Soul-, blues- eta R&B-musikaz beteko da Iruña, irailaren 5etik 14ra eginen den Beltza Weekend jaialdiaren hirugarren edizioan, non zinema, erakusketa eta lantegiak ere izanen baitira

Soul-, blues- eta R&B-musikaz beteko da Iruña, irailaren 5etik 14ra eginen den Beltza Weekend jaialdiaren hirugarren edizioan, non zinema, erakusketa eta lantegiak ere izanen baitira
Zentralen Roy Ellis, Lee Fields, Michelle David eta Aretha Soul Divas izanen dira, eta Media Lunan, Las Kassetes

Beltza Weekend jaialdiak bere hirugarren edizioa ospatuko du irailaren 5etik 14a arte, eta jarduera zein gune ezberdin gehiago izanen ditu, musika beltza, soul-, blues-, R&B-, swing- eta boogie-musika ekartzeko eta ikusle-mota gehiagori iristeko. Edizio honetan, programak nazioartean ezagunak diren taldeen kontzertuak izanen ditu Zentralen, eta atari zabaleko emanaldi batzuk doan, Media Lunan; horrez gain, zinema- eta literatura-hitzorduak, erakusketa bat eta are haurrendako lantegiak ere bai.
 
Beltza Weekend-en edizio hau aurkeztu dute gaur María García-Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkariak eta jaialdirako antolatzaile-lanetan aritu diren Gautxoriak Soul Club elkarteko kideek –Josetxo Balda, Iban Iribarren eta Germán Rubio–. Ekitaldi nagusiak Zentraleko kontzertuak izanen dira, irailaren 13an –ostiralarekin– eta 14an –larunbatarekin–, 21:30etik aurrera. Ostiralekoan Aretha Soul Divas & The Silverbacks eta Roy Ellis & Mighty Megatons izanen dira. Kontzertuetako sarrerak salgai daude, 24 euroan. Larunbatekoan, aldiz, Michelle David & The Gospel Sessions eta Lee Fields & The Expressions izanen dira, eta sarrerak, 25 euroan. Bi egunetarako abonamenduak 42 euro balio du, gehi kudeaketa-gastuak. 16 eta 25 urte bitarteko gazteendako abonamenduak 25 euro balio du. Musikaze-n eskura daitezke (http://bit.ly/BeltzaWeekend2019). 

Roy Ellis, eta omenaldia, Aretha Franklin-i 
Irailaren 13an Aretha Soul Divas & The Silverbacks-ekin omenaldia eginen zaio Aretha Franklini, Espainian sekula emanaldirik egin ez zuen soul-erreginari. Eskubide zibilekin erabateko konpromisoa izan zuen, eta utzi duen musika-ondarea erraldoia da; tartean daude Respect, Think eta I say a little prayer , herri-musikaren historiaren zati bat direnak. Omenaldirako emakume-ahotsen all-stars bat bildu da (Astrid Jones, Juno, Mayka Edjole eta Shirley Davis), herrialdeko soul- eta funk-talde onenetako batez lagunduta, The Silverbacks taldeaz.
 
Jamaikako Roy Ellis ere musika garaikideko mito bizia da. 60ko hamarkadan hasi zenetik, Roy Ellis-ek parte hartu du blues-, ska- eta reggae-proiektuetan, The Bees, The Seven Letters eta The Pyramids taldeetan, esaterako. Arrakasta 1969an iritsi zitzaion, Mr. Symarip izenpean: Skinhead Moonstomp albumeko 7 milioi kopia baino gehiago saldu zituen, eta lana inoiz ez dute katalogotik atera. Roy Ellis aitzindaria izan da reggae-erritmoak Erresuma Batuan eta Europan sartzen. Azken diskoan (The boss is back) hamabi abesti aurkeztu zituen reggae-, soul- eta ska-doinuez blai.

Lee Fields eta Michelle David 
Irailaren 14an Michelle David igoko da agertokira. New Yorkekoa ozeanoz bestaldeko soul- eta gospel-ahots handietako bat da, eta Diana Ross eta Michael Bolton izarrekin egin du lan, besteak beste. Onno Smit eta Paul Willemsen kideekin batera, bolada bat darama gospel-musikaren jatorrien bila, soul- eta R&B-musikaren haritik tiraka. Bilaketaren emaitza hiru album izan dira; horietako azkena, Michelle David & The Gospel Sessions 3 albuma, Iruñean aurkeztuko da. Funka eta soula badaude, baina baita afrobeata eta cumbia ere, bihotza elikatu eta arima baretzen duena.

