
Iruñeko Udalak ordutegi berezia ezarri du sanferminetarako ostalaritzako establezimenduendako, diskotekendako eta dantzalekuendako, eta beranduago ixten ahalko dute. Zehazki, uztailaren 7tik 15era, biak barne, tabernak, kafetegiak, jatetxeak, taberna bereziak eta ikuskizunak ematen dituzten kafetegiak 06:00ak arte edukitzen ahalko dira zabalik. Diskotekak eta dantzalekuak lehenago irekitzen ahalko dira, 17:00etan, eta beranduago itxi, 07:30ean.
Alkatetza Dekretu baten bidez ezarri dituzte ordutegi horiek, eta uztailaren 7tik 15era bitarte baino ez dute balioko. Dekretuaren arabera, ordutegi malguago horiek edukitzen ahal dituzten establezimenduek gutxienez 3 orduz itxita egon beharko dute derrigor: hau da, itxi ondoren, hiru ordu igaro arte ezin izanen dute berriz zabaldu. Tarte horretan garbitu beharko dute lokala.
OSTALARITZAKO ORDUTEGIAK SANFERMINETAN
• Tabernak, kafetegiak, jatetxeak, taberna bereziak eta ikuskizunak eskaintzen dituzten kafetegiak: 06:00ak arte zabalik.
• Diskotekak eta dantzalekuak: 17:00etatik 07:30 arte zabalik.