Enplegu-prestakuntzako eta gizarte-enpleguko programek beren ezagutzak, trebeziak eta tresnak jarri dituzte segurtasunaren zerbitzura, alarma-egoeran, modu koordinatuan, COVID-19aren kontrako borrokan urruntze soziala bete dadin laguntzeko. Udalaren lantalde horiek Nafarroako Gobernuko finantziazioa jasotzen dute, Nafarroako Enplegu Zerbitzua-Nafar Lansare eta Gizarte Eskubideetako Departamentuaren bidez.
Arantzadi Prestakuntza Zentroaren pean dago Iruñeko Udaleko Soldatze Eskola Lantegia, eta bertako begiraleak Jesus eta Maria aterpetxearen patioan paratuko diren kaiola funtzioaniztunak diseinatzen ari dira, haietan hartzeko konfinamenduak iraun bitarte zentro horretan ostatu hartuta daudenen maskotak, lagun egiteko txakurrak, nagusiki. Alarma-egoerari buru ematen zaionean, egitura horiek bizikletetarako ontzi seguru gisa erabiltzen ahalko dira ere. Fabrikazio-prozesuan, Gizarte Enplegu Babestuko Soldadurako langileek eta Landaben Prestakuntza Zentroko Altzariak muntatzeko eta egurra eraldatzeko Lantegi Eskolakoek ere parte hartuko dute.
Halaber, Soldatze Eskola Lantegian prestatu dute non-touch gailuen diseinua, altzairuzko hagatxoz eta gomazko tutu eta tapoiz eginak. Soldadurako lantaldeko peoiak ari dira dagoeneko horiek fabrikatzen, eta 500etik gora egitea aurreikusi dute. Kontzepzio errazeko diseinu propioa sortu dute, azkar fabrikatzeko modukoa; izan ere, kalkulatu dute horietako bakoitza egiteko 4 minutu beharko direla printzipioz. Erabilera seguruko elementu bat da, gailua fabrikatzeko hautatu dituzten materialak egokiak direlako desinfekzio erabatekorako, eta hura garbitu ostean ez dituelako galtzen gailua zertarako diseinu den eta horretarako ezaugarriak eta funtzioak. Non-touch gailu bakoitzaren kostua 0,66 euro da.
Lehenengo fase batean, aurrez aurreko lanetan jarduten duten Gizarte Zerbitzuetako Alorreko udal-langileei banatzeko prestatzen ari dira gailuok, bai eta alor horretako onuradunei eta hirugarren sektoreko elkarte zein entitateei ere.