Tanttaka konpainiaren Soka eta Nueva Babel konpainiaren Enpresaria antzezlanek osatuko dute Antzerki Aroa euskarazko antzerki-zikloaren udaberriko edizioa. Apirilaren 10ean eta maiatzaren 2an izango dira bi emanaldiak, hurrenez hurren, 20:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan (NAE), sarrerak 8 euroan salduko dira, eta 5 euroko tarifa murriztua egongo da ikasle-taldeendako. Bi saioetarako abonamendua eskuratzeko aukera ere bada, 12 euroan. Sarrerak eskuragarri daude jada, on-line, NAEko webgunean (www.laescueladeteatro.com) eta aurrez aurre, eskolako leihatilan.
Zikloa bihar abiatuko da, asteartearekin, Soka antzezlanarekin, non egileak, Mikel Gurreak, hausnarketa pertsonala egiten baitu eskola-jazarpen kasuen erruari eta erantzukizunari buruz. Fernando Bernués da Soka antzezlaneko zuzendaria, eta Iñaki Rikarte, aktorea. Azken hori gaur goizean egon da Iruñean egin den aurkezpenean. Acrónica Producciones arduratu da argiztapenaz, soinu-bandaz eta proiekzioez, eta Edi Naudók eta Dani Bernuések osatzen dute talde teknikoa.