Kontzertuak eta su artifizialak dira, oraindik ere, sanferminetako programako jarduerarik jendetsuenak. Gauero, 50.000 lagun bildu dira Gaztelugibeleko ingurumarietan piroteknia-ikuskizunaz gozatzeko. Guztira, 150.000 pertsona, festen lehenengo hiru egunetan. Horri gehitu behar zaizkio hiriko musika-eremuetara bertaratu direnak: 74.000 baino gehiago Gazteluko plazan, Foruen plazan eta Compañía plazan. Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorrak datu horien guztien berri eman du Babes Zibileko Batzordean. Hain zuzen, bertan, hainbat entitatek eta segurtasun-kidegok egunero festen bilakaera aztertzen dute.
Zehazki, Gazteluko plazako kontzertuetan, batez beste, egunero 12.000 lagun inguru egon dira. Uztailaren 6an, 10.000 lagun egon ziren Izaroren kontzertuan; igandean eta astelehenean 12.000 lagun egon ziren Chill Mafia eta Dinamita taldeen kontzertuan eta Zetak taldearen kontzertuan. Foruen plazako DJ-saioetan 10.000 lagun bildu dira egunero. Kopurua antzekoa izan da festen hiru egunetan; bai Europa FMren festan larunbatean (uztailak 6), bai Loca Urbanekin igandean, bai bart gauean Zucla Celeste eta Alonso Mare-rekin. Compañía plazari dagokionez, uztailaren 6an 6.000 lagunek gozatu zuten Lazcoz+Pablo Cotton eta Sonido Tupinamba taldeen musikarekin. Uztailaren 7an 3.500 lagun bildu ziren Borla eta Claire Martin Quartet taldeen musika entzuteko. Guztira, festen lehenengo hiru egunetan 74.000 pertsona baino gehiago bildu dira musika-emanaldietan.
Salaketak entzierroan eta bigantxetan
Iruñeko Udaltzaingoak sei salaketa izapidetu ditu festen lehenengo hiru egun hauetan, Entzierroaren Udal Ordenantza ez betetzeagatik. Kasu guztietan falta astunak izan dira, 601 eta 6.000 euro arteko zehapenekin. Udaltzaingotik adierazi dutenez, sei salaketatik bost zezenak ukitzeagatik izan dira, hala entzierroan nola bigantxetan, zezen-plazan. Seigarren salaketari dagokionez, baita ere, bigantxa bat ukitzeagatik, larriagotu egin da, salatutako pertsonak uko egin diolako agintaritzaren agenteen aurrean identifikatzeari.
Lehen salaketa uztailaren 7an jarri zen, eta dagokion zehapena kasuan kasuko helbidera iritsiko zaio arau-hausleari. Aitzitik, astearte honetan lau salaketa jarri dira bigantxen ikuskizunean; salatutako guztiak atzerritarrak zirenez, zehapena han bertan jaso dute, eta salaketan ezarritako zenbatekoa ordaindu behar izan dute: 601 euro pertsona bakoitzeko.
Hala Entzierroaren Udal Ordenantzak nola Ikuskizun Publiko eta Josteta Jarduerei buruzko 2/1989 Foru Legeak zehapen-maila desberdinak aurreikusten dituzte, egindako arau-haustearen arabera. Hala, zehapen arinak daude (600 eurora arteko isuna) bermerik gabeko elementuetara igotzeagatik, ibilbidean debekatuta dauden tokietan jartzeagatik, polizia-hesiak ez errespetatzeagatik, argazki-makinak edo mugikorrak eramateagatik, oinetako desegokiekin korrika egiteagatik edo garbiketa-lanak oztopatzeagatik.
Zehapen larriak (601 eta 6.000 euro arteko isunak) honako hauengatik ezartzen dira: egoera txarrean egotea, edari, droga edo beste substantzia batzuen eraginpean, entzierroaren ibilbidean edo plazan; ibilbidera objektuak botatzea; zezenengana korrika egitea (ibilbidearen alderantzizko noranzkoan); haien atzetik korrika egin eta haiek zirikatzea, arriskua sortuz; zezenak ukitzea edo haien arreta deitzea; ibilbidean gelditzea edo hesietan geratzea gainerako korrikalariei lasterketa zailduz; eta ibilbidean grabazio-elementuak (edozein gailu) eta droneak erabiltzea. Zehapen oso larriak (6.001 eta 60.000 euro bitarteko isuna) ezartzen dira entzierroan parte hartzeagatik mugitzeko elementu mekanikoak erabiliz (patinete elektrikoak, bizikletak, etab.), eta pertsonentzat nahiz arau-hauslearentzat arriskutsua izan daitekeen edozein jarrera ikusiz gero.
68 salaketa, gehienak ebasketengatik
Salaketa horiez gain, atzo Udaltzaingoak 68 salaketa jarri zituen, gehienak ebasketengatik (46); era berean, Alde Zaharrean 9 janari- eta edari-postu ibiltari konfiskatu zituen. Polizia Nazionalak 63 salaketa jarri eta 5 pertsona atxilotu zituen; Foruzaingoak 104 salaketa jarri zituen, horietatik 93 ebasketengatik, eta 7 pertsona atxilotu zituen; eta Guardia Zibilak 17 salaketa jarri eta pertsona bat atxilotu zuen. Guztira, atzo 252 salaketa jarri eta 13 pertsona atxilotu ziren. Horrez gain, uztailaren 6tik 7rako gauean gertatutako ustezko sexu-eraso baten berri eman zen. Kanpoko bitarteko batek jakinarazi zuen, eta une honetan hura ikertzen ari dira. Ez zen salaketarik jarri eta ez zen aktibatu eraso sexisten aurkako protokoloa. Azkenik, astearte honetan, salaketa bat jarri da ukituengatik, eta pertsona bat atxilotu dute.
Amaitzeko, Babes Zibileko Batzordeari jakinarazi zaio zaratak direla-eta Iruñeko Udaleko Ikuskaritza zerbitzuak 926 ikuskapen egin dituela. Horietatik, % 66 parametro normalen barruan daude. Kasuen % 28an egiaztatu da zarata handia dela, eta % 5ean, oso handia.