Taconera parkeko Birjolastu gunean berrerabilpenean eta materialen birziklapenean oinarritutako haurrendako hamaika jolasgune proposatu dituzte aurtengo sanferminetarako

Taconera parkeko Birjolastu gunean berrerabilpenean eta materialen birziklapenean oinarritutako haurrendako hamaika jolasgune proposatu dituzte aurtengo sanferminetarako
Uztailaren 6an irekiko dute gunea, arratsaldez; sanferminetako gainerako egunetan, 11:30etik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara egonen da zabalik
Birjolastu


Zazpigarren urtez jarraian, Iruñeko Udalak sanferminetan haurrak berrerabilpenean eta birziklapenean kontzientziatzearen aldeko apustua egin du. Birjolastu gunea Taconera parkean izanen da berriz ere, 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako eremuan hamaika jolasgune eta zentzumen-, mugimendu-, trebetasun-, arrisku- eta sormen-jolasak uztartzen dituen aisiaz gozatzeko aukera izanen da.

Beste behin Zaragozako PAI konpainia da proposamenaren arduraduna. Bertan denetarik sustatzen da jolasaren bitartez: haurren arteko eta haurren eta helduen arteko harremanak, lankidetza, parte-hartzaile bakoitzak jolasean hasi aurretik xede dituen lorpenak eta erronkak, materialen erabilera eta esperimentatzeko, sentitzeko, entzuteko, probatzeko eta mugitzeko plazerarekin lotutako emozioak. Uztailaren 6an irekiko dute gunea, arratsaldez, 18:00etatik 21:00etara bitarte, eta uztailaren 7tik 14ra, goizez zein arratsaldez, 11:30etik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara egonen da zabalik.

2025eko sanferminetan hainbat berritasun egonen dira: hainbat jolasgune birkokatuko dira, berriak gehitu eta orokorrean Taconera parkeko girotzea hobetuko da. Aurten, Brif Braf Bruf Jaialdiarekin elkarlanari eutsi diote eta pista-jolas bat eginen dute, Jokai Iruñeko enpresaren jolasak gehituko zaizkio eta Iruñerriko Mankomunitatearekin eta Nafarroako Gobernuko ingurumen-kudeaketarekin lankidetzan arituko dira.  Birjolastu bat dator Garapen Jasangarrirako Helburuekin eta COP21 batzarraren Klima aldaketari buruzko akordioarekin.

Jolasguneak eremu guztian barna
Jolasguneak Larrainako atzealdearen eta Vistabella eremuaren arteko parke-tartean egonen dira. 1968ko mikrobus bat, mahai batzuk, jostailuak eta pistaz hornitutako hainbat postontzik ongietorria emanen diete berrerabilpenaren munduan barneratu nahi dutenei. Bi pertsonaia, Renata eta Mintxo dragoia, izanen dira anfitrioiak. Argibide-gunearen ondoan “Larun” parte hartzeko instalazioa egonen da, eskuz egindako eta euskal mitologian inspiratutako sormen-jolasez osatuta; eta Birziklatzeko Zentro Birtuala, non Nafarroako Gobernuaren laguntzari esker, hondakinak dagozkien edukiontzira modu birtualean botatzeko aukera izanen baita.

Iparraldean, ezpondatik hurbilen dagoen eremuan, beste gune batzuk egonen dira: “Gurpil artean bueltaka” gunea, 300 auto-gurpil eta 50 pneumatiko-ganberarekin; “Klarion-A”, arbelez, siluetaz, altzariz bai eta margotzeko kotxe batez ere hornituta; “Berreraikuntza”, zurezko 16 plataformaz eta egiturak sortzeko ehundaka lata eta ontziez hornituta, eta “Zirko-mirko”, uztai, trikimako, oreka-soka eta beste hainbat elementurekin. Iturrian, ontziralekua egonen da, apar zatiekin eta zotzekin eraikitako itsasontziekin jolasteko gunea. Iturritik hurbil, “Ubideak” izeneko ur-jolasen eremua egonen da, eta bertan bainuontziak, terreinak eta ontziak egonen dira plisti-plasta egiten eta bustitzen gozatzeko.

Lubanarroetatik gertu, “Gazteluak egiten, airean mugitzen” gunea izanen da, olanez estalitako goma-aparrezko 30 pieza erraldoiez, zentzumen-bideez, kanpin-dendez, eraikuntzez, tunelez eta hiru metroko arrapala batez hornituta. Birjolastu gunean haur txikiendako berariazko eremu bat ere egonen da, eta bertan material naturalak, hamakak, balantzak, oihalak, sukaldeko elementuak, arroza eta pasta egonen dira eskuragarri. Azkenik, “Mirarien sukaldean”, tamaina handiko sukalde bat instalatuko dute, benetako garbigailuekin, eginkizunen banaketa eta rol eta generoen arteko berdintasuna irudikatzeko.

¿Te ha sido útil esta página?