Sonakay eta Tomasito protagonista izanen dira aste honen bukaeran Urdánoz multzoan eginen den Etxabakoitz sutan udal-ziklo berrian. Sonakay-ko kideek flamenkoari eta euskarari buruzko mahai-inguruan hartuko dute parte abuztuaren 16an, ostiralarekin; eta jarraian kontzertua emanen dute. Tomasitoren emanaldia hurrengo egunean izanen da, 17an, larunbatarekin, eta aurretik maisu-eskola emanen du: flamenko-konpasari buruzko hastapenak. Jarduera guztietan sarrera librea da.
Sonakay, ijito zein euskal sustrai sakonak dauzkan talde donostiarra ostiralean iritsiko da Etxabakoitzera, 20:00etan Denontzat diskoa aurkezteko. Euskarazko kantu flamenkoko kontzertua eskainiko du, Mikel Laboa, Benito Lertxundi eta Urkoren bertsioak eta bereak diren abestiak uztartuta. Taldearen bisitaldia baliatuz, kideekiko mahai-ingurua antolatu da, flamenkoari eta euskarari buruz; bertan, lehen diskorako burutu zuten sormen-prozesua eta flamenkoko eta euskal sustraien artean egin zuten uztarketa azalduko dituzte. Topaketan bertoko artistek ere hartuko dute parte, eta beren esperientziak kontatu.
Sonakay-ren hasierako kideek 2009an izan zuten estreinaldia, Ijitoen Nazioarteko Egunaren kariaz. Beste talde batzuetan eskarmentu handia zuten musikariek osatutako taldea 2015ean hasi zen euskal musikaren historiako abesti ezagunetarako bertsioak sortzen. Hasierako taldean honako hauek ziren kideak: Jonatan Camacho “Yony” (ahotsa), David Escudero (1. Gitarra), Ramón Vélez (2. gitarra), José Luis Jiménez (baxua) eta David Bernárdez (perkusioa). 2018an telebistako Got Talent saioan ospetsu bihurtu ziren. Urte horretan bertan batu ziren taldera Lara Mitxelena eta Gema Inés Murillo txalapartariak eta Miriam Solís abeslaria. Telebistako beste saio batzuetan, hainbat jaialditan eta bestelako kultur programazioetan aritu dira.
Tomasito: flamenkoaren eta pop, rock eta funkyaren arteko uztarketa
Hurrengo egunean Tomasito igoko da agertokira, 20:00etan ere bai. Aurretik, 17:00etan, flamenko-konpasari buruzko hastapen-lantegia emanen du. Tomasito: ciudadano gitano kontzertuan flamenko-kantariaren ibilbide luzeko errepertorioaren onenak izanen dira entzungai; duela bi hamarkada baino gehiago hasi zuen ibilbide hori, eta flamenkoaren ohiko doinuak pop, rock eta are hip hop edo funkyarekin uztartzearen aldeko apustua egin zuen. 14 urte zituela, jada, kontzertuetan parte hartzen hasi zen Madrilen, flamenko-munduko artistei lagunduz. Gero, hainbat proiektu abiatu ditu, zenbait artistarekin, esaterako, honako hauekin: Ketama, Kiko Veneno, Muchachito Bombo Infierno, Los Delinqüenteseko Marcos del Ojo ‘El Canijo’ eta Diego Pozo ‘El Ratón’, La Cabra Mecánicako Lichis eta Albert Pla. Halaber, Jorge Pardo, Pastora Soler, Chano Domínguez, Rosendo eta Navajita Plateá ere izan ditu lankide.
Ibaiertzean programa abiapuntu hartuta, iaz auzoarekin egindako lanaren emaitza da Etxabakoitz sutan ziklo berria. Kultur programazioko eskaria ikusi zen, bereziki flamenkorako. Abian jartzeko, Udala Flamenco On Firerekin elkarlanean aritu da, zeinak diseinuan parte hartu baitu.
ETXABAKOITZ SUTAN. URDANOZ MULTZOA
- Abuztuak 16. Flamenkoari eta euskarari buruzko mahai-ingurua. 17:00.
- Abuztuak 16. Sonakay Denontzat. 20:00.
- Abuztuak 17. Flamenko-konpasari buruzko hastapen-lantegia, Tomasitoren eskutik. 17:00.
- Abuztuak 17. Tomasito: ciudadano gitano. 20:00.