
Taberna, kafetegi eta diskotekak beranduago itxi ahal izanen dira abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean. Iruñeko Udalak Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Zinegotzi Ordezkariaren ebazpen bat argitaratu du. Horren bidez, Eguberrietako ikuskizunen eta establezimenduen ordutegiak luzatzen dira, eta ixteko ordutegia bi orduz luzatuko da abenduaren 24tik 25era eta abenduaren 31tik urtarrilaren 1era bitarteko goizaldeetan.
Hala, tabernak, kafetegiak, jatetxeak eta kafe-ikuskizunetako lokalak 04:30 arte egon ahal izanen dira zabalik; taberna bereziak 06:00ak arte, eta diskotekak 08:30 arte.
Amaitzeko edo ixteko ezarritako ordutik aurrera, musika, emanaldi edo joko guztiak eten beharko dira, ezin izanen da kontsumitzeko beste ezer zerbitzatu eta lokaleko argiak piztuko dira. Era berean, ezin izanen da pertsona gehiago sartu lokalera, eta ordu erdiko epean, gehienez ere, jendez hustu beharko da.
Jendez husteko denboran zehar, lokala ixteko elementuak –pertsianak edo antzekoak, esate baterako– jasota egonen dira eta ateak desblokeaturik.
Udalak hiru orduko gutxieneko tarte bat ezartzen du ixten denetik berriz ireki arte, garbiketa-lanak errazteko.