan kantatzen dituen istorioak goraipatzeko, dena hausnarketa-giro goxoan, batzuetan malenkoniatsuan, baina batez ere itxaropenez beterik.
Kantu eta Hitza. Ezpeletaren jauregiko patioa
- Abuztuak 27, osteguna. 20:00
- MUDA. THIERRY BISCARY
- Abuztuak 29, larunbata. 20:00
- IBIL BEDI
- Kontzertuetan sarrera librea izanen da, iritsitako hurrenkeraren arabera, leku guztiak bete arte. Barrutiko ateak emanaldi bakoitza hasi baino 45 minutu lehenago irekiko dira.