Teresa Sabaté eta Virginia Santosen proposamena Ziudadelako Bolborategian ikusgai dago urtarrilaren 17ra bitarte, eta oinarri du hizkuntzak eta narrazioak nahasten dituen hiru fasetako bidaia artistiko bat. Lehen faseak fisikoki islatzen du zenbait hilabetez haien lantegiaren eta Uharte Arte Garaikidearen Zentroaren artean egunero egiten zuten ibilbidea. Bigarren fasean, lan horretan haien lantegiko inguruneko elementuak txertatu nahi izan zituzten, hiri-ukitu nabarmenagoaz, hasierako ibilbidean lagun zuten naturarekin alderatuta. Baina, eraldaketa-prozesu horretan zeudela, konfinamendua iritsi zen, eta horri esker beste ikuspuntu garrantzitsu bati erreparatu zioten: pertsonen arteko harremana. Orduan erabaki zuten lorategi imajinario horretan sartzea haien kalean bizi diren pertsona errealak. ‘Oinez eta eskuz 2’ lanak jada hiru faseak egin baditu ere, artistek aitortzen dute oraindik ere proiektua irekita dagoela eta esperientzia berriak sar daitezkeela.
Erakusketa honen jatorria bi artisten proposamen bat da, hizkuntzak eta narrazioak nahasteko, eta horretarako esperientzia partekatu baten bidez errealitatea eta fikzioa bateratzen dituzte. Hasierako ideia horietatik sortu zen lehen kolaborazioa, alegia, obra batean islatzea egunero Santa Marta kalean zuten lantegitik Uharte Arte Garaikidearen Zentroraino oinez, autoz edo autobusez egiten zuten ibilbidea. Zenbait hilabetez, ibilbide horretan bizitako esperientziak eta elkarrizketak bildu zituzten, eta horiekin pieza handi bat gauzatu zuten, zeina handitzen joan zen, hizkuntzak eta partekatutako esperientziak nahasten dituen hamar metroko mural handi bat osatu arte.
Teresa Sabaté eta Virginia Santos artistek defendatzen dute ez dela toki batetik bestera fisikoki lekualdatzea soilik; bidaia bat da, non espazioan eta denboran egindako joan-etorria lan-prozesuaren inguruko gogoetarekin batzen baita, bat-batean sortzen ari den obraren etengabeko negoziazioa, zeinaren elementuak bide bakoitzean ageri baitira. Ibilbide horretan, arian-arian, konturatu ziren hutsalen diruditen gauzek garrantzia hartzen dutela. Hurbilekoak, egunerokoak dimentsioa aldatzen du, esaten dutenez, aparteko bilakatzeko. Horrela, nabarmendu nahi dute inguruan aurkitzen dugunak, egunero behatzera gelditu gabe ikusten dugunak garrantzi handia hartzen duela merezi duen arreta jartzen badiogu.
Eboluzionatzen joan den proiektu artistikoa, oraindik ere bizirik dirauena
Baina bide hori egun hauetan Ziudadelako Bolborategian ikusgai dagoen obra sortzeko lehen fasea besterik ez zen izan. Hasierako planteamendu artistikoaren ondoren, Sabaték eta Santosek lantegira itzultzeko bideari ekin zioten, eta horrek ahalbidetu zien haien kalea berriz aurkitu eta beste modu batez begiratzea, hiri-ikuspegiaz. Asfaltoak, zirkulazioak edo eraikinek kontraste egiten zuten aurreko ibilbidean landu zuten natura-ingurunearekin, eta bi ideia horiek uztartzeko asmoz, haien lantegiaren inguruneari ukitu berde bat eman zioten. Hala, landarez eta kolorez betetako lorategi handia bailitzan imajinatu zuten haien kalea.
Egun hauetan ikusgai dagoen ‘Oinez eta eskuz 2’ obrak pandemia ere islatzen du, izan ere, bi artistek asmatu zuten lorategia osatzen ari zirela, konfinamendua iritsi zen. Egoera berri horrek elkarrekin leku berean lan egiten jarraitzea eragotzi zien hainbat astez, eta horrela gogoeta egiten jarraitzeko aukera izan zuten. Lan horretan jabetu ziren inguruan ditugun pertsonekiko harremanen garrantziaz, eta ideia hori obran txertatzea erabaki zuten; horretarako, lorategi imajinario horretan sartu zituzten haien kalean bizi diren zenbait pertsona erreal. Teresa Sabaték eta Virginia Santosek diotenez, egun hauetan Ziudadelan ikusgai dagoen obra ez dago itxita, eta bidaia eta esperientzia berriak sartzeko aukera zabalik utzi dute.