Lee Fields souleko mito bat da, nerabe zelarik Ipar Karolinan (AEB) hasitako ibilbidean egun une arrakastatsuen eta emankorrenean dagoena. Baina beti ez zen horrela izan. Fields artistari berandu aintzatetsi zaio egindako lana. Behin, 80ko hamarkadan, ia amore eman zuen. Baina orain, arrakasta ukaezina duenean, horren zaporea gazi-geza da, izan ere, Bradley eta Jones adiskide maitatuak joanak baitira, Fieldsi ondarea aurrera eramaten utzita. Lee Fieldsen musika denboraz kanpokoa da, betikotasun-haloa duena, eta musika-tradizio hori ederki jasotzen da azken diskoan –It Rains Love (Big Crown)–, non bere emozioak zintzotasunez, egiaz eta, noski, maitasun handiz adierazten baititu.

Zinema, Filmotekan; liburu bat eta erakusketa bat, Kondestablen
Aurten Beltza Weekend jaialdirako beste jarduera batzuk programatu dira, musika beltza delakoaren sekretuak beste gune batzuetan izan daitezen, jendeak aurkitzeko. Programazioari ostegun honetan emanen dio hasiera film batek, Nafarroako filmotekan izango den zinema-zikloko bi filmetako lehenak. The Commitments film luzea 20:00etan hasiko da –3 euroko sarrera duela--; 1991koa da, eta Dublinen (Irlanda) sortutako soul-talde bat du ardatz. Datorren astean, irailaren 10ean, Northern Soul filma ikusten ahalko da; hori ere, 20:00etan –eta 3 euroko sarrera duela–. 2014koa da, eta 60ko hamarkadan girotuta dago: bi lagunek, soul-musika aurkitutakoan, beren ortzi-muga zabalduko dute.

Irailaren 13an –ostiralarekin–, 19:30ean, El Hechizo del Groove liburua aurkeztuko da Kondestablearen jauregian. Egileak, Jaime Bajo Gonzálezek, groove estiloaren bihotzerako bidea egin du idazlanean, itxura eta edukia eman dizkioten bi protagonista handien ahotan. Groovea Afrikako sustraiak dituen musika-erritmoa da. El hechizo del Groove liburuak groove-musikaren funtsezko hogei pertsonaia gonbidatzen ditu irakurleari bizitza-ikasgai baliagarriak irakastera, esaterako hauek: Irma Thomas, George Clinton (Parliament-Funkadelic), The Impressions, Rubén Blades, Roy Ellis (Symarip), Benny Golson eta Mulatu Astatke. 

Aurkezpena erakusketa bat izanen du osagai Kondestablen; Alacanteko Jaume Mira i Carbonell margolariak egindako hogei pieza paregabeak daude ikusgai, liburuan elkarrizketatutako hogei artisten isla direlarik. Margolan guztiak olioz eta/edo akrilikoz egin dira 51 x 60 cm-ko oholtxoetan; markoa eta guzti, hor daude nahi duenarentzat salgai. Erakusketa irailaren 14a arte bisitatzen ahalko da.

Beltza Weekend kalera atera da
Musikak, Zentrala ez ezik, kalea ere izanen du agertoki, Media Luna parkea, zehazki. Irailaren 12an –ostegunarekin–, 20:00etan, Iruñeko Las Kassettes taldeak joko du; eta irailean bertan salgai egonen den ¡Qué duro es veranear! EP berria aurkezteko aprobetxatuko du.Halaber, egile eta taldeen klasikoen bertsioetako batzuk ere aurkeztuko ditu, hauenak, adibidez: Mickey Lee Lane, Annette Funicello, los Temblooores, Karatekas, Beach Boys.
 
Irailaren 14an –larunbatarekin–, 13:00etan, The Allnighters taldeak ere joko du, oraindik zehaztu gabeko leku batean; R&B, soul eta bestelako musika beltzaren berotasunean sortutako euskal talde handietako bat da. Zuzenekoak eragin guztiak jasotzen ditu: harmonikaz lagundutako 50eko boogie-a, 70eko pub-rocka, 60ko soula eta R&B “coolena”. Gasteiztar horiek 1988an bildu ziren, eta, urte batzuk desagertuta eman ondoren, jatorrizko taldean berrelkartu ziren, Igu García Uriarte abeslari eta harmonika-jotzailea buru.

Jaialdiak haurrak ere erakarri nahi ditu, izan ere, musika hizkuntza unibertsala baita. Larunbaterako –12:00etan–, Kondestable Civivoxean La música de Braulia lantegi berezia prestatu da, bertaratutako haurrek musika entzun, ongi pasatu eta, aldi berean, irakurri ahala ikasteko. Brauliak, erraldoiak, ekitaldi ofizialetan jotak, baltsak, karrika-dantzak eta abar dantzatzen ditu, dultzaina eta danborraren erritmora. Baina protokolotik kanpo, arima, arima handia, duen musika atsegin du biziki. Lantegia doan da.

Azkenik, irailaren 12, 13 eta 14an, arratsaldez eta gauez, Alde Zaharreko hainbat lokaletan –esaterako, Nébula eta La Urbana– DJ-saioak izanen dira, horrela jaialdiaren eremua zabaldu eta entzule berriengana hurbiltzeko. 

Irudia