Maider Garayo iruindarraren Dear Deer argazki-erakusketa apirilaren 12ra arte egonen da ikusgai Ziudadelako Bolborategian. Artistak irudiak, materialak eta hitzak uztartzen ditu haren jaiotze-hiriarekin lotutako oroitzapenak iradokitzeko, Taconera parkeko zortzi orein emeak ardatz hartuta.
Erakusketa gaur (ostirala) aurkeztu du Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zinegotzi ordezkariak, Maider Garayo erakusketaren egilearekin batera. Sortzaileak animalien irudiak proposatzen ditu, munduaren eta naturaren ikuskerak islatzen dituzten kultur sistemen parte bailitzan.
Artistak islatzen du nola definitzen duen garai bakoitzak gizatasuna, animaliekiko bereizketa artifiziala eginez; izan ere, arrazoiaren , hizkuntzaren, arimaren, edo etikaren arabera ardazten dira garaiak, baina definizio bakar batek ere ez dirau denboran. Horregatik, lerroak urratzeko moduari buruz hausnartzen du, baita errealitatea mozorrotu eta mugatzen duten definizioak gainditzeari buruz.
Sormen-hamarkada oso bat
Maider Garayo Urabayenek hamar urte baino gehiago daramatza praktika artistikoa hainbat testuingurutan garatzen, banaka zein taldeka, sorkuntza garaikideari lotutako proiektuak bultzatuz. Bere lanak irudia eta materiaren ikerketa du ardatz, baita horiek espazioarekin duten harremana ere. Instalazioak baliatuta, aztertu egiten du presentzia horiek nola egituratzen diren espazioan atmosferak eta giroak sortzeko, eta arreta berezia jartzen du haien itxuran, antolamenduan eta lekuaren esperientzia eraldatzeko duten gaitasunean.
Inpresio-tekniketan duen prestakuntza eta ibilbidea funtsezkoak izan dira bere lanaren garapenerako. Artistaren lanak ikerketa eta ekoizpen grafikoa izan ditu ardatz, eta inprimatze-prozesuak bitarteko gisa baliatu ditu bere ideia eta kezkei itxura emateko. Egonaldi artistikoak egin ditu Tabakaleran (Donostia) eta WIELS Contemporary Art Centre-n (Brusela). Uharte Zentroaren ekoizpen-laguntzak eta Nafarroako Arte Plastiko eta Bisualetarako laguntzak jaso ditu. Maiderren lanak ikusgai egon dira Montehermoso Kultur Zentroan, Iortia Kultur Gunean, Kampai Espazioan, La Zurdan eta Iruñeko Arte eta Diseinu Eskolan, besteak beste.
DEAR DEER. ZIUDADELAKO BOLBORATEGIA
Maider Garayoaren erakusketa
Datak: 2026ko otsailaren 6tik apirilaren 12ra
Erakusketa bisitatzeko ordutegia honako hau da: asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era; igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era.