Tenpora taldea arituko da ostegunean Ezpeletaren jauregiko patioaren taula gainean, Kantu eta Hitza euskarazko musika-zikloaren barruan

Tenpora taldea arituko da ostegunean Ezpeletaren jauregiko patioaren taula gainean, Kantu eta Hitza euskarazko musika-zikloaren barruan
“Berriro asma nazazu” hirugarren diskoa aurkeztuko du, zeina irailaren amaieran argitaratuko baita, 20:00etatik aurrera, eta sarrera librea da, iritsitako hurrenkeraren arabera

tenpora

Ezpeletaren jauregiko patioa Kantu eta Hitza zikloko bigarren emanaldiaren agertoki izanen da ostegunean. Tolosako Tenpora taldeak bere hirugarren diskoa aurkeztuko du: “Berriro asma nazazu”. Uda baino lehen argitaratzekoa zen, baina, azkenik, irail amaieran kaleratuko da. Kontzertua 20:00etan hasiko da, sarrera librea da, iritsitako hurrenkeraren arabera, eta edukiera kontrolatuko da. Sartzeko ateak, San Frantzisko kalean, emanaldia hasi baino 45 minutu lehenago irekiko dira.
 

Tenpora 2012an sortu zen, Tolosan, eta jada sei kanta dituen maketa bat eta bi disko luze argitaratu dituzte: “Mundu berria”, 2014an eta “Itzulika” 2017an. Azpimarratzekoak dira hala taldearen osaera eklektikoa nola haren musika-aberastasuna, taldekideak honako proiektu eta talde hauetako partaide baitira: Maddi Oihenart, Benito Lertxundi, Ruper Ordorika, Cantus Caterva, Umama, Drindots eta Et Incarnatus Orkestra, besteak beste.
 

Estilo eta sentsibilitate horien baturak berezko nortasun berezia eman dio taldeari. Haren musika sailkaezina da, taldea etengabeko bilaketan aritzen baita; hori bai, bere musikaren funts eta bereizgarritasunari eusten die. Musika-adituen hitzetan, aldiz, kantak pop eta jazzetik jaiotzen dira, eta elektronika zein rock progresiboaren eremuetan sartzen dira. Proposamenaren kalitatea, zuzenekoaren indarra eta abestietan islatzen duten sentikortasuna batetik, eta taldearen irmotasuna eta dotorezia bestetik, horra bai ikus-entzuleek bai kritikariek gehien nabarmendu dituzten ezaugarriak.
 

Taldearen beste bereizgarrietako bat egungo literaturarekin zein idazleekin duen harreman estua da. Harkaitz Canok eta Karlos Linazasorok idatzi dituzte taldearen kantak eta, disko berrian, Leire Bilbaok parte hartuko du. Azken urteotan hainbat antzoki eta aretotan izan dira, hala nola hauetan: Victoria Eugenia Cluba, Eako Poesia Egunak, Tolosako Leidor eta Topic antzokiak eta Tabakalera. Honako hauek osatzen dute taldea: Hasier Oleaga (bateria), Itsaso Etxebeste (baxua), Juantxo Zeberio Etxetxipia (teklatuak), Beñat Barandiaran (gitarra) eta Elene Arandia (ahotsa).

 

Kantu eta Hitza. Ezpeletaren jauregiko patioa

  • Abuztuak 20, osteguna. 20:00
    • TENPORA
  • Abuztuak 27, osteguna. 20:00
    • MUDA. THIERRY BISCARY
  • Abuztuak 29, larunbata. 20:00
    • IBIL BEDI

 

  • Kontzertuetan sarrera librea izanen da, iritsitako hurrenkeraren arabera, leku guztiak bete arte. Barrutiko ateak emanaldi bakoitza hasi baino 45 minutu lehenago irekiko dira.